Prentsa Aretoa

2017/02/09

Ahaldun nagusia Durangaldeko herritarrekin bildu da haien eskariak entzuteko eta bere kudeaketaren kontuak emateko

Eskualdeetako herritarrei kontuak emateko laugarren bilera izan da; aurrekoak Bilbon, Nerbioi-Ibaizabalen eta Arratian egin dira, azaroan eta abenduan zehar

rss Ezagutzera eman
Ahaldun nagusia Durangaldeko herritarrekin bildu da haien eskariak entzuteko eta bere kudeaketaren kontuak emateko

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, gaur arratsaldean Durangon izan da, foru erakundean aurrera eramaten ari diren proiektuen kudeaketaren berri ematen eta batzarrean parte hartu duten Durangaldeko 70 herritarren proposamenak entzuten.

Aldundiak udalerri horretan jarri du herritarrei arreta integrala emateko lehenengo bulegoa, eta Unai Rementeriak horren garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian. "Aldundia Durangora ekarri dugu, zuek Bilbora joan beharrik ez edukitzeko gurekiko izapideak egitera. Nire ustez horixe da modernizazioa eta hurbiltasuna". Bulegoak bi hilabete pasatxo daramatza lanean eta orain arte 7.350 laguni eman die arreta. Honako zerbitzu hauek eskatu dira gehien: zerga-ziurtagiriak, katastroaren gaietarako laguntza espezializatua, errentari eta ondareari buruzko informazioa, eta Aldundiari zuzendutako agirien erregistroa.

Eskualdeko bide-azpiegituretan egindako inbertsioa ere ekarri du gogora Ahaldun Nagusiak, eta Foru Aldundiak bidesarietarako sustatu duen tarifa lauaren onura nabarmendu du. "Gerediaga-Elorrio autobia amaitu dugu. Orain 12.000 auto eta 1.800 kamioi gutxiago dituzue zeuen herrietan, segurtasun handiagoa duzue eta bizi kalitate hobea. Ermuko saihesbidean ari gara lanean. Eta bidesarien arazoari ere konponbidea eman diogu. Ezarri dugun tarifa lauak 7.205 bizkaitarri ekarri die onura, eta horietariko asko inguru honetakoak dira. Gutxi gorabehera lau onuradunetik bat, %26, Durangaldekoak dira. Berriro diot: arazoa non, konponbidea han".

Rementeriak azaldu du, gainera, 2016an Aldundiak 8 miloi euro inbertitu dituela eskualdeko ETE eta autonomoak babesteko programetan eta 21 milioi euro adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei eta gizartetik baztertzeko arriskua dutenei laguntzeko.

Eskualdeetako herritarrekin guztira hamar bilera dira egitekoak eta Durangokoa laugarrena izan da. Aurretik beste batzuk egin dira Bilbon, Basaurin (Nerbioi-Ibaizabal) eta Igorren (Arratia), azaroan eta abenduan. Hurrengo bilera Ezkerraldean izango da, Santurtzin, otsailaren 23an.

ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia