Prentsa Aretoa
2019/12/11
2020rako aurrekontuek Bizkaiaren beharrei “berme osoz” erantzuten diela aldarrikatu du Jon Andoni Atutxak
Euzko Abertzaleak batzarkide taldeak EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta PP-Talde Mistoak aurkeztu duten hiru osoko zuzenketen kontra bozkatu du. Aurrekontu proiektuaren izapideak jarraipena izango du Bizkaiko ganberan.
Jon Andoni Atutxa - Osoko zuzenketa-eskeak (Aurrekontuak 2020)
MINTZALDIA - 2019/12/11
“EAJ-PNVk ez ditu babestuko gaur eztabaidatzen ari garen osoko zuzenketak”, aurreratu du Jon Andoni Atutxak, Bizkaiko Batzar Nagusietan Euzko Abertzaleak batzarkide taldeko bozeramaileak, gaur bertan EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta PP-Talde Mistoak 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Proiektuari aurkeztu dizkioten hiru osoko zuzenketak eztabaidatu diren osoko bilkuran. “Batzuek eskatu dizute adorez jardutea, beste batzuek esan digute ausardiaz ekin diezaiogun, baina guk arduraz jardun nahi dugu. Egingo duguna aurreikusteko modukoa izango da, segurtasuna bilatuko dugu; egin dezakegunarekin konformatuko gara eta fidagarriak izango gara; jarraipenaren bidea aukeratuko dugu,bai”, eta “lan eginez eta arduraz jokatuz, konpromisoa eta bermea eskaintzen jarraituko dugu”, “pertsonen bizitza kalitatea hobetzen jarraitzeko eta gero eta Bizkaia hobea egiteko”, baieztatu du.
Hitz egiteko izan duen tartean, Atutxak gogora ekarri du EAJ-PNVk eta PSEk adostutako akordioak iragan maiatzean “Bizkaiko hiritargoaren gehiengoaren babesa jaso zuela eta, beraz, babes hori ere bada Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategiarentzat”. Zentzu berean aurreratu duenez “bide beretik jarraituko dugu, Aurrekontu Egitasmoak jasotzen dituen helburu berberak garatuz eta gehiengoaren ardurei erantzuna emanez. Ibilbide-orri bat daukagu, argia eta ezaguna. Ez dugu inongo kapelatik untxirik aterako eta ez ditugu bete ezin diren gauzak hitzemango; berme bat dago”, baieztatu du.
Ildo beretik gogoratu du sail bakoitzak politika eta proiektu horiek guztiak aurrera eramateko izango duen eskuragarria “iazko aurrekontua baino 28 milioi euro altuagoa izango da,hau da, 1.283 milioi euro guztira”. “Foru gobernuak orain arte izan duen aurrekonturik altuena izango dugu” eta,lehen aldiz “udalen finantzaketa 900 milioi eurotik gorakoa izango da”, herrialdeko udalek beren politikak garatzeko izango duten ahalmen ekonomikoa handituz.
“Kopuruen irakurketa bat eginez, gauza bat dago argi baino argiago: Aldundi honek eta aldundia babesten duten taldeek pertsonen aldeko apustua egiten dutela. Gure konpromisorik handiena da: pertsonen alde egitea, enplegua sortzearen alde eta jarduera ekonomikoaren alde”, nabarmendu du. Bozeramaile jeltzaleak aditzera eman duenez, ekonomian egiten ari den ahalegin honen oinarrian dago Bizkaiko errealitate eta arazoei erantzuna eman beharra, besteak beste langabeziari”. “Bizkaian 65.108 pertsona daude lanik gabe (2018ko azaroan baino %6 gutxiago), baina inbertitzen jarraitu behar dugu pertsona horientzako guztiontzako aukerak sortzeko”, adierazi du. “Ez diogu inori iruzur egin nahi: 2020a amaitzean hainbat izango dira oraindik langabezian, baina Gobernu honek bere ahalegin guztia egingo du, bere konpromiso guztia jarriko du, herrialde honetan langabezia tasa jaisteko”, aurreratu du.
OSOKO ZUZENKETAK
Jon Andoni Atutxak era berean argitu du oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketen aurka bozkatzearen arrazoia. PP-Talde Mistoak aurkeztutakoarekin hasi da, eta "berme eskasa" eskaintzen duela esan du, "Mundu guztia pozik uzten saiatu baitira"."Gutxienez 750 milioi euroko zerga-erreforma erregistratu dute Ganberan, eta gaur gehiago inbertitu nahi dute, eta, aldi berean, zorra murriztu … Emaguzu mesedez errezeta. Erabat kontraesankorrak diren jarduera-ildoak proposatzen dizkiguzue”, txarretsi du. “Amaya Fernandez `popularrak´ esan digu arazoei ez diegula adorez aurre egiten. Ez dakit zehatz-mehatz PPrentzat adorea zer izango ote den, baina bai esan dezakegu arduraz, zuhurtasunaz eta lan handia eginez ari garela”, kritikatu du bozeramaile abertzaleak.
Gernikako Ganberako atriletik, Atutxak era berean baloratu du Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu duen osoko zuzenketak, ordezkari jeltzaleak “utopiko” deitu duena. “Zuen argudio nagusia da aurrekontu hauek ez dituztela Bizkaiko hiritargoaren eskubideak blindatzen, ez ditugula behar besteko neurriak hartzen hiritar guztiek aukera berberak izan ditzaten. Handiegiak dira baieztapen horiek”, azaldu du.
Amaitzeko, bozeramaile jeltzaleak EH Bilduk aurkeztutako zuzenketari erantzuteko hitzak esan ditu. “Esan diguzue hauek ez direla Bizkaiko gehiengo sozialak behar dituen aurrekontuak. Bada, esan behar dizuegu, iragan maiatzean, gehiengo zabal batek bestela ulertu zuela eta bere konfiantza Euzko Alderdi Jeltzaleari eman ziola. Ausardia eskatu diguzue,baina behar bada hiritargoak ez du ausardiarik nahi, behar bada bermea da nahi duena”, esan du.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09