Prentsa Aretoa
2021/09/29
EAJ-PNVk “Bizkaia hazi arazten” duten pertsonei entzuten jarraituko du, politika publikoak unean uneko beharrizanetara egokitzera begira
Jesús Lekerikabeaskoa Arrillagak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak batzarkide taldeko bozeramaileak, oposizioko taldeei txarretsi die duela urte bete jende aurrean egin zituzten lankidetza eskaintzak bete ez izana: “Hitz hutsetan geratu da dena, ez da inolako ekintzatan gauzatu”, kritikatu du.
Jesús Lekerikabeaskoa - 2021 Politika Orokorreko osokoa
MINTZALDIA - 2021/09/29
“Euzko Alderdi Jeltzaleak aurrera egiten jarraituko du, gizarte honekin eskuz esku, bere ondoan, Bizkaia egunez egun hazi arazten duten pertsonekin. Entzunez, sentituz, gure politika publikoak denok bizi garen errealitatera moldatuz”. Hala adierazi du Jesús Lekerikabeaskoa Arrillagak, Euzko Abertzaleak (EAb) taldeko bozeramaileak, Gernikako batzar etxean gaur Politika Orokorrari buruz egiten ari den osoko bilkuran hitza hartu duenean. Lekerikabeaskoak oposizioko taldeei hitz egin die eta azken hilabeteotako jarrera txarretsi die, hasiera batean jende aurrean Bizkaiko Foru Aldundiarekin kolaboratzeko borondatea adierazi zuten arren: “Iaz, berriro ere, hitz onak entzun genituen oposiziokoen aldetik. Baina horretan geratu ziren, hitz hutsetan. Ez ziren beste hitz eraginkorrago bihurtu: ekintza”.
Bozeramaileak era berean gogoratu duenez, pandemia amaierara heldu ez den arren, “iaz baino hobeto gaude”. Aldarrikatu duenez, azken hilabeteotan hartu diren erabakiak eta Aldundiak garatutako politikak laguntzen ari dira, apurka-apurka langabezia tasa murrizten eta datu eta aurreikuspen ekonomikoak hobetzen, hiritargoa, apurka-apurka ere, amesten dugun normaltasuna berreskuratzen ari den bitartean. “Ez gara autokonplazentzian eroriko. Asmatu egin dugu batzuetan eta huts egin dugu besteetan, baina inoiz ez diogu lan egiteari utzi pandemiaren ondorioak arintzen saiatzeko, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko eta bizkaitarren eguneroko bizimodua hobetzen jarraitzeko”, baieztatu du.
Ildo beretik, bozeramaile jeltzaleak berretsi du EAJ-PNVk, Bizkaian ere, eguneroko kudeaketa hobetzen lagunduko duten eta zerbitzu publikoak hobetzea xede izango duten jarduerak eta jarrerak sustatzen jarraituko duela. “Modernizazioa bultzatuko dugu eta tresna gehiago sortuko ditugu hiritarrengana hurbiltzen saiatzeko. Proiektu txikiak garatuko ditugu erronka handiekin. Hori da Bizkaia”. Eta hori dena “EAJ-PNVn dakigun bezala, elkarrizketan oinarri harturik eta lan eginez. Beti hiritarrei entzunez eta lan eginez beren aurreikuspenei erantzuteko eta beren beharrak betetzeko”, adierazi du.
Batzarkide jeltzalearen hitzetan, pandemiak “ez du dena aldatu”. “Batzuentzat, pandemia aurreko diskurtsoak, pandemia garaiko diskurtsoak eta, seguruenik, pandemia osteko diskurtsoak, berdin-berdinak izan dira, dira eta izango dira”. Iaz, Gernikako Ganberan, oposizioko taldeen aldetik kolaboratzeko eskaintza adierazi zen beren-beregi. Baina “azken hilabeteotan ‘ezetza arrazoi bakar duen ezetza” izan da erantzuna, bai eta ‘zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto’ ere. Baina uste dut jarrera horrek ez du inola ere hobetzen hiritargoaren eguneroko bizimodua eta ez diola gizarte honi mesede egiten”, deitoratu du Lekerikabeaskoak, “iomentua iristean, beti gertatzen da zerbait. Hiru adibide, hiru antzezpen eta emaitza bakarra. Ez duzue nahi EAJ-PNVren ondoan argazkian ateratzera eramango zaituztenik . Zer egingo diogu, bada”, gaitzetsi du.
OROIMENA ETA ESKER ONA
Jesús Lekerikabeaskoak txerazko hitzak esan ditu iazko martxotik hona Covid-19ak eraman dizkigun 2.560 pertsonentzat, eta besarkada bero eta estua bidali nahi izan die senide guztiei Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNVren legebiltzar talde osoaren izenean.
Bozeramaileak bereziki zoriondu nahi izan ditu Gizarte Ekintza saileko langile guztiak, nagusien egoitzetako langile guztiak eta azken hilabeteotan gure nagusiak maitasun osoz zaindu dituzten guztiak. “Zoriontzeko momentua da. Etxetik egin duzuenongandik hasita, egoitzetako langileok eta zelan edo halan zainketa horietan murgilduta zaudeten guztiok. Orain arte egindakoagatik guztiagatik, salaketa, kritika eta deskalifikazioen gainetik, gure esker onik zintzoena bozeramaile izateko ohorea dudan legebiltzar taldearen izenean”, esan du.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09