Prentsa Aretoa

2020/07/30

Rementeriak ardura eta Europako funtsak eskatu ditu Covid-19aren krisiari aurre egiteko

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ondorio dramatikoak eragin ditzaketen jokabideak saihesteko eskatu nahi izan die bizkaitarrei

rss Ezagutzera eman
Rementeriak ardura eta Europako funtsak eskatu ditu Covid-19aren krisiari aurre egiteko

ARGAZKIA JAITSI

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak San Inazio eguneko mezua helarazi die bizkaitarrei, eta koronabirusaren egoera honetan eredugarriak izateko eskatu die, hau da, erantzukizunez jokatzeko; izan ere, egintza eta erabaki orok pertsona askori eragin diezaieketen ondorio dramatikoak ekar ditzakete. Ardura behar da, herritarrek guzti-guzion osasuna zaintzeko eskura duten guztia egin dezaten.

Osasunarekin dena lor dezakegu. Osasunik gabe, ezin dugu ezer lortu, adierazi du pertsonen osasuna zaintzen ez badugu ekonomia suspertzeko ahalegin guztiak alferrikakoak direla nabarmentzeko. Horri dagokionez, Rementeriak Foru Aldundiak Bizkaia Suspertzeko Lurralde Plana prestatzeko egindako lana nabarmendu nahi izan du. Plana amaitzear daude, eta askotariko proiektuak jaso dituzte bertan; haren ustez krisi ekonomikorako txerto aproposa izango da. Besteak beste, honako gai hauek zerrendatu ditu: banda zabala Bizkaia osora zabaltzea, tokiko merkataritza digitalizatzea, Bizkaia Dorrea, ekintzailetza babestea, hidrogenoaren hub-a, Nagusi Intelligence Center-a, azpiegituretako ekoizpen-inbertsioa edo Bermeoko portua berroneratzea. Europaren laguntza behar izango dugu

Rementariak nabarmendu du proiektu horietan guztietan Europako susperraldi-programaren jarraibideak betetzen direla: enplegua, jarduera ekonomikoa eta aukera-berdintasuna bultzatzea, bai eta bizi-kalitatea, jasangarritasuna eta osasuna hobetzea ere. Hori dela eta, Bizkaiak horiek betetzeko funtsak behar izango dituela kontuan hartuta, Europako laguntza eskatu du: Europak abiadura hartzen lagun diezagun, lurraldea berraktibatzeko hasitako erreformekin lagun diezagun. Bestalde, bermatu du Aldundiak kontrol guztiak errespetatuko dituela eta euro bat xahutu barik. Horri dagokionez, adierazi du, Suspertzeko Euskal Planaren barruan egonda, Bizkaiko Lurralde Plana dagozkion bideetatik helaraziko zaiela Europako agintariei, proiektu horiek laguntza behar dutela frogatzeko, Europak berreraikitzeko ezarritako lehentasunak sustatzen baitituzte.

Era berean, gogoratu du Bizkaia Euskadiko, Estatuko eta Europako lurralde eragilea bat dela, eta, beraz, ekoizpen-kate global askotan dagoen eragile ekonomiko bat da. Horregatik, azpimarratu du, motor hori martxan mantentzeko laguntza horren truke, Europa hobeago bat eratzen laguntzen duela.

Defiziterako eta zorpetzeko gaitasun handiagoa

Suspertzeko proiektuak bultzatzeko Europako funtsez gain, Rementeriak euskal erakunde guztientzako defiziterako eta zorrerako gaitasun handiagoa erreklamatu dio Espainiako Gobernuari, foru-ogasunetan diru-sarrerek behera egitearen ondoriozko gaur egungo agertokian suspertzen laguntzeko proiektuak bultzatu ahal izateko

Horretarako, Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren deialdia egiteko eskatu du, non, modu bilateralean, defiziterako eta zorrerako gaitasun handiagoa adostuko den; izan ere, iritzi hau du Ahaldun Nagusiak: gure gizarte- eta ekonomia-sareak administrazioaren inplikazioa eskatzen du krisi honetatik irteteko. Eta hauxe nabarmendu du: jarduera eten egiten bada, urteak beharko ditugu berriro martxan jartzeko.

Harrera Aretoan, baina gonbidaturik gabe

Aurten ezin izan da antolatu Foru Aldundiak Bizkaiko herritarrei Foru Jauregian urtero eskaintzen dien harrera-ekitaldia. Alabaina, osasun-arauak betez, Ahaldun Nagusiak Harrera Aretoan eman du hitzaldia. Beste batzuetan, bostehun bat pertsona bildu izan dira bertan, baina, gaur, Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakaria eta foru-diputatuak baino ez dira bertan izan.

Hitzaldiaren hasieran, Rementeriak solidaritatea erakutsi die Covid-19aren ondorioz kaltetuak izan diren pertsona guztiei, eta gizarte osoari osasun-arauak eta -gomendioak betetzeko eskatu dio, koronabirusak eragindako ondorio gramatikoak berriz errepika ez daitezen. Une honetan, guzti-guzion bertsiorik onena plazaratu behar dugu. Arduratsuak izan, maskara erabili, gizarte-distantziari eutsi eta higienearekin. Osasuna dago jokoan.

Bestalde, Bizkaiko gizarte osoarengan duen konfiantza erakutsi du, eta ziurtatu du guztion artean geure buruei proposatzen diegun guztia lortuko dugula. Erronka ikaragarri bat dugu: normaltasuna berreskuratzea. Horretarako, amaitu du, hiru gauza behar ditugu: osasuna, lan asko egin eta laguntza pixka bat.

ITURRIA: BFA