Prentsa Aretoa

2022/03/04

‘Gure irrintziak darrai‘, EAJ-PNVren goiburua M-8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunerako

Talde jeltzaleak bideo bat editatu du eta ekimen bat jarri du abian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna aldarrikatzeko eta Emakume Abertzale Batzak kausa feministari egin zion ekarpena goresteko. Emakume elkartearen mendeurrena aurten beteko da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

‘Gure irrintziak darrai’. Hori da EAJ-PNVk aukeratu duen aldarria M8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aldarrikapen honek dimentsio berezia hartuko du aurten, 2022an, ehun urte beteko direlako Emakume Abertzale Batza elkartea sortu zenetik. Euskal emakumeen lehen elkarte politikoa izan zen hau, 1922an EAJ-PNVren baitan sortu zena. Aitzindari haiek kausa feministari egin zioten ekarpena aldarrikatzea, “Alderdiaren baitan beren ahotsak entzuten jarraitzen dugula” eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna erreklamatzea dira Euskadiko lehen alderdi politikoak gaur ezagutzera eman den bideoaren eta ekimenaren helburuak. Aurkezpena Sabin Etxean egin du gaur Nerea Melgosak, Euzkadi Buru Batzarraren Berdintasun Arloko burukide arduradunak.

Melgosak baieztatu duenez EAJ-PNVk “mende luzea” darama berdintasuna, feminismoa eta aniztasuna babesten, eta misio horren barruan sartu du Emakume Abertzale Batzaren ekarpena, “Emakumeek osatutako talde hark bateratu zituen euskal emakumeek gizartean parte hartzeko zuten asmo eta gogoak; lan sozial eskerga egin zuen kulturgintzan, hezkuntzan, elkarteen esparruan eta euskararen normalkuntzan, eta aktibitate politiko etengabeari eutsi zion herrigintzan”.

Halaber, burukideak azaldu du tributu hori jaso nahi izan duela EAJ-PNVk M8rako editatu duen kartelean, non Haydée Aguirre aitzinari haietako baten irrintziak oihartzuna izan duen berdintasunerako bidean beren aztarna utzi duten emakumeengan: Maite Sáez de Olazagoitiarengandik hasita, 1980ko Euskal Hauteskundeetako lehenetariko hautetsi eta legebiltzarkidea (bost ziren emakumeak, eta lau jeltzaleak), Maialen Gurrutxagaraino, 2016an, 24 urte zituela, historiako eusko legebiltzarkiderik gazteena izan zeneraino. Talde bereran daude Izaskun Bilbao Barandica (Eusko Legebiltzarreko lehen presidente andrea), Itxaso Atutxa (Bizkai Buru Batzarraren lehen presidente andrea), Maria (Nafarroako Gobernuko lehen kontseilari andre jeltzalea) edo Lierni Abasolo (egun, Euzko Gaztedi-EGIko kide dena). Seiak agertzen dira EAJ-PNVk gaur ezagutzera eman duen bideoan non Karmele Erraztik, EAB- Emakume Abertzale Batzako kideak, 1922an eman zuen diskurtsoa irakurtzen duten.

Melgosak nabarmendu nahi izan du berdintasunaren aldeko borroka luze honetan, aste honetan bertan, Eusko Legebiltzarrean mugarri berri bat ezagutu dela, Eusko Legebiltzarrean Berdintasun Legearen aldarazpena onartzean. “2005ean Euskadi, Berdintasunerako lehen legea onartzean aitzindari bihurtu bazen, atzo, 17 urte geroago, berriro ere erreferente bihurtu ginen erreforma integrala bultzatzeko, emakumeak babesteko oinarri sendoagoa emango diguna eta giltzarri izango dena indarkeriaren kontra borrokatzeko, genero desberdintasunaren adierazpenik handiena den aldetik”, baieztatu du.

Amaitzeko, burukideak EAJ-PNVko emakumeak “baina baita alderdikide ez direnak” deitu nahi izan ditu EAJ-PNVk gaur aktibatu duen ekimenarekin bat egitera. Talde jeltzalearen proposamena da sare sozialetan argitaratzea M-8ko kartela non parte hartzaile bakoitzaren aurpegia Haydée Aguirreren eta EAJ-PNVko beste emakumeen ondoan txertatu ahal izango den, EABko aitzindari haien irrintziak EAJ-PNVren baitan eta Euskadi osoan entzuten jarraitzen dugula gogorarazteko.

Azalpen orria erantsita doa