Prentsa Aretoa

2019/11/13

Aldundiak amaitu ditu Las Carreraseko hirigunean trafiko astunaren eragina murrizteko jarduketak

N-634 errepideko trafikoa baretzeko neurriak aplikatzeaz gain 630.000 euroko inbertsioa egin du Bi-3794 errepidea hobetzeko; izan ere, A-8 autobidearen eta Petronorren artean kamioiak eta salgai arriskutsuak ibiltzeko lehentasunezko bide bihurtzen da

rss Ezagutzera eman
Aldundiak amaitu ditu Las Carreraseko hirigunean trafiko astunaren eragina murrizteko jarduketak

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak amaitu ditu trafiko astunaren inpaktua arintzeko jarduketak Abanto-Zierbenako auzoa den Las Carreras herrigunean, hain zuzen ere ibilgailu astunen joan-etorri handiarekin N-634 errepideak auzoa zeharkatzen duen tokian. Apirilean trafikoa baretzeko hartutako neurriari orain Bi-3794 errepidearen hobekuntza gehitu behar zaio, A-8 autobidearen eta Petronorren artean zirkulatzen duten kamioientzat alternatibarik onena izango dena.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Imanol Pradalesek, azaldu duenez Muskizen Bi-3794 errepidean egindako obran zorua birsortu da errepide horretako 2.410 metroko tartean, Petronorren instalazioak inguratuz findegirako sarbideak zuzenean A-8 autobidearekin lotzen dituenean. Trafiko astunaren bolumen handiak errepide horren sostengu-ahalmena hondatu zuen eta derrigorrezkoa izan zen 34 tonatik gorako ibilgailuak bertatik ibiltzea debekatzea.

Errepidea lehengoratzeko hondatutako guneak konpondu eta zorua sei zentimetro handitu dute. Era berean, euste-sistemak eta seinaleak hobetu dira zenbait puntutan eta galtzadarekiko paraleloan doan bidegorriaren drainatzea hobetzeko aprobetxatu da. Urriaren hasieran hasi eta azaroko lehen astean bukatu den obra honek 630.421 euroko inbertsioa behar izan du.

Bi-3794 errepideko zorua lehengoratzeko lanak amaitu ondoren Aldundiak kendu egin ditu ibilgailu astunentzako pasatzeko mugak eta, beraz, orain autobidearekin lotzeko lehentasunezko ibilbidea dute, Las Carreraseko pasabidea utzita. Halaber, debekatu egin da salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuak N-634 errepideko zeharbidetik igarotzea hirigune honetan. Salgai arriskutsuen garraiorako muga behar bezala seinaleztatuta dago, bai eta horientzako ordezko ibilbideak ere.

Imanol Pradalesek azpimarratu duen bezala trafiko astuna hirigunetik baztertzeko jarduketa trafikoak Las Carreras auzoan duen eragina arintzeko Aldundiak hartutako bi neurrietako bat da, joan den apirilean semaforoen bidezko erregulazio berria ezarri baitzen oinezkoak lehenesteko. Jarduketa horren azterketak erakusten du hobekuntzak lortu direla puntu kritikoetan abiadura murrizteari dagokionez eta uhin berdeak kontrolatutako abiadura-tartea handitu dela.

Bi-3794 errepidean egindako zorua lehengoratzeko obraren xehetasuna

- Luzera: 2.410 m (20+670 k.p.tik 23+080 k.p.ra)

- Aurrekontua: 630.421,76 €

- Saneatutako azalera: 2.675,5 metro karratu

- Egin diren jarduketak:

   - Bide-zoruaren hausturak saneatzea. Fresatzea eta 8 cm-ko kareharria zabaltzea

   - Geo-ehuna saneamenduen gainean jartzea eta galtzada osoan 6 cm-ko asfalto-zorua zabaltzea

   - Birpintatzea eta 10 metrotik behin galtzadaren eta bidegorriaren artean mugarri zilindriko batzuk jartzea

   - Bidegorriaren drainatzea hobetzeko lanak

Obra hori amaitutakoan, >34 T-ko ibilgailuek zirkulatu ahal dute eta salgai arriskutsuek debekatuta izango dute N-634 errepidetik zirkulatzea 128 eta 131 k.p.en artean.