Prentsa Aretoa

2020/11/16

Bizkaiak N-634 errepidea hobetzen du Euba parean, 7,5 milioiko inbertsioarekin

Aldundiak N-634 errepidearen sarbideak berrantolatzen ditu Euba parean, eta Amorebieta-Etxanoko San Antonio herriguneko oinezkoen iragazkortasuna hobetzen du

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak N-634 errepidea hobetzen du Euba parean, 7,5 milioiko inbertsioarekin

ARGAZKIA JAITSI

Aldundiak N-634 errepideko 1,9 km-ko tartea  hobetuko  du Euba parean, 7,5 milioi euroko inbertsioarekin. Birmoldaketa 2021eko udaberrian hasiko da eta Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean, Euba auzoan, San Antonio herrigunean trenbidearen sarbideak hobetzea eta oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea izango da.

Obrek aukera emango dute eremuko istripu-tasa murrizteko eta oinezkoentzako bidea, egungo trazadura eta elkarguneetako ikuspena hobetzeko, bide-segurtasuna optimizatuz. Jarduketa integral hau egiteko Aldundiak N-634 errepidea hobetzeko lanak egingo ditu Euba parean, 87+500 eta 89+400 kilometro-puntuen artean. Aldi berean, foru erakundearekin sinatutako hitzarmena betez, Amorebieta-Etxanoko Udalak oinezkoentzako pasabide bat eraikiko du San Antonio herrigunean, N-634 errepideko 88+000 kilometro-puntuaren eta 88+300 kilometro-puntuaren artean.

N-634 errepideko sarbideak berrantolatzeko proiektu hau gauzatzeko Aldundiak BIM metodologia (Building Information Modelling) erabiliko du euskarri digital gisa. Horrela, lehen aldiz, bide-segurtasuneko proiektu birtual bat idatzi da, gauzatu beharreko obra 3Dn eraikitzen duena, informazio geometrikoarekin, trazadurarekin, zoruekin, drainatzeekin, egiturekin, eragindako zerbitzuekin, seinaleztapenarekin, balizekin eta defentsekin. Hau da, Eubako N-634 errepidearen obraren biki digital bat; horri esker, proiektuaren kalitate teknikoa eta obra osoaren konponbideak hobetu daitezke, teknikarien, laguntzaileen eta azpikontratisten arteko koordinazioa optimizatu daiteke, eta lanak egiteko arriskuak minimizatu.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak,  azpimarratu duenez, "Jarduketa multzo honekin Durangalderako enborreko errepidea den N-634 berri bat egiten ari gara, seguruagoa eta erosoagoa, Bizkaia osoarekiko lotura bermatuz". Andoni Agirrebeitiak, Amorebieta-Etxanoko alkateak,  beste alde batetik, honakoa nabarmendu du: "Albiste bikaina da Amorebieta-Etxanorentzat, oro har, eta San Antonio auzoarentzat, bereziki. Eskerrak eman nahi dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hartu duten konpromisoagatik eta erakutsi duten erabakitasunagatik, eta San Antonioko auzotarrei euren pazientzia eta lankidetzagatik".

N-634 errepidea Lehentasunezko Sareko elementua da, ibilbide luzeko bidaiak bideratzea baitu helburu; errepide hau AP-8 ordainpeko autobidearen ordezko irtenbide gisa erabiltzen da eta bere batez besteko intentsitatea egunean 20.600 ibilgailu ingurukoa da, eta horietatik %13,4 ibilgailu astunak dira.

N-634 errepideko sarbideak berrantolatzea

Jarduketa honen helburua da N-634 errepidearen bide-segurtasuna hobetzea Euba zeharkatzen duen tartean; hori N-634 foru errepidearen 1,9 km-ko tartean, 87+500 kilometro-puntuaren eta 89+400 kilometro-puntuaren artean,  sarbideak berrantolatuz egingo da, ezkerrerako birak kentzeko irlatxoak sortuz eta dauden bidegurutzeetan bira-erradioak hobetuz. Errepidearen trazadura ere hobetuko da, bai oinplanoan bai altxaeran, eta peralteak hobetuko dira. Hala, jarduketa horren zenbatekoa 6.330.000 eurokoa da, eta 2021eko udaberrian hasiko da.

Gainera, sarbideak berrantolatu ahal izateko eta noranzko-aldaketak egiteko ibilgailuek behar dituzten ibilbide-denborak murriztu ahal izateko, biribilgune bat eraikiko da 88+040 kilometro-puntuan, trafikoa baretzeko elementu bat sortzeko eta enpresa-parkerako gaur egungo sarbiderako elkargunea ordezteko.

Beste alde batetik, Zubietako lotuneko adarren eta N-634 errepidearen arteko lotura hobetuko da, bidean zirkulatzen duten ibilgailuen sarbidea erraztuz eta segurtasuna bermatuz. Horretarako, azelerazio- eta dezelerazio-erreiak gehituko dira, eta trazadura hobetuko da.

Garraio publikoko geralekuak ere hobetuko dira eta badia egokiak eraikiko dira autobusak modu seguruan gelditzeko eta oinezkoentzako ibilbide jarraituak lortzeko, badia horietara segurtasunez irits daitezen.

Jarduketa hau osatzeko beste jarduketa batzuk egingo dira: seinale bertikalak eta horizontalak hobetzea, errepidea balizatzea, euste-sistemak jartzea, errepidearen drainatzea egokitzea, eta lehendik dagoen zorua sendotzea eta egokitzea.

Oinezkoentzako pasabidea

Enpresa-poligonoaren inguruan, San Antonio auzoko hiri-tartean, oinezkoen iragazkortasuna hobetuko da, poligonoaren eta errepidearen bi ertzetan dauden autobus-geltokien artean oinez doazen pertsonen segurtasuna bermatzeko. Hala, maila desberdineko oinezkoentzako pasabide bat jarriko da, alde bietan igogailuak izango dituena; halaber, oinezkoentzako ibilbideak eraikiko dira eta autobus-geraleku bat egokituko da.

Pasabidearen eraikuntza  2022an hasiko da eta 1.200.00 euroko aurrekontua izango du. Obra Amorebietako Udalak egingo du eta bi erakundeek finantzatuko dute.

Obraren aurrekariak

Birmoldaketa-lan hauek jarduketa zabalago baten parte dira. Jarduketa hori N-634 errepidearen 8 km-ko tarte baten egin da eta 16,2 milioi euroko inbertsioa behar izan du guztira errepide horren bide-segurtasuna hobetzeko. Errepide horretatik 20.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen dira egunean.

Foru Erakundeak 2020ko irailean hasi zituen N-634 errepidea hobetzeko lanak, Amorebietako eta Boroako poligonoaren artean, 92+300 eta 93+000 kilometro-puntuen artean, 526.000 euroko inbertsioarekin; helburua  tarte horren segurtasuna eta ikuspena indartzea izan da, bertatik sartzen direlako  N-634 errepidera  Donostiarako noranzkoan, AP-8tik eta Boroa industrialdetik datozen ibilgailuak.

N-634 errepidean, Iurreta parean, 81+000 kilometro-puntuaren (Iurretara sartzeko biribilgunea) eta 81+800 kilometro-puntuaren (AP-8 irteera) artean egindako jarduketan, Aldundiak zati horren zirkulazioa eremu hiritarrago batera egokitu zuen, ibilgailuen eta oinezkoen zeharkako iragazkortasuna erraztuz eta Iurreta eta Durango arteko konektibitatea hobetuz. Horrela, 2 biribilgune eta oinezkoentzako espaloiak eraiki ziren, N-634 errepidearen bi ertzak lotzea ahalbidetzen duen bidegorri bat, semaforoak hobetu ziren, autobus-markesinen instalazioa egin zen eta argiteria berritu zen, besteak beste. Iurretako tarte horretako N-634 errepidean 1.846.694 euroko inbertsioa egin zen, 2019ko erdialdetik 2020ko hasierara bitartean.

Maiatzean amaitu zen N-634 errepidean, Euba parean, sarbideak berrantolatzeko lanen bigarren fasea, eta 3,6 milioi euroko inbertsioa egin zen, 85+000 K.P.tik 87+500 K.P.ra bitarteko 2,5 km-ko tarteari zegokiona. Jarduketa horren bidez, ezkerrerako birak kendu ziren, eta noranzko-aldaketak eta biribilgune bat egin ziren.

Gainera, 2016an amaitu ziren Arriandi-Bernako sarbideak berrantolatzeko lanak, 82+300 kilometro-puntuaren eta 85+000 kilometro-puntuaren artean, ezkerretarako birak kenduz, sarrera eta irteera guztietan deflekzio-irlatxoak sortuz eta 84+000 kilometro-puntuan kokatutako noranzkoaren aldaketaren ordez, 84+450 kilometro-puntuan, San Migel ermitaren eta zubiaren artean, dagoen biribilgune bat jarriz. Obra horrek 2.844.256 euroko inbertsioa eragin zuen.

Ezarpen digitala  proiektuan

N-634 errepideko sarbideak berrantolatzeko proiektu hau gauzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak urrats bat gehiago eman du proiektuen idazketan eraldaketa digitala lortzeko, BIM metodologiaren (Building Information Modeling) integrazioa inplementatuz. Pradalesek nabarmendu duenez, Aldundiak "pausoak ematen jarraitzen du bide-sarea berritzeko eta digitalizatzeko estrategian; izan ere, lehen aldiz, bide-segurtasuneko proiektu bat idatzi dugu teknologia hori erabiliz". Horrela, BIM metodologia aplikatzeak planoetan oinarritutako diseinu-sistema tradizionalak hiru dimentsioko ereduetarantz eboluzionatzea ekarri du.

BIM erabiltzeak onura handiak dakarzkio azpiegituren sektoreari; besteak beste, tartean dauden aldeen arteko lankidetza handiagoa, gatazken hautemate goiztiarra, informazio guztia zuzenean eta modu zentralizatuan eskuratzea, diseinu-aldaketetan denbora murriztea eta etorkizuneko obra modu errealistagoan bistaratzea. Horrek guztiak informazio koordinatuagoa eta kalitate handiagokoa lortzen laguntzen du proiektuak irauten duen bitartean, ezustekoak, kostuak eta denbora murriztuz.

Horregatik, Eubako N-634 errepideko jarduketaren aurre-eraikuntza birtualeko proiektuan zehar proiektuaren kalitate teknikoa hobetzea, proiektuaren ulermena eta sendotasuna bideratzen duten emaitzak kontsultatzearen eta bistaratzearen ahalmenak aztertzea eta esku hartzen duten diziplinen arteko koordinazioa optimizatzea lortu da.

ITURRIA: BFA