Prentsa Aretoa

2020/09/28

Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNV taldeak oposizioko alderdiak gonbidatu ditu “indarrak batzera” Covid-19ak eragindako egoeratik irtetera begira

Jesús Lekerikabeaskoa Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak batzarkide taldeko bozeramaileak baieztatu duenez gaur egungoa ez da “ezbaian aritzeko eta jarrerak urruntzeko” unea, eta ohartarazi du Bizkaiak derrigorrezko duela “aurrera egitea”

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNV taldeak oposizioko alderdiak gonbidatu ditu “indarrak batzera” Covid-19ak eragindako egoeratik irtetera begira

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNV taldeak gaur goizean oposizioko alderdiei eskatu die indarrak batzeko ahalegina egitea Covid-19ak eragin duen krisitik ateratzeko baldintzarik onenak bermatzera begira. “Uste osoa daukagu egoera honetatik irtengo garela, baina errazagoa izango da denon laguntzarekin. Indarrak batzeko momentua da. Hau ez da ezbaian aritzeko momentua ,ezta jarrerak urruntzekoa ere. Baina Bizkaiak aurrera egin behar du eta, horretarako prest ez bazaudete, zuen laguntzarik gabe aurrera egin beharko dugu, helburua gauden egoeratik ateratzea delako”, azpimarratu du Jesús Lekerikabeasko Arrillagak, Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldeko bozeramaile berriak, gaur Gernikako Batzarrean Bizkaiko parlamentuan izan duen politika orokorreko lehen bilkuran.

Lekerikabeaskoak adierazi du oposiziotik ere krisitik ateratzen lagundu beharko litzatekeela, gaur egungoa ez delako “eragozpenak” ezartzeko unea, eta gaineratu du gainerako talde politikoen babesa jaso nahiko lukeela gaur egungo egoeratik ateratzeko proiektuak garatzera begira, horixe delako “gizarteak eskatzen duena”. “Jarrera, egoera txarren aurrean daukagun jokaera eta lan eginez aurrera egiteko konpromiso zintzoa dira edozein errezeta probetxugarriren osagarri nagusiena; ez dira bakarrak, baina bai garrantzitsuenak.Jarrera eta lan egiteko konpromiso zintzoa dira gobernu on eta txarrak bereizten dituztenak; eta ez bakarrik gobernuak, oposizioa egiteko modu on eta txarrak ere bereizten dituzte”, baieztatu du. “Horixe ere bada EAJ-PNVk Aldundiko gobernuari eskatzen diona, lanean jarrai dezala, beti egiten dugun moduan, unean unekora moldatuz. Hori da gizartearen gehiengoak beti eskatzen diguna, eta hori da Bizkaiko gizarte osoarentzat bete behar duguna”, azpimarratu du.

Gaurko hitzaldietako gai nagusiak izan dira Covid-19a eta pandemia hau gizartean uzten ari den testuinguru sozio-ekonomiko delikatua. Ildo horretatik, bere lehen hitzak esan ditu pandemia global honen ondorioak “sufritu dituzten eta sufritzen ari diren pertsonentzat”, eta elkartasun eta adeitasun mezuak bidali dizkie EAJ-PNVren batzarkide taldearen izenean.

Hitza hartu duenean, Lekerikabeaskoa kritiko agertu da oposizioko alderdiekin, eta esan du “erabat desegokiak eta partidistak” izan direla azken hilabeteotan Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabakien eta pandemiaren ondorioak arintzeko egin den kudeaketa lanaren kontra egin diren adierazpenetako asko. “Ematen du pertsona askok jakin zekitela errealitate honi aurre egiteko orduan nola egin behar zen, hartu beharreko erabakiak zein ziren.Baina, gaia estropaden esparrura eramaten badugu , lehorretik egin dute, oinak lehor izan dituztela, ezer arriskatu gabe”, txarretsi die bozeramaileak. “Batzuek gure ahalegin guztiekin boga egiten genuen bitartean, batean ondo bestean ez hain ondo, unean uneko egoerara moldatuz… beste batzuk kritika suntsitzailea baino ez dute egin. Tristea da, baina hori ere bada batzuen ‘joko politikoaren’ parte bat”, deitoratu du.

Aldundia ‘desagertuta’ egon dela baieztatu duten taldeentzat erantzun argia esan nahi izan du. “Non ez da egon? Gizarte sareetan bideoak eta mezu populistak igotzen? Ez, hor ez da egon. Behar bada, Aldundia ez da egon, egotea gauza estatikoa delako. Baina, egin egin du; lanean egon da gelditu gabe”. “Ez dakit zer informazio izango duzuen zuek foru erakunde hau egon ez dela esateko, baina nik datuak baditut egin den lana egiaztatzen dutenak. Besteak beste publiko diren gaiak, departamentu guztiak moldatu dira, protokoloak idatzi dira, lanpostuak aztertu dira, telelana egin da… eta segurtasun neurri guztiak jarri dira oinarrizko zerbitzu guztiak modu presentzialean eman ahal izateko“, arrazoitu du.