Prentsa Aretoa

2017/10/31

Aldundiak 2018ko Bizkaiko Aurrekontu Proiektua erregistratu du Batzar Nagusietan

Kontu publikoak euskarri elektronikoan ematearen eta erregistroaren irudiarekin, hilebete bi iraungo dituen Batzarretako tramitazioari hasiera ematen zaio

rss Ezagutzera eman
Aldundiak 2018ko Bizkaiko Aurrekontu Proiektua erregistratu du Batzar Nagusietan

ARGAZKIA JAITSI

Ana Otadui, Batzar Nagusietako presidenteak, 2018rako lurraldeko Aurrekontu Proiektua jaso du gaur José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza foru diputatuaren eskutik. Kontu publikoak euskarri elektronikoan ematearen eta erregistroaren irudiarekin, beste urteetan egun honeetan gertatzen den moduan, hasiera emango zaio abenduaren amaierara arte luzatu daiteken prozedurari.

Batzar Nagusiek arauzko proiektua onetsi ostean, foru diputatuek, bakoitzaren sailari jagokozan kontuak azaldu beharko dituzte datorren asteazkenetik aurrera egingo diren informazio batzordeetan. Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean egingo diren informazio saioek hiru egun iraungo dute.

Herritarren alegazioak

Gainera, aurrekontuak, beste edozein Foru Arau proiekturekin gertatzen den moduan, herritarren partaidetzara zabalduko dira, arautegiak adierazten den moduan. Bizkaiko Batzar Nagusiek hurrengo egunetan aurkeztuko dute dokumentua ‘jjggbizkaia.eus’ webguneko ‘Herritarren atarian’, bizkaitar guztiek proiektuaren aurrean dituzten ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketarako proposamenak bideratu ahal ditzaten. Horretarako epea 10 egunekoa da. Iaz, herritarrek, taldeek, alkarteek edo GKEk bidalitako 20 alegazio eta iradokizun jarri zituzten mahai gainean Batzarretako taldeek. Horreek guztiek euren proposamenak helduarazi zituzten, batzuk orokorrak eta beste batzuk oso zehatzak, arazo jakin batzuei erantzuteko edo hainbat gairen inguruan Aldundiaren esku-hartzea eskatzeko.

Aurrekontuen gaineko eztabaida, prozesua urtea bukatu aurretik amaitu daiten dago antolatuta. Diputatuen agerraldiak egin eta dokumentua herritarrek egin beharreko alegazioetarako zabaldu ostean, Batzar Nagusietako Mahaiak epea zabalduko du batzarretako sei taldeek 7.813 milioi euroko zenbateko osoa hartzen duen aurrekontuen aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditzaten. Kopuru horretatik 1.193 milioi eurokoa da sailek erabili dezaketeena.

Jatorrizko testuari aurkeztu beharreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero, Bizkaiko Batzarrek aztertuko dituzte, lehenengo osoko saioa deitu aurretik. Saio hori abenduaren erdialdean izango da, eta bertan testu osoaren aurrean aurkeztu diren zuzenketa-eskeak eztabaidatuko dira lehenengo. Osoko bilkura horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta batzarretako izapidetza hilebete horren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko batzordetik igaro ostean geratzen diren zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituen beste osoko bilkura batekin.

ITURRIA: Bizkaiko Batzar Nagusiak