Prentsa Aretoa

2020/10/05

EAJ-PNVk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ekimenak susta ditzala enplegua eta ekonomia suspertzeko alorrean

Alderdi jeltzaleak akordio transakzionalak lortu ditu Ganberako talde politiko guztiekin, eta bost ebazpen-proposamen aurkeztu ditu joan den astelehenean Gernikan egindako Politika Orokorreko osoko bilkuraren ondorioz

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ekimenak susta ditzala enplegua eta ekonomia suspertzeko alorrean

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren proposamenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur goizean proposamen bat adostu dute zeinaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen zaion lan munduratzea eta ekonomiaren suspertzea iraunkortasunez eta era orekatuan sustatzeko askotariko jarduerak bultzatzea xede herrialdeko eskualde guztien artean; bereziki orain, Covid-19aren pandemiak eragin duen egoera ahul honi aurre egitera begira. Hori da Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldeak gaur goizean Gernikako batzar etxean Politika Orokorrari buruz egin den osokoaren bigarren bilkuran proposatu dituen bost ekimenetako bat. Guztira 20 proposamen eztabaidatu dira iragan asteleheneko bilkuraren ondorioz. Iragan asteleheneko saioan Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken urtean garatu den kudeaketa lanaren berri eman zuen eta hurrengo ekitaldira begira abian jarriko dituen ildo politikoak aurreratu zituen.

Halaber, nabarmendu beharra dago EAb batzarkide taldeak Gernikako Ganberan ordezkatuta dauden indar politiko guztiekin adosteko gaitasun erakutsi duela, esaterako industria, fiskalitate eta mugikortasun alorretan zein zainketen eta berdintasun alorretan. Talde jeltzaleak Bizkaiko Parlamentura bost ebazpen proposamen propio eraman ditu, horietako 4 oposizioko talderen batekin adostu ahal izan ditu.

PROPOSAMEN PROPIOAK (PSErekin batera aurkeztutakoak):

• Enplegua eta ekonomia suspertzea: Aldundiari eskatu zaio eskualde mailako lehiakortasunari eman beharreko bultzada areagotzea, langabezian dauden pertsonei eman beharreko laguntza indartzea, ekonomia suspertzeko programak bultzatzea lan munduratzea errazteko eta auto-enpleguaren aldeko apustuarekin jarraitzea, lan munduratzeko tresna gisa.
• Fiskalitatea: Foru erakundeari eskatu zaio (eskudun diren erakundeekin batera) 2014an eta 2018an onartu ziren aldarazpenen gainbegiratzea garatzea eta burutzea; University College London-ekin hasitako lana amaitzea 2030ko Agendan Garapen Jasangarrirako aurreikusi ziren Helburuak betetzera bideratutako fiskalitatea ezartzera begira; behar besteko aldarazpenak egin ditzala garapen jasangarri eta integratzailea bermatzeko; Eudelekin batera udalen finantzaketarako ereduaren inguruan eta baliabideen banaketarako irizpideen inguruan hausnartzea eta azterketa egitea, eta 2021eko finantzaketari begira hartu beharreko aldi baterako neurriak hartzeko jarrerari eutsi diezaiola. (Xedapen batzuk EH Bildurekin negoziatu ditu)
• Mugikortasun iraunkorra: Aldundiari eskatu zaio apurka-apurka eta arrazoituta, bidegorrien sarea osatzea, txirringak uzteko toki seguruak aurreikusiz. (Xedapen batzuk EH Bildurekin negoziatu dira)
• Berdintasuna: Foru erakundeari eskatu zaio Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako Foru Araua garatzea, genero arrakalak gainditzeko tresna gisa eta sexu bien arteko desberdinkeriak murrizten laguntzeko neurri zehatzak hartuz. (Xedapen batzuk EH Bildurekin eta Elkarrekin Bizkaiarekin negoziatu dira)
• Zainketak: Foru Aldundiari eskatu zaio iraupen luzeko zainketak eraldatzea, ‘Etxetic’ proiektua bultzatuz, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak eta haien zaintzaileak etxean egoten laguntzeko erantzun komunitario gisa; Bizkaiko egoitza-eredua eraldatuz, tamaina txikiko bizikidetza-unitate modularrak lehenetsiz; egoitza-zentroetako profesional soziosanitarioen kualifikazio eta prestakuntza handiagoa sustatuz, eta egoitza-zentroetako ikuskaritza- eta kontrol-lanak areagotuz. (Xedapen bat EH Bildurekin eta Elkarrekin Bizkaia-rekin negoziatu da)

BESTE TALDEEKIN NEGOZIATU DIREN PROPOSAMENAK, aurrera atera direnak

• Industria: EAJ-PNVk eta PPk testu komun bat negoziatu dute, zeinaren bidez Foru Aldundiari eskatzen baitzaio, Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin lankidetzan, herrialde mailako industria-estrategia bat bultza dezala, Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeetako Lehentasunezko Jarduketa Plan Estrategikoen esparruan definitzen diren eta eraldaketa eta biziberritze sozioekonomikora bideratuta dauden proiektu bultzatzaileak barne hartuko dituena.
• Lehen sektorea: EAJ-PNVk eta EH Bilduk Bizkaiko lehen sektoretik datozen produktuei beharrezko bultzada ematea helburu duen dokumentu bat hitzartu dute, zuzenean Aldundiaren mende dauden zerbitzu publikoetan (egoitzak, eguneko zentroak) erosketen arloan beharrezko doikuntza juridikoak egin daitezen sustatuz, lurraldeko ekoizleengandik datozen produktuen kontsumoa areagotzea xede.
• Berdintasuna zainketetan: EAJ-PNVk eta EH Bilduk adostu dute Gizarte Ekintza Sailak, Berdintasunerako Zuzendaritzarekin batera lan eginez, etxeko eremuko zaintza formalen eta informalen egoeraren azterketa egitea, berdintasunaren ikuspuntutik, eta, analisia argitaratu ondoren, hartu beharreko neurriak berrikustea, sexuen arteko oreka egon dadin esparru honetan bultza daitezkeen neurrietan.