Prentsa Aretoa

2019/04/10

Autogobernua, garapen iraunkorra eta eskubide eta askatasunen defentsa, EAJ-PNVren hauteskunde egitasmoaren ardatz nagusiak

Sabin Etxean eskaini den prentsa aurrekoan, Aitor Estebanek aldarrikatu ditu jeltzaleek azken legealdi honetan Euskadiren onerako lortu dituenak, denak “lanaren eta egiteko modu zuzenaren ondorioz” erdietsitakoak, eta baieztatu du EAJ-PNV dela “euskal hiritargoarentzat boto baliagarri bakarra”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Hauteskunde Orokorretarako hautagai jeltzaleek gaur aurkeztu dute EAJk apirilaren 28an aurkeztuko duen hauteskunde egitasmoa. Autogobernuaren defentsa eta bere garapena, pertsona guztien askatasunak eta garapen iraunkorra dira egitasmoaren ardatz nagusiak. Egitasmo hau 14 atalek osatzen dute eta 130etik gora neurri jasotzen ditu.

Sabin Etxean eskaini den prentsaurrekoan, Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, lehenengo eta behin aldarrikatu du EAJ-PNVk “zuzen eta ondo” egiten jakin izan duela etengabe legealdi osoan: “Ezegonkortasun politikoa nagusi den garai honetan, guk erakutsi dugu jakin dakigula politika egiten, elkarrizketa bideratzen eta negoziatzen dakigula gure egitasmoa betetzera begira”, esan du. Hala aipatu ditu amaitu berri den legealdian Euskadirentzat lortutako batzuk: Kupoaren Lege berria, pentsio guztiak oro har igotzea, Euskal Y trenbidearen planifikazio osoa, Euskadirentzat gako diren beste azpiegitura batzuei emandako bultzada, Forondako 24 orduko zerbitzua, eta I+G eta kultura alorretako inbertsioak, beste hainbaten artean. Zentzu honetan, Estebanek nabarmendu duenez hurrengo legealdian ere “EAJk egin ezik Madrilen inork ez du Euskadi defendatuko”. “Estatuko alderdi bakar batek ere ez du Euskadi gogoan eramango. Sánchez, Casado, Rivera eta Iglesias elkarren arteko liskarrean sartuta daude buru belarri, ez dute euskal hiritargoaren alde lan egiten. Horregatik, boto baliagarria EAJ-PNV da”. Esteban prentsakoen aurrean agertu da Joseba Agirretxea eta Mikel Legardarekin, hurrenez hurren Gipuzkoa eta Arabako zerrendaburuekin eta Senaturako hautagai Almudena Otaola (Araba), María Dolores Etxano (Bizkaia) eta Maribel Vaquerorekin (Gipuzkoa).

Estebanek atalez-atal azaldu ditu hauteskunde egitasmo jeltzalearen gako nagusiak, pertsonak protagonista nagusitzat hartuta, berdintasuna planteatzen duena politika transbertsal gisa eta, autogobernuaren garapenaz eta pendiente dauden eskuduntzen transferentziaz gain, neurri zehatzak planteatzen dituena gizartearen kezkei erantzuteko. Gai horiek dira,besteak beste eutanasia, pentsioak, energiaren iraunkortasuna, lan merkatua, gardentasuna edo politika ekonomiko eta industriala, I+G sektoreari eta Euskadirentzako azpiegitura nagusiei bultzada erabakigarria emanez.

Azken finean, Euskal Taldea Kongresuan eta Senatuan izango da Euskadi babesteko “kai-muturra”, gaur egungo eskumen markoa txikitzeko eman daitekeen inboluzio arriskuari aurre egiteko, nazio aniztasuna aldarrikatuz, pertsonen ongizateak hazkunde iraunkor eta jasangarria behar duela argi izanik, hazkunde kohesionatua eta oinarri sendoak izan behar dituen eredu ekonomikoan sustraituta. Hori dena egingo dugu giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatuz, etika eta gardentasuna jarduteko oinarri nagusitzat hartuz.