Prentsa Aretoa

2020/04/27

Bizkaiak jarraibideak eta laguntza eskaintzen ditu adinekoen egoitzetan bisitak antolatzeko

Aldundiak funtsezkotzat jotzen ditu bisitak eta etengabeko komunikazioa egoiliarren eta haien familien ongizate emozionala zaintzeko

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak jarraibideak eta laguntza eskaintzen ditu adinekoen egoitzetan bisitak antolatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Aldundiak funtsezkotzat jotzen ditu bisitak eta etengabeko komunikazioa egoiliarren eta haien familien ongizate emozionala zaintzeko. COVID-19aren hedapena eragozteko ezarri beharrekoak diren mugen barruan, adierazi du osasun-berme guztiekin eta kontrol-neurri zehatzak hartuta programatu daitezkeela bisitak. Gogorarazi du nahitaezkoa dela egoiliarren eta familien arteko komunikaziorik onena eta arinena bermatzea bide telematikoak erabiliz eta informazioa ia egunero emanez.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarraibide berriak igorri ditu adinekoen egoitza-zentroetara, osasun-alertaren egoerak inposatzen dituen murrizketen barruan, erabiltzaileen eta haien ahaideen ongizate sozioafektiboa sustatzeko. Hala, COVID-19aren hedapena eragozteko ezarri beharrekoak diren mugen barruan, erakunde foralak adierazi du osasun-berme guztiekin eta kontrol-neurri zehatzak hartuta programatu daitezkeela bisitak.

Diagnostiko-probei esker, zentroek determinatu ahal dute zenbatekoa den pertsona bakoitzarekiko kontaktuak sor dezakeen kutsatze-arriskua. Hori lortuz doan neurrian, prebentzio-neurriak egokitu beharra dago, eta, horretarako, Aldundiak zentroak kohorteka sektorizatu eta antolatzeko laguntza eskaini du, bertako bizikidetza humanoagoa izan dadin. Hauek izango dira irizpideak:

1. Sintomarik ez duten eta kontaktu hurbilekotzat sailkatu ez diren pertsona osasuntsuak (A kohortea):

  • Astean behin izango da bisita, eta pertsona bakarra joango da; aldez aurretik programatuko da eta, ahal den neurrian, gainerako pertsonak bizi diren eremutik kanpo egingo da, babes-neurri egokiak erabilita. Ahal dela, kanpotik datorrena pertsona bera izango da beti.
  • Bisitak zorrotz kontrolatuko dira eta arrisku-taldeetakoak ez diren pertsonek egingo dituzte. Bermatuko da norbera babesteko ekipamenduak erabiltzen direla (bisitarientzako NBEak), eta horretarako laguntza emango.
  • Bisita egiteko prestatutako lekuan, bisitariak ez du kontaktu fisikorik izango egoiliarrekin. Horretarako, metakrilatozko pantaila bat (edo antzeko zerbait) jarriko da, banantzeko.

2. COVID19an positibo diren pertsonak; sintomak izanda, probaren zain dauden pertsonak eta kontaktu hurbilekotzat sailkatu direnak (D, C eta B kohorteak).

Ez da bisitarik egingo ez bada gorago definitutako hiru salbuespen-egoeretan, zeinak diziplina anitzeko taldeak arrazoitu beharko baititu.

3. Sendatu diren eta dagoeneko PCR negatiboa duten pertsonak dauzkaten unitateak.

Bisita astean behin izango da, eta pertsona bakarra joango da; aldez aurretik programatuko da eta gainerako pertsonak bizi diren eremutik kanpo egingo da, babes-neurri egokiak erabilita (NBEak barne). Ahal dela, kanpotik datorrena pertsona bera izango da beti. Kontaktu fisikoa izateko aukera emango da, baldin ezarritako babes-ekipamenduak erabiltzen badira.

Azkenik, Aldundiak gogorarazi nahi izan du egoitza-zentroetan bisitak egin daitezkeela kasu hauetan:

  • Bizitzaren amaierako zaintza-egoeran, zeinean senideei aukera eman behar baitzaie egoiliarrarekin kontaktuan egoteko.
  • Egoera ulertzea eta/edo senitartekoekin harremanetan jartzeko beste bitarteko batzuk erabiltzea eragozten duten egoera kognitiboetan.
  • Egoera psiko-emozional jakin batzuetan, zeinetan profesionalek pentsatzen baitute saihestu behar dela bakartze-egoerak egoiliarraren ongizateari egin diezaiokeen kaltea.

Nolanahi ere, bisiten etete orokorra indarrean mantentzen da COVID-19a edo haren sintomak dituzten egoiliarrentzat. Neurri hori zorrotz aplikatu izan da koronabirusaren hedapena geldiarazteko, diziplina anitzeko lantaldeek hala eskatuta eta segurtasun-berme guztiekin.

Komunikazioa

Horrez, gain, erakunde foralak gogorarazi du nahitaezkoa dela egoiliarren eta familien arteko komunikaziorik onena eta arinena bermatzea. Gizarte Ekintza Sailak gogora ekarri ditu horren inguruan honezkero emandako jarraibideak:

  • Ahal dela, zentroa egunero jarriko da harremanetan familiekin, eta, ezinezkoa bada, gutxienez 48 ordurik behin. Kasu jakin bakoitzean ezarriko dira profesionalek familiekin komunikatzeko erabiliko dituzten bideak.
  • Erreferentziazko profesionalak ezarriko du komunikazioa, edo esku-hartze taldeko profesionaletako batek.
  • Egoera konplexuetan edo bizitzaren amaieran dauden egoiliarren kasuan, osasun-arloko profesionalak -ahal dela, medikuak- arduratuko dira osasun-egoeraren berri emateaz.

Komunikazioei dagokien jarraibidea ikuskatzeko, ausazko deiak egiten zaizkie egoiliarren ahaideei, eta modu horretan ziurtatzen da komunikazio-ekintza horiek gauzatzen ari direla.

ITURRIA: DFB

Posta bidezko botoa
Next Euskadi