Prentsa Aretoa
2017/11/17
Rementeria, Aburto eta del Campo: Ahalegin guztiak egingo ditugu MTV EMA 2018 sariak ahaztezinak izan daitezen guztiontzat
Bizkaiko Foru Aldundiak MTV sariek lurraldean izan dezaketen eragin ekonomikoari buruzko lehen aurreikuspena egin du: Bizkaian 44 milioi euroko itzulkin ekonomikoa utziko lukete, eta ia 600 lanpostu sortu eta mantentzen lagunduko lukete
Joan zen igandean, Londresen, MTV Europe Music Awards sarien galaren 24. edizioan, MTVk iragarri zuen Europako musikaren sarien 25. urteurrena BECen ospatuko dela 2018an. Gaur, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak bizkaitar guztiekin partekatu dute beren esanetan berri bikaina den hori, Bizkaia osorako sari bat da-eta, guztion artean Bizkaia lurralde egonkor, moderno, lehiakor eta, batez ere, erakargarri bihurtzea lortu dugulako.
Ahaldun Nagusiak esan duenez, ziur dago elkarrekin ezin hobeto egingo dugula, eta onuragarria izango dela guztiontzat. Ahalegin guztiak egingo ditugula guztion artean MTV sariak ahaztezinak izan daitezen Bizkaia osoarentzat. Gainera, adierazi du lan-batzorde bat sortuko dela, eta erakunde guztiek ordezkaritza izango dutela bertan.
Rementeria, Aburto eta Del Campo harro daude munduko herrialde guztien artean MTVk Bizkaia, Bilbo eta Barakaldo aukeratu izanaz Europe Music Awards sarien galaren 25. urteurrena ospatzeko. Ahaldun Nagusiaren hitzetan, garena garelako eta garen bezalakoak garelako jaso dugu sari hau. Izan ere, guztion artean Bizkaia lurralde egonkor, moderno, lehiakor eta, batez ere, erakargarri bihurtzea lortu dugu. Bizkaiak erakarri egiten du, gero eta gogokoago dute nazioartean. Gero eta jende gehiagok etorri nahi du hona, eta hemen ekitaldiak antolatu. Eta horrek esan nahi du lan ona egiten ari garela. Era berean, Rementeriak nabarmendu du MTV EMA sarien banaketa hemen egitea aukera bikaina dela Bizkaiarentzat, eta aprobetxatu egin behar dela: Bizkaiak garai ona bizi du, eta aukera hau aprobetxatu behar dugu munduari erakusteko industrian, gizartean, turismoan eta gastronomian dugun ahalmena. Gehiago ezagutu gaitzaten, eta, batez ere, hobeto. Eta horrelako ekitaldiek, besteak beste, 50 Best Restaurants galak edo Rugby Champions txapelketak, lagundu egiten dute ezagutu gaitzaten.
Ekitaldia Bizkaia osorako ona izango dela sinistuta, Ahaldun Nagusiak -bere esanetan, munduko kontu eta zuhurtzia guztiarekin-, MTV sariek lurraldean izan dezaketen eragin ekonomikoari buruzko lehen aurreikuspena partekatu du. Adierazi duenez, aurreko ekitaldietan izan duten esperientziaren arabera, 2018ko MTV sariek Bizkaian 44 milioi euroko itzulkin ekonomikoa utziko lukete, eta ia 600 lanpostu sortu eta mantentzen lagunduko lukete. Baina lehenengo hurbilketa hau aldatu egingo da seguruenik, erabaki gabeko aspektu guztiak definitzen dituztenean. Izan ere, lehenengo hurbilketa hori egiteko Bizkaian egin diren beste ekitaldi handi batzuk hartu dira oinarritzat. Datu zehatzagoak izan arte, zifra positiboa eta garrantzitsua dela nabarmendu du.
Ahaldun Nagusiak adierazi du MTV EMA sarien gala hartzeko funtsezkoa izan dela erakundeen arteko talde-lana, eta eskerrak eman dizkie Aburtori eta del Campori, helburua lortzeagatik. Rementeriaren ustez, horrek adierazten du elkarrekin indartsuagoak garela, elkarrekin lan egiten dugula, eta erakundeek guztiontzat onak diren proiektuak egin nahi dituztela beti. Erakunde indartsuak izateak gizarte gisa ere indartsuago egiten gaitu, gaineratu duenez.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea pozik agertu da eta lan egiteko konpromisoa adierazi du, bere hitzetan, 2018. urtea ikusgarria izango baita Bilbon: foroak, kongresuak eta kirol-, kultur- eta musika-ekitaldiak egingo dira, besteak beste, MTV sarien banaketa. Aburtok azpimarratu du ekitaldi horiek erakundeen arteko lankidetzari esker egingo direla.
Era berean, harro agertu da hiriak nazioartean duen proiekzioarekin; izan ere, Bilbok 2018ko Europako hiririk onenaren saria eskuratu ondoren, ekitaldi horiek hemen egiteak adierazten du gure hiria Europako hiriburu garrantzitsuen maila berean dagoela eragin ekonomiko handiko nazioarteko ekitaldiak erakartzeko.
Azkenik, gogorarazi du hoteletan gelarik ez dagoela adierazten duen kartela eskegi arren, arrakastak ez gaituela hilko. Horrek guztiak ez diela ikusmena lausotzen, eta argi dutela zein den beren benetako helburua: urte guztian zehar hemen bizi eta lan egiten duten pertsonak.
Bestalde, Amaia del Campo harro agertu da sarien gala Barakaldon egingo delako. Esan duenez, Londresetik ilusioa eta aukerak ekarri dituzte. Eta herritarrak pozik eta harro daude, egiaztatu dutelako Barakaldo ekitaldi handietarako anfitrioi izateko kontuan hartzen dela. Urte bete dutela herrira etor daitezkeen bezeroak nolakoak izango diren aztertzeko, Barakaldoko kaleei ahalik eta etekinik handiena nola atera pentsatzeko. Gaineratu du, arrazoi hori dela eta, merkatari eta ostalariekin harremanetan jarri direla, eta elkarrekin lan egiten jarraituko dutela Barakaldon MTV sarien erritmoa sentitu dadin. Talde-lana. Taldean lan egin nahi dute herriko taldeekin. Alkateak adierazi du talde-lanean aritu direla Aldundiarekin eta Bilborekin ere, eta, lan horri esker, MTV EMA sarien 25. urteurrena gure lurraldean ospatuko dela.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09