Prentsa Aretoa
2017/06/06
Unai Rementeria: “Aldundia kalean dagoela, entzuten duela eta parte-hartzea sustatzen duela erakusten duen adibiderik onena da”
Azarotik maiatzera bitartean, lurraldeko hamar eskualdeetako 650 herritarrekin bildu da euren kezkak eta proposamenak entzuteko
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur goizean eman ditu jakitera herritarrei kontuak emateko egin dituen eskualde-bileren ondorioak. Azarotik maiatzera bitartean, lurraldeko hamar eskualdeetako 650 herritarrekin bildu da euren kezkak eta proposamenak entzuteko. Guztira 1.562 proposamen eta Ahaldun Nagusiari zuzendutako 246 idatzi jaso dira. Balorazio orokorra 4 puntukoa izan da 5 puntutik. Alderdi hauek nabarmendu dituzte: hurbiltasuna, gizarte kohesioa, mugikortasuna eta enplegua. Hobetzeko proposamenei dagokienez, gai hauek jorratu dira: bide-azpiegiturak, garraio publikoa, gizarte politikak, gazteen enplegua eta ekintzaileei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programak. Bilera bakoitza hiru fasetan egituratu da eta bi ordu inguruko iraupena izan du: sarrera eta Foru Aldundiaren proiektu estrategikoen berri ematea, lan-mahaiak eta solasaldia. Oro har, hamar eskualde-bilera horietan 1.700 datu aztertu eta 62 lan-mahai egin dira.
"Hau ez du inork lehenago egin; Aldundia kalean dagoela, herritarrak entzuten dituela eta guztien parte-hartzea sustatzen duela erakusten duen adibiderik onena da. Aldundi honek aurpegia ematen du eta gaur duela hilabete batzuk baino gobernu irekiago bat gara. Parte-hartzea eta gardentasuna bezalako kontzeptuak gainditu eta modernizatu ditugula uste dut". Hitz horiekin baloratu ditu gaur goizean Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, herritarrei kontuak emateko egin dituen hamar eskualde-bilerak. Bilera horiek azarotik maiatzera bitartean egin dira Bilbo, Nerbioi-Ibaizabal, Arratia, Durangaldea, Ezkerraldea, Lea-Artibai, Enkarterri, Eskuinaldea, Txorierri-Mungialdea eta Busturialdea eskualdeetako herritarrekin.
Guztira Bizkaiko 78 udalerritatik etorri diren eta profil oso desberdinek dituzten 650 herritarrek parte hartu dute bilera horietan. 1.562 iruzkin eta ekarpen egin dituzte, bai eta Unai Rementeriari zuzendutako 246 idatzi ere. "Niretzat oso esperientzia positiboa izan da —jarraitu du esaten Rementeriak—, merezi izan du, zalantzarik gabe. Oso baliagarria izan da niretzat; izan ere, orain badakit bizkaitarrek gugandik zer espero duten", adierazi du Ahaldun Nagusiak.
Parte hartzaileek ere, oro har, modu oso positiboan baloratu dituzte bilerak eta 5 puntutik 4 puntu eman dizkiote ekimenari. Batez ere hurbiltasuna eta aurpegia emateko garrantzia nabarmendu dituzte, baita herritarrak entzutea eta Ahaldun Nagusiarekin zuzenean euren kezkei buruz hitz egiteko aukera izatea ere. Horrez gain, modu positiboan baloratu dute Foru Aldundiak zertan lan egiten duen eta baliabideak nola batzen eta banatzen dituen hobeto ezagutzeko izan duten aukera.
Bizkaian gizarte kohesioa sendotzeko egindako ahaleginek herritarren bigarren balorazio onena jaso dute; zehazki, alderdi hauen ingurukoak: nagusientzako zerbitzuak, mendetasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta aukera-berdintasuna bermatzeko eta inor ere atzean ez uzteko jarduketak. Mugikortasunari lotutako alderdiek ere oso balorazio ona jaso dute, nagusiki, errepideetan egindako obrek eta Bizkaibus zerbitzuak, bai eta Foru Aldundiak, bereziki, gazteen, emakumeen eta langabezian luzaroan egon diren pertsonen artean jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko martxan jarri dituen proiektuek ere.
Jasotako proposamenei dagokienez, gehien jorratu den gaia mugikortasunarena izan da. Bide-azpiegiturak hobetzeko, bide berriak egiteko eta Bizkaibusen ordutegi eta linea batzuen eraginkortasuna hobetzeko iradokizunak jaso dira. Horien atzetik, bigarren postuan, eskaera hauek nabarmendu dira: gizarte politikak sendotzea eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonei laguntza ematea.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak alor horretan hasitako jarduketek balorazio ona jaso duten arren, bileretan parte hartu duten pertsonek azpimarratu dute Bizkaian langabeziari irtenbide bat bilatzeko lan egiten jarraitu beharra dagoela. Nagusiki, egitura ekonomiko solido batean gazteek kalitatezko enplegua aurkitzeko dituzten arazoen gaineko kezka helarazi dute. Horrez gain, ekintzaileak eta enpresak babesteko ahaleginak bikoizteko eskatu dute.
"Garraio publikoa eta errepideak mantendu eta hobetuko ditugula espero dute bizkaitarrek. Pozten nau herritarrek zuzenean eraginkortasunari buruz, garraio publiko eraginkorrago bat egiteari buruz, hitz egitea. Behar duenari lagunduko diogula espero dute, bai eta benetan behar duen zainduko dugula ere. Lehen mailako eta bigarren mailako eskualderik ez egotea espero dute. Eta gure enpresei eta autonomoei jarduera ekonomikoa eta enplegua, bereziki gazteentzako enplegua, sortzen lagunduko diegula espero dute. Horiek izan dira hilabete hauetan zehar gehien errepikatu diren mezuak", azpimarratu du Unai Rementeriak.
Proiektu estrategikoak eta Ahaldun Nagusiari zuzendutako idatziak
Goazen 2030 dokumentuan jasotako Bizkaiko Foru Aldundiaren 120 proiektu estrategikoetatik herritarrek 97 baloratu dituzte. Hona hemen interes gehien eragin duten gaiak, hurrenez hurren: gazteentzako enpleguaren sustapena, iruzurraren aurkako borroka, enpresa txiki eta ertainentzako babesa, enpresa berritzaileak sortzeko laguntza, burokraziaren murrizketa, tokiko merkataritzaren garapena, talentuaren babesa, sektore ekonomiko estrategikoen babesa eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako programa berriak.
Balorazioak eta proposamenak egiteaz gain, parte-hartzaileek Unai Rementeriari zuzenean idazteko aukera izan dute. Guztira 246 idatzi jaso dira, esker onak eman nahiz informazio-eskaera zehatzak egiteko bidali direnak. Ahaldun Nagusia idatzi guzti horiek irakurtzen ari da eta emango die erantzuna, sailen baten erantzun espezializatua eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Azken kasu horietan, hasierako erantzun bat bidaliko da eta gero dagokion saialari igorriko zaio erantzun espezifikoa eman dezan.
Metodologia
Bilera bakoitza hiru pausotan egituratu da eta bi ordu inguruko iraupena izan du: Lehenengo zatian, Unai Rementeriak sarrera bat egin eta kontuak eman ditu foru-erakundearen proiektu estrategikoen egikaritze-mailari dagokionez. Horren ostean, lan-mahaiak egin dira jasotako informazioa modu positiboan edo negatiboan baloratzeko, bai eta Bizkaia Goazen 20130 dokumentuan jasotako proiektu batzuk hautatu eta baloratzeko ere. Azkenik, hirugarren fasean, mahairik gabeko solasaldi lasaiago bat egin dute.
"Oso prozesu gogorra izan da, bi orduko etengabeko azterketa bat", adierazi du Rementeriak. Halaber, herritarrak entzuten eta herritarrei kontuak ematen jarraituko duela esan du: "Gauzak aldatzeko politikan sinesten dut nik. Baina aldatzeko tresnarik garrantzitsuena pertsonak, herritarrak, dira. Herritarrak politikaz fidatzea lortu behar dugu, politikara itzul daitezela, eta helburu hori lortzeko gobernu irekia da gure aliaturik onena".
Oro har, hamar eskualde-bilera horietan 1.700 datu aztertu eta 62 lan-mahai egin dira. "Eta horren ostean, zer? Herritarrek gehien errepikatu duten eskakizunetako bat mota honetako ekimen gehiago egitea izan da, hau ez dadila hemen geratu. Gehiago eskatzen badigute, gehiago egongo da. Orain hurrengo pausoak zeintzuk izango diren aztertu behar dugu, baina berriro diot Bizkaiari kontuak ematen jarraituko dugula" esanez amaitu du Rementeriak.
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09