Prentsa Aretoa

2019/11/15

Aldundiak Santurtzi eta Zierbena eta La Arenako bidegorria lotuko dituzten bidegorriak eraikitzea amaitu du

Jarduketa horiek hiriarteko bidegorrien sareak sortzeko Aldundiaren estrategian sartzen dira, garraio publikoarekin lotuta daudenak, eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzeko

rss Ezagutzera eman
Aldundiak Santurtzi eta Zierbena eta La Arenako bidegorria lotuko dituzten bidegorriak eraikitzea amaitu du

ARGAZKIA JAITSI

Aldundia Santurtzi herria Zierbenako portuarekin eta la Arenako bidegorriarekin lotzeko bi bizikleta bideak eraikitzea amaitzen ari da. Horietako lehenengoaren eraikuntza datozen asteetan amaituko da, eta 2020ko otsailean Sanfuentesekin lotuko duen oinezko eta bizikleta bidezidorraren lanak osatzea aurreikusita dago; horri esker, aurrerantzean Santurtzi ez da izango La Arenako bidegorriarekin lotu gabeko Ezkerraldeko udalerri bakarra.

Aintzane Urkijo, Santurtziko alkateak, eta Imanol Pradales, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, bi obrak bisitatu dituzte, bizikletaren erabilera aisialdirako eta kirolerako bultzatzea ahalbidetuko dutenak eta bereziki mugikortasun iraunkorra sustatuko dutenak. Pradalesek azpimarratu duenez bi bidegorriek motordun ibilgailuentzako alternatibak eskaintzen dituzte udalerrien arteko distantzia ertain-motzeko joan-etorrietarako, eta bat egiten dute hiriarteko bizikletentzako ibilbideak eta garraiobide publiko nagusiekin lotutakoak prestatzeko Aldundiaren estrategiarekin; Zierbenarako bidegorria Santurtziko metro eta tren geltokietatik oso gertu dago, eta la Arenara doana Kabiezeseko metro geltokitik 500 metrora abiatzen da.

Jarduketa horien bidez Aldundiaren bidegorrien sarean sartzeko eta horrela, aisialdi jasangarriko eta osasungarriko eskaintza berri batekin, Santurtzi herri atseginagoa bihurtzeko genuen konpromisoa betetzen dugu. Beti esan dugu edozein erakunderekin lankidetzan lan egingo dugula gure bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko, eta horren adibide garbia da hau, adierazi du Santurtziko alkateak prentsaurrekoan.

Jarduketa N-639 errepidean, Santurtzi eta Zierbenako porturako sarbidearen artean

Errepide horretan trafikoa baretzeko eta 3.040 metro luzeko bizikleta bidea eraikitzeko lanak egin dira. Horretarako, plataforman dagoen espazioa birbanatu da, bide ardatza lekuz aldatuz. Askatutako espazioa bizikleta bide bat sortzeko plataforma gisa erabili da, motordun trafikotik aparte eta babes hesien bidez trafikotik bereizia. Tarte horretan sortutako bidegorriak 3.040 metroko luzera du, 2,5 metroko zabalera eta gehienez ere % 8ko malda.

Bizikleta bidearen ondoan oinezkoek erabiltzeko dagoen espaloia mantendu da, eta autobus geltokietan badiak sortu dira, maniobra errazteko eta trafikoaren segurtasuna hobetzeko. Era berean, trafikoa baretzeko, oinezkoentzako hiru pasabide gainaltxatu berri sortu dira, eta gehieneko abiadura 50 km/o-koa izango da.

Jarduera multzo hori aurrera eramateko lanak apirilaren 17an hasi ziren eta 1.225.000 euroko inbertsioa behar izan dute. Lanak amaituta, azken erremateak behar ditu, eta ziurrenik abenduaren 6rako prest egongo dira. Nolanahi ere, entrega-data atzeratu egin liteke baldintza klimatologikoengatik, azken zereginetan eragin zuzena baitute (zoru gorri ez labaingarria aplikatzea, seinale horizontalak edo lorezaintza).

Bidegorria eta oinezkoen bidexka Villar eta Sanfuentes artean

Aldundiak negu honetan amaituko ditu Santurtzi eta La Arenako bidegorria lotuko dituen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidezidor bat eraikitzeko lanak, 3.065 metroko luzera duen ibilbidean. Bidexka horrek 3,5 metroko zabalera izango du, eta horietatik bi metro bizikletak ibiltzeko izango dira, eta 1,5 metro oinezkoentzat. Egindako inbertsioa 1.870.329 eurokoa da.

Eraikuntza bi fasetan ari da garatzen eta lehena Villar auzo santurtziarra eta Ortuellako Nocedal auzoa lotzen dituena da. 1.125 metroko luzera duen zatia da, eta gehienez % 8ko malda izango du. Tarte hori 2020ko otsailaren 28an amaitzea aurreikusten da.

Hilabete lehenago, urtarrilaren amaieran, Nocedal eta La Arenako bidegorria Sanfuentes parean, Abanto-Zierbenan, lotuko dituen bigarren fasea martxan jartzea aurreikusten da. 1.940 metroko luzera duen tarte horrek, gehienez, % 7,45eko malda izango du.

Jarduketa horiekin Aldundiak Santurtzirekin zuen konpromisoa bete du eta itsas udalerriak behin betiko bizikleta sarearekin bat egiten du.

ITURRIA: BFA