Prentsa Aretoa
2020/04/16
EAJ-PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan aurreratu duenez, Covid-19k eragin duen krisitik irtetea “guztion lana izango da, ez bakarrik erakundeena”
Jon Andoni Atutxak, talde jeltzaleak Bizkaiko Ganberan duen bozeramaileak, 'Bizkaia Aurrera!' izeneko suspertze planak aurreikusten dituen neurriak zehazten jarraitzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Ahaldun nagusiak programa hori aurreratu du, eta hemendik eta urtea amaitu arte 30 milioi euro mobilizatuko ditu premiazko ekintzetan.
Jon Andoni Atutxa, Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNVren Batzarkide Taldeko bozeramailea, Bizkaiko Ganberak deitu duen batzordean parte hartu du gaur. Bertan hitz egin du Unai Rementeria ahaldun nagusiak, berak eskatuta, Covid-19k eragin duen egoerari aurre egitea xede foru erakundeak aurrera eraman dituen jardueren berri emateko. Atutxak aditzera eman duenez, datozen garaietan pentsatzea bezain garrantzitsua da Bizkaiko Aldundia egunotan egiten ari den lana. Bozeramailearen ustez, “guztion lana izango da susperraldi hori errealitate bihurtzea, ez dira soilik erakundeen neurriak behar izango, gutako bakoitzak jarri beharko du bere aldetik, hau da, non kontsumitzen dugun eta zer kontsumitzen”, azaldu du. “EAJ-PNVren aldetik oso argi daukagu errealitate ezezagun baten aurrean gaudela, eta horrek gugan eragina izan duela eta izaten jarraituko duela; dimentsio asko jorratu beharko ditugu. Maite den pertsona galtzeak eragiten duen mina ezin izango dugu konpondu, baina bai heldu beharko diogu guk egin ahal dugun horri: lanpostua galdu duenaren dramari, hilabetea diru sarrerarik gabe daramaten pertsonen egoerari, beren aurrezkiak, ilusioak eta esfortzuak denda txiki batean jarri zituztenen egoerari… Lan handia egin beharko dugu”, esan du. Ildo beretik balioetsi du ‘Bizkaia Aurrera!’ suspertze plana, Rementeriak iragarri duena eta hemendik eta urte bukaerara arte 30 milioi euro premiazko jardueretan mobilizatuko dituena, eta Aldundiari eskatu dio lanean jarrai dezala neurri horiek zehaztera begira.
Jon Andoni Atutxak, hitza hartu duenean, hildako guztiak eta gaixotasunaren ondorioak oraindik sufritzen dituzten pertsonak gogoratzeko hitzak esan ditu, eta Covid-19ren ondorioak arintzeko lanean Bizkaian ari diren sektore guztietako profesionalen eta boluntarioen lana eskertu du.
Bozeramaile jeltzaleak baieztatu du koronabirusak eragin duen larrialdi egoera “oso gogorra eta oso globala” izaten ari dela eta gure eguneroko bizimodua aldatu duela “gurea eta gure erakundeena” eta “ondorio larriak izaten ari dela eta izango dituela; ezer ez baita berdina izango”. Zentzu honetan nabarmendu du Aldundia egiten ari den lana errealitate honetara moldatzeko eta erantzuna emateko. “Ondo eginak, zalantzak eta gaizki eginak daude, seguruenik; ez dago jarraibide libururik. Baina konbentzituta gaude errealismoz eta apaltasunez lan egiten ari dela eta lan handia egiten ari dela”, baieztatu du, eta foru gobernuari eskatu dio alde batetik premiazko gauzetan lan egiten jarraitzea, “pandemiaren oraingo egoerari aurre egiteko” eta, bestetik, garrantzizko gauzei heltzea “Bizkaiko sare ekonomikoa berroneratzeko, ezinbestekoa baita gure gizarte babes sistemari eutsi ahal izateko”.
Premiazko kontuen artean dago, zalantzarik gabe, gehien behar duenari laguntzea: Bizkaiko adineko pertsonei. Zentzu honetan, Atutxak adierazi du martxoa hasieran prebentzio neurriak hartzen hasi zirela. “Bizkaiko lehen kasua martxoaren 3an konfirmatu zen, gure adinekoen egoitzetara lehen jarraibideak eta protokoloak bidali ziren egun berean”, gogorarazi du, eta azpimarratu du ahalegin handia egiten ari direla, bai egoitza-zentro batean bizi diren pertsonekin, bai beren etxeetan bizi direnekin, beren ongizatea eta familiekin isolamendu fisikoko une hauetan duten komunikaziori eusteko. Hori dena egiten ari dira zerbitzu publikoei eutsi behar zaiela ahaztu gabe (garraioa, gure hondakinen tratamendua, errepideak…) “Bizkaiak ez dio egun bakar batean ere funtzionatzeari utzi”.
Bestalde, gai garrantzitsuen artean, ekonomia suspertzea dago. Arlo honetan, Batzar Nagusietako EAJ-PNVko bozeramaileak atseginez hartu du ‘Bizkaia Aurrera!’ suspertze plana, ahaldun nagusiak bere gaurko agerraldian aurreratu duena eta hemendik eta urtea amaitu arte premiazko ekintzetan 30 milioi euro mobilizatuko dituena. Krisitik ateratzea bizkortzeko plana izango da, eta alarma egoera bertan behera utzi bezain laster hasiko da aplikatzen. Rementeriak azaldu duenez, oraindik zehaztu gabe dagoen dokumentuak neurri sendoak jasoko ditu okerren dauden kolektiboei laguntzeko (merkataritza, ostalaritza, turismoa, enpresa eta kultura) eta ekonomia eta enplegua suspertu ahal izateko. Ildo horretan, Atutxak ekintza horiek zehazten jarraitzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, eta gogorarazi duenez, “guztion lana izango da susperraldi hori errealitate bihurtzea, ez baita soilik erakundeen esku egongo, gutako bakoitzaren esku egongo da,hau da non kontsumitzen dugun eta zer kontsumitzen dugun”, azaldu du.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09