Prentsa Aretoa

2022/04/22

Birziklatzeko gaikako bilketaren tasak gora egin du Bizkaian, eta %51,2ra heldu da

Gorakada honen eragileetako bat hondakin organikoen bilketan gertatu den igoera izan da. Izan ere, azken urteetan bezala, 2021ean aurreko urtean baino hondakin organiko gehiago bildu da.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero biltzen dituen datuen arabera, joan den urtean birziklatzeko gaikako bilketak gora egin du berriz ere, eta %51,2ra heldu da. Tasa hori aurreko urtekoa baino 1,72 puntu handiagoa da eta 2019koa baino hamarren batzuk handiagoa. Izan ere, 2019an lehenengoz gainditu zen Foru Aldundiak Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II Planean ezarritako helburua: hondakinen % 50 gaika biltzea.

Gorakada honen eragileetako bat hondakin organikoen bilketan gertatu den igoera izan da. Izan ere, azken urteetan bezala, 2021ean aurreko urtean baino hondakin organiko gehiago bildu da: 2020an % 2,37 (13.737 tona) eta 2021ean % 2,8 (16.603 tona). Termino absolutuetan, beraz, hazkunde hori % 21ekoa da 2020koarekin alderatuta, eta hori arrazoi honegatik izango da, seguruenik: iazko apiriletik aurrera, landare-jatorriko hondakinez gainera, edukiontzi marroian haragi eta arrain hondakinak, gordinak edo kozinatuak, itsaskiak, arrautzak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta bota daitezkeelako.

Ontzi arinen bilketaren kopurua 2020. urtekoaren oso antzekoa izan da: iaz 21.532 tona bildu ziren eta 2020an 21.443 tona. Ohi bezala, gehien bildu diren hondakinak paper-kartoizkoak eta beirazkoak izan dira. 2020an aurreko urtean baino 578 tona paper-kartoi gehiago bildu dira, guztira 84.632 tona. Beirazko hondakinen bilketan gehikuntza askoz handiagoa izan da: 2019an baino 2.066 tona gehiago, guztira 27.782 tona.

Iaz 2020an baino % 3 hondakin gehiago sortu dira. Nolanahi ere, kontuan eduki behar da 2020an egoera ezohikoa izan zela, pandemiak  izugarrizko eragina izan baitzuen hondakinak sortzen dituzten azturetan eta jardueretan. Dena den, 2021ean 638.441 tona hondakin sortu ziren, 2019. urtean (648.164 tona) eta 2018an (646.725 tona ) baino gutxiago. Beraz, adierazle honek ere joera positiboa islatzen du, baldin eta kontuan hartzen baditugu konfinamenduak eta pandemiaren ondorioek ekarri zituzten aparteko inguruabarrak izan ez ziren urteak.

ITURRIA: BFA