Prentsa Aretoa
2020/05/08
Udalkutxaren 2019ko soberakina udalen 2020ko diru-sarreren beherakada gutxitzeko erabiliko da
Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak erabaki du Udalkutxaren 2019ko 26 milioiko soberakina gordetzea. Kopuru hori udal bakoitzak Udalkutxaren 2020ko likidazioan ziur aski izango duen emaitza negatiboa gutxitzeko erabiliko da.
Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua ostiral honetan bildu da erabakitzeko nola erabiliko diren Udalkutxa- Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren 2019ko ekitaldiko likidazioan sobera geratutako 26 milioi euroak. Zenbateko hori Bizkaiko udalerri guztien artean banatuko da, eta funtsean ziur aski bildutako diru-kopuruaren beherakadak izango duen inpaktuari aurre egiteko gordeko da.
Beraz, 26 milioi horiek udalerri bakoitzaren itsulapikoa izango da, aurreikuspenek oraingo egoera jasotzen ez zutenean udal funtsak kontura emandako zenbatekoen gutxitzeak konpentsatzeko balio izango duena.
Otsailean egin zen bileran, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak likidatu egin zuen 2019ko ekitaldiari dagokion funtsa; azken emaitza 895,1 milioi euro izan ziren. Kopuru hori 26 milioi euro gehiago da 2018ko urrian konturako emateetan aurreikusi ziren milioiak baino (869,1 milioi).
Bilera berean, kontseiluak erabaki zuen soberako 26 milioi euro horiek lurraldeko 112 udalerrien artean banatzea, eta Udalkutxaren aurtengo zuzkidurari gehitu zizkion. Baina, apirilean, COVID-19aren osasun-larrialdiaren ondorioz krisi ekonomiko bat etor zitekeela aurreikusita, EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordeak Foru Aldundiari proposatu zion banaketa hori ez egitea eta 26 milioi euro horiek gordetzea Udalkutxaren 2020. urteko emaitzaren likidazio negatiboa konpentsatzeko.
Likidazio hori 2021eko otsailean egingo da, eta, ziurrenik, ez da iritsiko kontura ematea aurreikusitako 901,9 milioiko kopurura, kontuan hartuta funtsa hornitzeko erabiltzen diren tributu itunduen diru-bilketan ziur asko jazoko den beherakada. Aurreikuspen hori berretsiz gero, 26 milio euro horiek aukera emango dute Udalkutxaren likidazio negatiboak udalen gainean izango duen inpaktua txikitzeko.
Udalkutxa
Udalkutxa Bizkaiko udal finantzarako foru funtsa da. Funtsaren zuzkidura da Bizkaiko 112 udalerriei zuzendutako tributu itunduen ziozko diru-bilketaren zatia, eta, udalerrien artean banatzeko, zenbait irizpide hartzen dira kontuan, hala nola biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikasgela-kopurua, hondartzak edo biztanleen sakabanatzea. Udalkutxaren diruaz gainera, udalek beren baliabide propioak ere badituzte, hain zuzen, toki-zergetatik, tasetatik eta beste sarrera batzuetatik datozenak.
Udalek ekitaldi bakoitzean beren aurrekontuak egiteko, Finantzetako Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren konturako emateen zenbatekoaren eta banaketaren aurreikuspen bat egiten du, aurreko urteko urrian. Hurrengo urteko otsailean, diru-bilketa ixten denean, likidatu egiten da Udalkutxa; emaitza udalen aldekoa edo aurkakoa izan daiteke.
Finantzetako Lurralde Kontseilua
Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal-finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du.
Hamar kide ditu Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak, eta haietatik bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira: Ogasun eta Finantzen diputatu José María Iruarrizaga, kontseiluaren gaurko bileran buru aritu dena (bilera telematikoki egin da); Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillo; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu eta bozeramailea den Elena Unzueta; Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Lorea Bilbao, eta José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko idazkari orokor teknikoa. Bost kide horiez gainera, beste bost gehiago daude, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari dihardutenak, hain zuen: Bilboko zinegotzi Marta Ajuria; Fruizeko alkate Ane Legarretaetxebarria; Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu; Plentziako alkate Elixabete Uribarri; eta Portugaleteko alkate Mikel Torres.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09