Prentsa Aretoa

2020/09/16

Aldundiak N-634 errepidea hobetzeko lanak hasi ditu Amorebieta eta Boroako poligonoaren artean

Galtzada zabaltzeko eta autobidetik sartzeko erreia handitzeko lanak abenduan amaituko dira eta milioi erdi euroko inbertsioa eragingo dute

rss Ezagutzera eman
Aldundiak N-634 errepidea hobetzeko lanak hasi ditu Amorebieta eta Boroako poligonoaren artean

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak N-634 errepidea hobetzeko lanak hasi ditu Amorebietan, 92+300 eta 93+000 kilometro-puntuen artean, zati horren segurtasuna eta ikuspena indartzeko eta hobetzeko; izan ere, tarte horretan N-634 errepidera sartzen dira Donostiarako noranzkoan AP-8tik eta Boroa industrialdetik datozen ibilgailuak.

Jarduketak 526.000 euroko inbertsioa eragingo du eta errepidearen bi ertzetan galtzadaren zabalera handituko da eta sartzeko erreiaren luzera gehituko da, horrela, bidegurutzearen segurtasuna eta ikuspena indartuz eta hobetuz. Era berean, jarduketa aprobetxatuko da bide-zorua eta drainatzeak hobetzeko eta hala seinaleztapen horizontala eta bertikala nola errepidearen balizak berritzeko.

Joan den astean obrako seinaleak eta langak jartzeko lanak hasi ziren, eta irailean zehar ezponden eraispenak eta indusketak egingo dira galtzada zabaltzeko eremuetan, drainatze berria eginez. Urrian hasiko dira zoru-multzoak egiten, eta azaroan fresatu eta errodadura-geruza berria zabalduko dute. Lanak abenduan amaituko dira, seinaleztapen horizontal eta bertikal berria instalatuz, balizaz gain.

Lanak batez ere egunez egingo dira, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 17: 00etara, eta bidearen erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko moduan prestatu dira. Zirkulazioko bi erreietako bat moztea eskatzen duten lanak gauez egingo dira, semaforo bidezko mozketarekin.

N-634 errepidea lehentasunezko intereseko foru errepideen sarearen parte da eta, jarduketa honen tartean, 26.000 ibilgailuko batez besteko intentsitatea erregistratzen da egunero, eta intentsitate hori batez beste 30.000 ibilgailuraino igotzen da lanegunetan. Horietatik 4.500 ibilgailu astunak dira. Errepide horretako zirkulazioaren intentsitate handiak eragindako kalteak murrizteko Aldundiak oraintsu beste 3,6 milioi euro inbertitu ditu Euba auzoan 2,5 kilometroko zati bat hobetzeko, eta zorua lehengoratu eta hobetuko du Amorebietako saihesbidearen lau kilometroko beste zati batean.

ITURRIA: BFA