Prentsa Aretoa

2019/10/29

Bizkaiak pertsonak eta enplegua lehenesten dituen aurrekontua onartu du

2020rako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektua 8.477,3 milioi eurokoa da, eta sailen gastuaren %44 bideratzen du Gizarte Ekintzara

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak pertsonak eta enplegua lehenesten dituen aurrekontua onartu du

ARGAZKIA JAITSI

Foru Aldundiak 2020rako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren proiektua onartu du, 8.477,3 milioi eurokoa, ekitaldi honetan % 3,17 (260,6 milioi euro) handituz. Halaber, % 2,26 (28,4 milioi euro) hazi da bederatzi foru sailen artean banatu beharreko kopurua, guztira 1.283,6 milioi eurokoa dena.

Aurreko ekitaldietan bezala, gastu-ahalmen handiena duen saila Gizarte Ekintza izango da, eta horretara bideratuko da sailen artean erabilgarri dagoenaren % 44. 2019ko aurrekontuan baino 27 milioi euro gehiago izango ditu arlo horrek, 564,9 milioi euroraino iritsiz. Zenbatekoei dagokienez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako  Sailera (198,1 milioi euro) eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailera (139,1 milioi) bideratutako zenbatekoak nabarmentzen dira. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 60,2 milioi izango ditu, eta horien artean, Enplegu Planera bideratuko dira 2,5 milioi.

2020an gastu- eta inbertsio-ahalmen handiena Zerga Itunduen bilketan aurreikusitako % 3,25eko hazkundean oinarritzen da batez ere,  8.207 milioi eurotik gorakoa izango baita. 8.477,3 milioiko sarrera guztiak beste diru sarrera batzuekin eta zorpetzearekin osatzen dira, eta zor hori datorren urtean %2,8 murriztuko da.

2020rako aurreikusitako diru-sarreren gehikuntzak, beraz, Foru Aldundiak xedatu duena baino aurrekontu altuagoa dakar, baita gainerako erakundeen gastu- eta inbertsio-ahalmen handiagoa ere; diru-sarreren zatirik handiena (6.795,8 milioi) beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuak finantzatzeko konpromisoak betetzeko erabiliko da, hala nola Estatuari dagokion Kupoa, Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak eta Bizkaiko udalen finantzaketa, eta azken bi kasuetan aurten egindakoekin alderatuta, ordainketak handitu egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren kasuan 161,7 milioi euro igo dira ekarpenak, eta 33,1 milioi udalenak.

Bizkaia egiten

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazi duenez kontu horiek bere gobernuak hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uzteko duen helburu handia bultzatzen dute; enplegu eta jarduera ekonomiko gehiago eta hobearekin, mugikortasun iraunkorragoarekin eta aukera-berdintasun handiagoarekin. Bizkaia hobe hori egiteko, Rementeriak 2020rako aurrekontuko partida duten zenbait proiektu estrategiko identifikatu ditu, hala nola, Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa, Ezkerraldeko Parke Teknologikoa, itsasadarraren azpiko tunela, Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea, Gaztelugatxeko San Juanen hobekuntza edo bidegorriak.

Era berean, Aldundiak pertsonen lehentasun berberak dituela adierazi du, eta horregatik enpleguari erabateko lehentasuna ematen jarraitzen duela, 2020ko aurrekontuan Enplegu Plan Berezira bideratuko diren 10 milioietatik lehenengo 2,5 milioi euroak sartuz. Era berean, adinekoentzako, mendekotasunak dituzten  pertsonentzako, emakumeentzako, umeentzako eta zaintzaileak diren pertsonentzako aurrekontuko partidak handitu dira.

Bestalde, gastu-arauak eta Aurrekontuen Egonkortasunari buruzko  Legeak Bizkaiko aurrekontuetan dituzten ondorioei buruz ohartarazi du Ahaldun Nagusiak; izan ere, diru-sarrerak % 3,17 haziko diren bitartean, sailek gastatu dezaketenaren hazkundea % 2,26ra mugatzen da. Rementeriak Espainiako Gobernuari gastu-arauari buruzko hausnarketa egin dezala eskatu dio, Bizkairako galga dela uste baitu, inbertitzeko eta hobetzeko ahalmena mugatzen diolako arduratsua eta zuhurra den Aldundi bati,  zor oso neurrikoa duenari eta Estatuak baino rating maila hobeak dituenari.

Gobernu Kontseiluan onartuta, Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektua Batzar Nagusietara bidaliko da. Izapideen lehen egunetan, foru diputatu guztiek batzordean zehaztuko dituzte  euren sailek 2020ko ekitaldirako aurreikusten dituzten inbertsioak eta gastuak.

Iturria: BFA