Prentsa Aretoa

2022/10/14

“Gatazka-politikaren aurrean lankidetza-politika” aldarrikatu du Ortuzarrek Erroman

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Euskadiko politikagintza goraipatu du Europako Alderdi Demokratak gaur Italiako hiriburuan egin duen Kongresuan. Bertaraino bidaiatu da EAJ-PNVren ordezkaritza zabal bat

rss Ezagutzera eman
“Gatazka-politikaren aurrean lankidetza-politika” aldarrikatu du Ortuzarrek Erroman

ARGAZKIA JAITSI

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta Europako Alderdi Demokrataren (PDE) presidenteorde exekutibo Andoni Ortuzarrek Erroman defendatu du gaur “politika eta demokrazia direla arazoak konpontzeko biderik onena” eta aldarrikatu du “lankidetza bidezko politikagintza, EAJk horrenbeste atsegin duen politika, guk praktikatzen duguna, lehenengo eta behin etxe barruan, Euskadin, gainerako indar politikoei herri akordioak eskainiz eta, ondoren, Estatuko Gobernuari gure eskua luzatuz Aurrekontu batzuk negoziatzeko”. Politika egiteko molde hori defendatu du Ortuzarrek “Madrilen eta Espainian horren gustuko duten gatazka-politikaren aurrean“. EAJ-PNVk Erromara bidali duen ordezkaritza zabalaren buru izan da Ortuzar PDEk Italiako hiriburuan egin duen Kongresuan parte hartuz. Gainerako ordezkariak izan dira Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako; Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuan EAJren ordezkari eta diputatu dena; eta PDEren idazkari nagusi José Mari Etxebarria. Halaber, EAJ-PNVko lau alkate Italiako hiriburura bidaiatu dira gaur bertan PDEren Kongresuaren baitan egin den Alkateen Gailurrean, zeinetan Europako toki agintariek udal kudeaketaren oraingo arazoak aztertzeaz gain etorkizuneko erronkak jorratu baitituzte. Euskadiko ordezkaritza osatu dute Juan Mari Aburtok (Bilbo), Amaia Agirrek (Getxo), María Ubarretxenak (Arrasate) eta Ander Añibarrok (Laudio). 20 herrialdetako 30etik gora alderdiren ordezkari joan dira PDEren urteroko topaketarik esanguratsuenera. Batzarra Auditorium della Conciliazione izenekoan egin da, Vatikano hiritik 500 metrora.

Ortuzarrek nabarmendu du horrenbeste alderdi gaur Erroman elkartu izanak erakusten “Europa sendoagoa eta bidezkoagoa behar dugula azpimarratzeaz gain, politikagintza eta demokrazia aldarrikatzeko balio duela, arazoak konpontzeko biderik onena diren aldetik. Gatazka-politikaren aurrean, Madrilen eta Espainian horren atsegin dutena, gaur hemen aldarrikatu dugu lankidetzaren bidez eginiko politika, EAJk horrenbeste atsegin duena, guk praktikatzen duguna, lehenengo eta behin etxe barruan, Euskadin, gainerako indar politikoei herri akordioak eskainiz, eta ondoren Estatuko Gobernuari gure eskua luzatuz Aurrekontuak negoziatu behar direnean”. Madrilen aurrekontuen inguruan egin beharreko negoziaketari buruz, hain zuzen, Ortuzarrek baieztatu du negoziaketaren aurrean EAJ-PNVren xedea dela “Espainiako Estatua familia askok bizi duten ziurgabetasun egoeratik eta egoera ekonomiko latzetik atera dezaketen aurrekontuak ateratzea”. “EAJren eskuak luzatuta jarraituko du”, bermatu du, “baina behar duguna da beste aldean borondate politikoa egotea elkarlanerako eta ez gatazkarako. Zoritxarrez, Espainiako politikak gehiegitan egiten du gatazkaren alde, behar dena elkarlana den arren. EAJ ez dute gatazkan aurkituko; bai, ordea, lankidetzan eta elkarlanean”, amaitu du.