Prentsa Aretoa

2016/12/01

Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen boluntariotza bultzatzeko kanpaina bat abiarazi dute

#IzanZuAldaketa leloarekin, kanpainaren bidez boluntarioen lana balioetsi nahi da eta, halaber, Bizkaiko gazteen artean boluntariotzari lotutako ekimenak sustatu nahi dira

rss Ezagutzera eman
Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen boluntariotza bultzatzeko kanpaina bat abiarazi dute

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gaur goizean #IzanZuAldaketa kanpaina aurkeztu dute. Ekimen horren bidez, hain zuzen, lurraldeko gazteen artean boluntariotza sustatu nahi da eta, halaber, gazteek gizarte erakundeetan egiten duten boluntario-lana balioetsi nahi da.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea den Maialen Olabek kanpainaren garrantzia azpimarratu du. Ikus-entzunezko piezak izango dira oinarri kanpainan, eta batez ere sare sozialen eta interneten bidez zabalduko da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren barruan sortu zen Astialdi Foroa izeneko lantaldearen eskari bati erantzuten dio kanpainak; lantalde horrek aisialdiko 17 ikastetxe eta 10 federazio hartzen ditu barnean, denak lurraldekoak. Olaberen esanetan: Astialdi Foroak aspaldi eskatu du boluntario gazteen lana aintzatesteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker gaur urrats garrantzitsua eman dugula uste dut.

Ondoren, #IzanZuAldaketa kanpainak dituen bost bideoetako bat proiektatu da, eta gero, lau boluntario gaztek elkarte desberdinetan izan dituzten esperientziak azaldu dituzte. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak esan duen bezala horiek dira benetako protagonistak.

Aurkezpenean parte hartu duten lau gazteek adierazi dute boluntariotzan izan duten esperientzia oso aberasgarria izan dela, eta denok lagun dezakegula, bakoitzaren inguruabarrak aintzat hartuta noski, parte hartzeko eta konpromisoa hartzeko modu desberdinak baitaude. Honako hau azpimarratu du: Garrantzitsuena nahi izatea da.

Foru Aldundiaren Bizkaiko Behatokiko zuzendaria den Maitane Leizaolak eman dio amaiera ekitaldiari, eta nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak apustu irmoa egin duela gazteentzako aukerak sortzeko. Lurraldeko gazteen aldeko apustu argia egin nahi dugu, erakunde guztien parte hartzearekin, eta, jakina, gazteen parte hartzearekin ere bai. Ildo horretan, Leizaolak adierazi du kanpaina funtsezkoa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren etengabeko lankidetzaren esparruan sartzen dela; horri esker, gainera, gaur hemen aurkeztu direnen antzeko ekimenak gauza daitezke. Bi erakundeek 168.000 euroko lankidetza hitzarmena sinatu dute urte honetan zehar Bizkaiko gazteen artean ekimenak sustatu ahal izateko. Ondoren hauxe adierazi du: Ziur nago #IzanZuAldaketa kanpainari esker gazteak boluntario moduan parte hartzera animatuko direla. Kanpaina abenduaren 5aren bezperatan abiaraziko da, mundu osoan ospatzen den Boluntarioen Nazioarteko Eguna gertu dagoenean, hain zuzen.

Era berean, Leizaolak honako hau gogoratu du: legegintzaldian izan dugun leloak, balioa berezia izango du 2017. urtean zehar: Bizkaia Goazen izenekoa Bizkaia Goazen Gazteak izango da. Lanean ari garelako, baina ez da nahikoa. Gazteek gizartearen esparru guztietan duten zeregina erakusten tematu behar gara, baina baita gazteek gizarteari ematen dioten balioa erakusten ere.

ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia