Prentsa Aretoa

2022/04/12

Bizkaiak gerakinetako 270 milioi inbertituko ditu proiektu estrategikoetan

Unai Rementeriak adierazi du Aldundiaren diruzaintzako gerakinekin finantzatuko direla metroa Galdakaora iristeko lanak edo La Avanzada Leioan estaltzeko lanak, eta 150 milioi euro inguru gordeko direla egoera ekonomikoari aurre egiteko laguntza-planak aplikatzeko beharko balira

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak foru administrazioaren 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren behin-behineko likidazioa onetsi du. Horren arabera diruzaintzako gerakinetan 419,7 milioi euro daude. Kopuru horren bi heren (269,3 milioi euro) Bizkairako estrategikoak diren inbertsioak finantzatzeko erabiliko dira. Diputatu nagusi Unai Rementeriak adierazi du gerakinak horretarako erabiliz datozen ekitaldietan amaitu beharreko proiektu estrategiko batzuk bermatuko direla, esaterako Metroa Galdakaora zabaltzea eta La Avanzada Leioan estaltzea. Gainera, herritarrak zaintzeko inbertsioak egingo dira: adinekoen egoitzak hobetuko dira eta gizarte-bazterketan dauden pertsonentzako etxebizitzak erosiko dira. Lehen sektorerako laguntzak ere emango dira.

Zuhurtzia gidari hartuta, eta gaur egungo egoera ekonomikoa eta zalantza-giro orokorra kontuan edukita, Unai Rementeriak esan du gainerako kopurua, 150 milioi euro, gorde egingo dela, laguntza plan edo ekintza bereziren bat abian ipini edo orain aurreikusita ez dagoen aparteko gasturen bat egin beharko balitz ere.

Inbertsioak

Diruzaintzako gerakinekin honako inbertsio hauek finantzatuko dira:

  • Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera iristea eta Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko lineekin lotzea: 180 milioi euro.
  • La Avanzada Leioan estaltzea: 65 milioi euro.
  • Lezama, Arratia eta Uribeko bide zaharreko bide berde berriak eraikitzea: 2 milioi euro.
  • Foru egoitzak eraberritzea adinekoen elkarbizitza-unitateen eredu berriaren arabera: 8,7 milioi euro. Kopuru horretatik, 7,2 milioi Leioako foru egoitzan inbertituko dira eta 1,5 milioi Elorrioko foru egoitzan.
  • Bazterketan dauden pertsonei laguntzeko etxebizitzak erostea: 8 milioi euro.
  • Lehen sektorerako neurriak: 1,5 milioi euro aurrez aurreko plan baterako eta 1,5 milioi euro baso-laguntzen eta efizientzia energetikoa hobetzeko plan baterako.
  •  Mendiak erostea eta baso-espezie autoktonoak landatzea naturaguneak hobetzeko: 2,6 milioi euro.

2021eko aurrekontuaren likidazioa

Foru Aldundiak dauzkan gerakinetako 419,7 milioiak aurreko urteetako ekitaldietako diruzaintzako gerakinen eta 2021eko ekitaldiko kontabilitateko emaitzaren batura dira.

Unai Rementeriak azaldu duenaren arabera, joan den ekitaldian bildutako dirua (8.136,1 M€) aurrekontuan ezarritakoa baino (7.341,6 M€) % 10,8 gehiago izan da. Beste alde batetik, aurrekontuaren % 97,74 gauzatu zen.

ITURRIA: BFA