Prentsa Aretoa

2022/05/18

Urkullu Lehendakariak iragarri du hilean 200 euroko zuzeneko laguntza emango duela ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte

Erronka demografikoak arriskuak eta mehatxuak dituela onartzen du, baina giza garapen iraunkorrerako dugun ereduan sakontzeko aukera bikaina ere eskaintzen du, "Belaunaldi gazteenei aukera gehiago eta hobeak irekiz"

rss Ezagutzera eman
Urkullu Lehendakariak iragarri du hilean 200 euroko zuzeneko laguntza emango duela ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak Osoko Bilkura Monografikoa eskaini die hamarkada batez indarrean egongo den Estrategia Demografikoaren lehentasun eta ekimen garrantzitsuenei. Osoko Bilkura horren esparruan, Iñigo Urkullu lehendakariak egoeraren diagnostiko orokorra egin du, legegintzaldiaren hasieratik egindako lana laburbildu du eta erronka demografikoari aurre egiteko proposamen berriak aurreratzeko aprobetxatu du.

Euskadi, Espainiako Estatuarekin eta Italiarekin batera, jaiotza-tasarik baxuenak  dituzten Europako herrialdeen artean dago. Iñigo Urkulluren iritziz, ikuspegi hori problematikoa da, zalantzarik gabe, baina aukera-alderdia ere badu. “Aukera egokia da berrikuntza indartzeko, barneko eta kanpoko lankidetza bultzatzeko eta gure giza garapen iraunkorraren ereduan sakontzeko; horren bidez, belaunaldi gazteenei aukera gehiago eta hobeak irekiz”, adierazi du.

Hala, adierazi du Euskadin erronka demografikoak Eusko Jaurlaritzak planteatu duen estrategia egituratzen duten bost ardatz nagusitan jarduteko beharra adierazten duela: gazteen emantzipazioa; familia-proiektuen eraikuntza; adinekoen bizitza autonomo eta osoa; migrazio-gizarteratzea; eta landa-eremuen balioa handitzea.

Diagnostiko orokorra

Lehendakariak, bere hitzaldian, aitortu du Euskadiko egoera demografikoa ez dela ona, Estatuan edo Europar Batasun osoan bezala. Euskadin, jaiotza-tasaren jaitsierak, emantzipazio berantiarrak, amatasunaren adina atzeratzeak eta bizi-itxaropen handiagoak biztanleriaren zahartzea ekarri dute.

Kultura- eta pentsamolde-aldaketa progresibo batek, gainera, lehentasunen eskala aldatu zuen eremu pertsonaleko, profesionaleko edo familiako bizitza-proiektuen garapenean. Ildo horretan, Urkulluk esan du errealitate berri horri mesede egin diotela argi eta garbi positiboak diren arrazoiengatik. «Emakumeek amatasunari buruz erabakitzeko duten eskubidea aitortzeaz, lan-merkatuan gehiago sartzeaz eta bizitza publikoan parte hartzeaz ari naiz. Osasunerako eskubidearen, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen unibertsalizazioaz ere ari naiz”, zehaztu du. Horrek guztiak aukera eman du erabaki indibidualak hartzeko kontzientzia izateko, oinordetzan jasotako ohitura sozial eta kulturalen gainetik. 

Faktoreen multzo horren ondorioz, jaiotza-tasak beherakada bortitza izan du Euskadin, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan baino handiagoa. 

Euskal gazteen batez besteko emantzipazio-adina 30,2 urtekoa da, nahiz eta 18 eta 29 urte bitartekoek uste izan emantzipazio-adin aproposa 24 urte eta erdi dela. Gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak funtsezko faktoreak dira familia-proiektuen eraikuntza atzeratzeko eta lehen semea edo alaba izateko adina atzeratzeko. Errealitate horrek, era berean, eragina du jaiotza-tasaren datu baxuetan, eta zaildu egiten du biztanleria ordeztea, bai lan-merkatuaren beharrei erantzuteko, bai belaunaldien arteko elkartasun-sistemei eusteko. EAEko emakumeek lehen semea edo alaba izateko batez besteko adina 32,6 urtekoa da; Europako batez besteko adina, berriz, 29,2koa da.

Egindako lanaren laburpena

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak 2030erako euskal estrategia bat landu eta bultzatu du arlo horretan, sailen, erakundeen eta gizartearen artekoa.

2021eko hasieratik, Jaurlaritzak sailen arteko lan-prozesu bat bultzatu zuen, ekainera arte luzatu zena. Une horretatik aurrera, prozesua foru-aldundiekin partekatu zen. Bigarren zati hori 2021eko azarora arte luzatu zen. Abenduaren 14an, atera zen lan-dokumentua Gobernu Kontseiluetan aurkeztu zen, bai foru-aldundian, bai Eusko Jaurlaritzan, eta Legebiltzarrera eraman zen.

Lehendakariaren arabera, eztabaida monografiko hau aukera ona da iazko urtearen amaieran irekitako parte-hartze prozesua osatzeko. “Gure aurreikuspena da, gaurko ekarpenak ezagutu ondoren, horiek baloratzea eta Estrategiaren proposamenean txertatzea”, gaineratu du. 

Helburua da erakunde arteko estrategia honek ekain honetan behin betiko onespena izatea euskal erakundeetan.

Erronka demografikoaren euskal estrategiaren 2030eko ikuspegia

Dokumentuan, batetik, abian diren eta oraindik ere sakondu behar diren ekimenak identifikatu ziren; eta, bestetik, demografiaren gainbeheran joera-aldaketa ahalbidetzeko egituratu behar direnak. 

Hala, Lehendakariak ekimen berrietako batzuk aurkeztu ditu, eta lau proposamen nabarmendu ditu:

  • Lehenengoa. 200 euroko laguntza zuzena hilean ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte.
  • Bigarrena. Gazteentzako ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako epe luzeko mailegu subsidiatu edo interesik gabeko eta itzulketako programak prestatzea.
  • Hirugarrena. Doakotasuna bermatzea 0-2 urteko etapan, Haurreskolen Partzuergoa indartuz.
  • Laugarrena. Arauetan, estrategietan, planetan edo inbertsio-programetan ikuspegi demografikoa txertatzea.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du laguntza-sistema iraunkor eta etengabe bat sustatzea dela apustua, aldeko baldintzen esparrua sortuko duena, bai emantzipaziorako, bai familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten, nahi dutenean.

“Laburbilduz, estrategia honen lehen helburua emantzipazio-adinean eta jaiotza-tasetan joera negatiboa aldatzea da, susperraldi demografiko batera igarotzeko. Bigarrena da joera-aldaketa hori bultzatzen duten jarduerak iraunkorrak eta izatea ibilbide luzean ere”, adierazi du.

Iturria: Irekia