Prentsa Aretoa
2018/10/30
2019ko aurrekontuarekin aldaketa bat hasiko da Bizkaiko mugikortasun-eredu berri baterantz
Unai Rementeriak azaldu duenez, aurrekontuan 58,6 milioi areagotuko da sailen gastu-ahalmena, eta partida garrantzitsu batzuk bideratuko dira jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen dituzten obren inbertsiora
Bizkaia - Aurrekontuak 2019
AURREKONTUAK - 2018/10/30
Bizkaiko Foru Aldundiak 2019. urterako aurrekontu orokorren proiektua onetsi du; guztira, 8.216,7 milioi euroko diru-sarrera eta gastuak jasotzen dira, eta 403,5 milioi euro gehiago daude (% 5,16) aurtengo aurrekontuaren aldean. Erakundearen konpromisoak eta gastua kenduta, Foru Aldundiko sailek gastu-ahalmen handiagoa izango dute: 1.253,3 milioi euro. Kopuru horren arabera, sailek 58,6 milioi gehiago izango dituzte (% 4,9) 2018ko ekitaldian baino.
Hazkunde horren zatirik handiena, Gizarte Ekintza Sailean izango da, sail horretan Aldundiaren gastuaren % 43 biltzen baita: 537,8 milioi euro. Ekonomi eta Lurralde Garapenerako Sailak (283,6 milioi euro) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak (140,0) dira gastu-ahalmena handiena duten hurrengo bi sailak. Ogasun eta Finantza Sailak eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak, berriz, 2018ko ekitaldian baino diru gutxiago izango dute; izan ere lan batzuk amaitu dira eta desagertu egin dira dagozkien partidak.
Datozen egunetan, aurrekontuak Batzar Nagusietan izapidetzen direnean, foru-sail bakoitzak zehaztuko ditu proposatutako gastu-partidak; hala ere, Unai Rementeria ahaldun nagusiak dagoeneko aurreratu ditu aurrekontuaren ildo nagusi batzuk. Besteak beste, aldaketa bat egin nahi da bizkaitarren ohituretan, bizikleta erabil dezaten eguneroko joan-etorrietan garraiobide gisa. Aldaketa horretarako urteak edo, are gehiago, hamarkadak beharko direla eta azpiegituretan inbertitu behako dela jakitun, Ahaldun Nagusiak iragarri du bidegorri berriak eraikiko direla Bizkaian zehar 2019. urtean, eta hamar milioi euro gastatuko direla lanetan. Bidegorri-sarea zabalduta eta bizikletarekin batera trena eta metroa erabilita, Aldundiak kotxearen erabilera murriztu nahi du, eta Bizkai hobe, berdeago, modernoago eta osasuntsuago baterako aldaketa egin.
Obra publiko gehiago eta diru gehiago herrientzat
Diru-bilketa handiagoa eta, beraz, gastu-ahalmena handiagoa egotea aurreikusita, Rementeriak adierazi du zuhur jokatu behar dela, jarduera zein enplegua sortzen dituzten inbertsioak berreskuratuz. Hori horrela, 2019. urterako aurrekontuan, 96 milioi euro bideratuko dira Aldundiak egiten dituen obra publikoen partidetarako: itsasadarraren azpiko tunela, Supersurra osatzeko lanak, Bizkaiko eskualde guztietan egingo diren lanak, eta Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroa.
Horrez gainera, adierazi du Bizkaiko Udalek diru gehiago izango dutela 2019. urtean herrietako hobekuntzetan inbertitzeko, eta gogorarazi du era horretan Bizkai osoa ere hobetzen dela. Aurrekontuen proiektuan udalen finantzaketarako jasotako partidetan, guztira, 896,8 milioi daude, ekitaldi honetan baino 46,2 milioi euro gehiago.
Aldundiaren konpromiso instituzionalen artean, Eusko Jaurlaritzarentzako ekarpena nabarmentzen da, % 6,7 igo baita (5.139,4 milioi eurokoa izango da guztira) eta Estatuari ordaindu beharreko kupoa, ia puntu bat jaitsiko dena, 527,9 milioi euroraino. Aldundiaren beraren gastuen artean, Foru Aldundiko langileei ordaintzeko partida nabarmentzen da; partida hori % 7,25 hazi da, 217,9 milioi euroraino.
ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09