Prentsa Aretoa

2022/04/05

Itsasadarraren azpiko tunelek mugarri berria bete dute Artatza eta Ballontiko biribilguneen loturen diseinuarekin

Azpiegitura hori, Supersur, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasearekin batera, Arrontegiko zubiaren sarerik ezari aurre eginez pilaketak eta zaurgarritasuna murrizteko konponbide integralaren parte da. Arrontegin, batez beste, egunean 155.000 ibilgailuk zeharkatzen dute A8, Avanzada eta Txorierri arteko igarobideetan.

rss Ezagutzera eman
Itsasadarraren azpiko tunelek mugarri berria bete dute Artatza eta Ballontiko biribilguneen loturen diseinuarekin

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko urratsak ematen jarraitzen du eta gaur Artatza eta Ballontiko biribilguneen arteko ibai azpiko 3.037 metroko azpiegitura lotuko duten loturetarako aukeratutako konponbideak aurkeztu ditu. Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, azaldu duenez, loturen diseinua mugarri garrantzitsua da, milaka gidarik egunero egingo dituzten mugimenduak zehazten dituelako. Loturak eta horien funtzionaltasuna azpiegitura hau arrakastaz erabiltzeko oinarria dira.

Maila eta garrantzi horretako azpiegitura bat eraikitzeko proiektua idazteak aurretik azterlan ugari egitea eskatzen du, hainbat alternatiba aztertzea, lurpean laginak hartzea eta miaketak egitea, trafikoaren mikrosimulazioak egitea, eta abar. Azken batean, erabaki asko hartu behar dira obrak hasi aurretik, segurtasun handieneko baldintzetan trazadurarik onena eta lotunerik egokienak aukeratu direla bermatzeko, eraikuntza-metodorik egokiena eta eraginkorrena identifikatzeko, ingurumen-inpaktuak minimizatuko dituen proiektu bat egiteko eta eraikitzeko garaian egon litezkeen ustekabeak ahalik eta gehien mugatzeko, azaldu du diputatuak.

Imanol Pradalesek gogorarazi du proiektua idazteko fasean dagoela orain: lizitazioa 2020ko irailean egin zen 10,5 milioi euroko zenbatekoan (BEZa barne) eta kalkuluen arabera 2023ko udan amaituta egongo da. Une horretatik aurrera obra lizitatu beharko da eta, ondoren, itsasadarraren bi ertzak Artatza eta Ballontiko biribilguneen artean lotuko dituen ibaiaren azpiko eraikuntza abiaraziko litzateke. Obren iraupenari dagokionez 4 urte ingurukoa izango da eta 400 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da, laburbildu du.

Artatza eta Ballontiko loturen deskribapena

Ibai-azpiko tunela lotuko duten eta itsasadarraren bi ertzetan, Artatzako biribilgunean eta Ballontiko ardatzean, zirkulazioak antolatuko dituzten loturetarako konponbidea aukeratzeko hilabeteetako azterketa eta lana egin behar izan da. Diputatuak azaldu duenez, 30 alternatiba baino gehiago alderatu dira bi lotuneetan, optimoak aurkitzeko. Eta konparaziozko analisi horiek egiteko trafikoen simulazioak egin dira puntako orduetan 2028an, zerbitzuan jartzeko aurreikusitako urtean, eta ondorengo urteetan.

Bi lotuneetan diseinu-irizpide nagusiak honako hauek izan dira: inguruneko ardatz nagusi guztietatik ahalik eta irisgarritasun handiena bermatzea; ingurunearen gaineko eragina minimizatzea, bereziki espazio hauskor edo zaurgarrienetan (parkeak, eskolak edo berdeguneak); eta azpiegitura berriaren gaitasuna ziurtatzea etorkizuneko eskari-hazkundeen aurrean.

Eskuinaldeko lotura

Eskuinaldeko lotuneak aukera ematen du Getxo eta Leioa artean Artatzako Biribilgunean elkartzen diren hiru ardatz nagusiak itsasadarraren azpiko tunelekin lotzeko. Hiru ardatzok hauek dira: Avanzadako errepidea Bilbotik; Uribe Kostako korridorea eta Avanzadako errepidearen luzapena Zugazarterantz (Getxo).

Artatzako biribilgunearen azpitik lurperatuta doan errei baten sarrera- edo irteera-adarren bidez egiten da konexioa. Horrela, ardatz nagusiek tunelarekin dituzten konexio guztiak zuzenak dira, eta horrek beste lotura-konfigurazio batzuetatik erator daitezkeen kapazitate-arazoak saihesten ditu.

Tunelaren irteerek honako konfigurazio hauek dituzte:

  • Avanzadarako irteeran lurpeko zati edo adar bat eraikiko da Avanzadaren alboko bidearen azpian, Bilborako noranzkoan. Hortik Leioara eta Avanzadako tunelera irits daiteke, maldan dagoen zati batean zerupera atera ondoren.
  • Uribe Kostako Korridorerako irteeran, pasabide bat jarriko da gaur egun Artatzako Biribilguaren azpian dagoen azpiko pasabidearen azpitik eta hortik Berangorantz eta Algortarantz zirkulatu ahal izango da, korridorearen enborrean eratuko den lotura batekin.
  • Avanzadatik Zugazarte alderako luzapeneko irteeran lubaki bat ezarriko da egungo bidearen erdibidean, Avanzada eta Los Chopos hiribidearen luzapenaren bidegurutze batera iristen dena.

Beste alde batetik, tunelerako sarbideek honako konfigurazio hau dute:

  • Avanzadatik egongo den sarbidea eskuinaldetik ezartzen da, Leioatik enborrera doan sarreraren eta Artatza auzorako irteeraren artean.
  • Uribe Kostako Korridoretik ibai-azpiko azpiegiturara sartzeko dauden egiturak aprobetxatzen dira, eta sarrera zuzena egongo da biribilgunearen azpiko pasabidetik. Erabilerarik gabeko espazioa aprobetxatzen da.
  • Sarbidea Zugazartetik erdibitzailetik egiten da, eta gorago aipatutako ibai-azpiko tuneletik ateratzen den adarrarekin partekatzen du egitura.

Ezkerraldeko lotura

Itsasadarraren azpiko tunela Ezkerraldetik abiatuko da, A8 autobidea eta Ballontiko Ardatza gutxi gorabehera perpendikular dauden eremu batean; eremu hori, gainera, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearekin lotzeko puntua da.

Tunelaren irteerak honako hauek izango dira:

  • Ballontiko ardatzera irteera Nervaceroko biribilgunetik.
  • A8 autobidera  irteera, Bilborako noranzkoan, dagoen konexioaren bidez.
  • A8 autobidera  irteera, Ezkerraldea/Meatzaldea/Kantabria noranzkoan, lehendik dagoen konexiotik.
  • MHSra irteera, lehendik dagoen konexiotik.

Tunelerako sarbideei dagokienez:

  • Sarbidea Ballontiko ardatzetik, Galindoko biribilgunearen bidez.
  • Sarbidea A8tik, Bilborako noranzkoan, goi-egituran dagoen lotura baten bidez.
  • Sarbidea A8tik, Ezkerraldea/Meatzaldea/Kantabria noranzkoan, A8 eta Galindoko biribilgunea lotzen dituen konexiotik; konexio hori egokitu egin beharko da.
  • Sarbidea MHStik, lehendik dagoen konexiotik; lotune horrek A8 eta Galindoko biribilgunea lotzen ditu eta hori ere egokitu egin beharko da.

(*) Funtzionamendu egokia ziurtatzeko, Portugalete-Sestao eta Itsasadarraren azpikoa-Sestao trafikoak bertatik pasatzea ahalbidetzen duen egitura goratu bat proiektatu da, Galindoko biribilgunea saihestuz eta trafikoari dagokionez nabarmen deskargatuz.

Bizkaiko Saihesbide Nagusia. Soluzio integrala.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak Bizkaiko metropoli-eremuko bide-sarearen pilaketak eta zaurgarritasuna murrizteko irtenbide integralaren barruan kokatu du itsasadarraren azpiko azpiegituraren eraikuntza: Azpiegitura hori, Supersurraren bigarren fasearekin batera Bizkaia metropolitarreko saihesbide nagusia osatuko duena, Arrontegiko zubiaren alternatiba faltak eragindako arazoei aurre egiteko plan integral gisa diseinatu da. Egunero 155.000 ibilgailuk zeharkatzen dute batez beste Arrontegi, A8, Avanzada eta Txorierriko korridorearen arteko igarobideetan. Itsasadarraren saretze-ezaren ondorioz komunikazio-korapilo estrategiko hori oso ahula eta zaurgarria da eta, aldi berean, arazo horrengatik bi ertzak zeharkatzeko gain-ibilbideak egin behar dira. Gure ustez lanegunetan bataz  beste 51.000 ibilgailuk erabiliko dituzte tunelak eta 18.000 ibilgailu baino gehiago aterako dituzte Avanzadatik, 14.000 Max Centerreko zuzenbidetik eta 35.000 Arrontegiko zubitik zehaztu du.

ITURRIA: BFA