Prentsa Aretoa

2020/09/23

Aldundiak Bizkaiko egoitzen erabiltzaileen irtenaldiak arautu ditu, zentroetako dinamiketan sartzeko

Egoitzetan bizi diren pertsonen irtenaldiak pasealdi terapeutikoak izango dira batik bat, eta egoitzen inguruko zabalguneetan egingo dituzte, ahaide edo hurkoren bat lagun dutela

rss Ezagutzera eman
Aldundiak Bizkaiko egoitzen erabiltzaileen irtenaldiak arautu ditu, zentroetako dinamiketan sartzeko

ARGAZKIA JAITSI

Egoitzetara bisitan doazenak bakarrik joan beharko dira, hau da, egoitzan dagoen pertsona bakoitzak bisitari bat bakarrik eduki dezake, eta astean birritan gehienez; gainera, bisitak ordubete iraungo du gehienez, eta babes-neurriak zorrotz bete beharko dira. Egoitzara bertaratzeaz gainera, baliabide telematikoak ere erabil daitezke. Ahal dela, irtenaldietako laguna eta bisitaria kanpoko pertsona bera izan beharko da, baina salbuespenak egin ahal izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak foru agindu bat eman du mendekotasunean dauden pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetan bizi direnen irtenaldiak eta beren senideen eta hurkoen bisitak arautzeko. Bihar (osteguna) ipiniko da indarrean.

Aldundiak uste du bisitak ezinbestekoak direla egoitzetan bizi diren pertsonen ongizate emozionalerako. Gainera, orain arte bildutako ebidentzia zientifikoaren arabera eta eguneratutako epidemia-zaintzako protokoloak aintzat hartuta, bisitak jasotzeaz gainera irtenaldiak egin behar dira, batez ere pasealdi terapeutikoak; izan ere, irtenaldien bitartez asko murrizten da egoitza barruan egon beharrak sortzen duen eragin kaltegarria, eta, gainera, egoitza-erabiltzaileen osasuna zaintzen eta hobetzen da. Horregatik, foru agindu honek irtenaldiak eta bisitak arautzen ditu, uste baita ezinbestekoak direla egoitzetan bizi diren pertsonen osasun fisikorako eta emozionalerako; jakina, kontuan eduki dira Covid-19aren hedapena eragozteko ezarritako murrizketak, eta osasuna bermatzeko neurriak eta kontrol-neurri zorrotzak ezartzen dira.

Hain zuzen ere, egoitzetan bizi direnen irtenaldiak pasealdi terapeutikoak izango dira batez ere, eta egoitzen inguruko zabalguneetan egingo dituzte, ahaide edo hurkoren bat lagun dutela.  Ahal dela, irtenaldietako laguna eta bisitaria kanpoko pertsona bera izan beharko da, baina salbuespenak egin ahal izango dira. Zorrotz bete beharko dira higiene-neurriak, norbera babesteko neurriak eta urruntasun-arauak; egoitzako langileek neurri horiek guztiak betearaziko dituzte.

Bisitak direla eta, Bizkaiko egoitza-zentroetan pertsona bat bakarrik joan daiteke bisitan. Bisitaren iraunaldi osoan zorrotz bete behar dira prebentzio eta higiene neurriak, ordutegiak aldez aurretik ezartzen dira, eta bisita bakoitzak ordubete iraun dezake gehienez. Astean bi bisita jaso daitezke gehienez, eta bisitaria beti pertsona bera izan behar da, ahal dela. Bisitez gainera beste sistema batzuk ere erabil daitezke harremanak mantentzeko: bideo-deiak edo bideokonferentziak.

Nolanahi ere, egoitzan bizi diren pertsonen inguruabarrak eta osasun-alarma deklaratu aurreko loturak eta dinamika kontuan izanik, zentroak baimena eman ahal izango du astean bisita gehiago jasotzeko edo irtenaldi gehiago egiteko, bai eta bisitaria edo paseo-laguna beti bera ez izateko ere.

Arau hauek ez dira aplikatuko bizitzaren amaiera egoeretan; izan ere, horrelako kasuetan ahaideei aukera eman behar zaie egoitzan dagoen pertsonari agur esateko.

Egoitza-zentro bakoitzak irtenaldiak eta bisitak egiteko protokolo zehatza prestatuko du, egoitzaren egitura eta ezaugarri bereziak kontuan hartuz; gainera, protokoloan neurri egokiak ezarri behar dira bisitariek eta egoitzan bizi direnek Covid-19a elkarri ez kutsatzeko. Protokoloa zentroko diziplina anitzeko lantaldeak onetsi beharko da eta gero Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuaren esku egongo da.

Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako neurriak lurraldeko egoitza-zentro guztietan aplikatu behar dira. Nolanahi ere, arau orokor honek salbuespenak eduki ditzake (aldi baterako eta prebentzioa aintzat hartuta) zentro bakoitza dagoen udalerriko egoera epidemiologikoaren arabera.

ITURRIA: BFA