Prentsa Aretoa

2017/01/23

Aldundiak bere kontratu publikoetan klausula sozialak eta ingurumenekoak sartzen hasiko da

Klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuei dagozkien klausulen katalogoa jasotzen duen gida praktikoa eta erregelamendu betearazlea onetsi da

rss Ezagutzera eman
Aldundiak bere kontratu publikoetan klausula sozialak eta ingurumenekoak sartzen hasiko da

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak onetsi duen erregelamendu betearazlearen bidez, foru erakundearen kontratazioko arduradunek klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuei dagozkienak sartu ahal izango dituzte kontratazio prozeduran. Erregelamendu betearazlea klausula horien gida praktiko batean garatzen da, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak hemendik aurrera lizitatu behar dituen kontratu guztietan sar daitezkeen klausulen katalogo osoa jasotzen duen gida praktikoan. Gida hori sail guztietako zerbitzu buruen eta foru sektore publikoko erakundeen eskura egongo da bihartik, urtarrilaren 24tik, aurrera.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren esanetan, "onartutako klausula horiek pertsonen onerako izatea nahi dugu, lagabezian daudenen, autonomoen eta Bizkaiko enpresa txiki zein ertainen onerako".

Gida praktikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren esperientziaren emaitza da, bai eta jatorri ezberdinetako plegu, instrukzio eta zirkular askoren emaitza ere. Aldundiaren kontratuetan sar daitezkeen eta gida horretan jasotzen diren klausulak 14 tipologiakoak dira. Kontratuen helburuak hauek dira: lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegua sustatzea; langabeziari aurre egitea; gizartean baztertuta dauden edo hala egoteko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea ahalbidetzea; oinarrizko lan-eskubideak errespetatzen direla bermatzea; enpleguaren kalitatea sustatzea; lan osasuna eta segurtasuna sustatzea; ingurumena zaintzea; ingurunea zaintzen duten ekoizpen-sistemak sustatzea; herritarren hizkuntz eskubideak bermatzea eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea.

Gainera, gidan eranskin bat dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren kontratuetan enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen partaidetza erraztera beren-beregi zuzendutakoa. Neurrien artean hauek nabarmentzen dira: kontratu handiak lotetan banatzeko aukera; eragile ekonomikoak elkartzea eta elkarrekin batera duten gaitasun ekonomikoa, finantzarioa eta teknikoa handitzea sustatzea; esparru-akordioak eragile bakarrarekin egin ordez, eragile ekonomiko batzuekin egiteko aukera sustatzea; pleguetan azpikontratazioa arautzea enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak kontratatu ahal izateko; eskaintzak egiteko laguntza eskaintzea enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei; ordaintzeko epeak betetzen direla bermatzea enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen azpikontratazioetan.

Klausulak nola sartu

Gida praktikoan jasotakoaren arabera, klausulak Bizkaiko Foru Aldundiaren baldintza administratibo berezien agirian bi fasetan sar daitezke: adjudikazioduna hautatzeko fasean eta kontratua gauzatzeko fasean. Lehenengo fasean, klausula jakin batzuk sartzen dituzten enpresei puntuazioa hobea ematen zaie, eta, bigarrenean, kontratua gauzatzeko baldintza bereziak ezartzen dira.

Klausula guztiak ez dira kontratu guztietan aplikatuko. Lotura egon behar da klausularen eta kontratuaren xedearen artean; gainera, proportzionaltasuna egon behar da, hau da, kontratuaren zenbatekoa, iraupena eta jarduera sektorea, besteak beste, hartu behar dira kontuan. Horretaz gain, klausulak sartzeko, printzipio hauek errespetatu behar dira: lehia, lizitazioetan parte hartzeko askatasuna, prozeduren publizitatea eta gardentasuna eta lehiakideen arteko diskriminaziorik eza eta tratu-berdintasuna, Europar Batasuneko kontratazio publikoari buruzko araudian eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.

Bizkaiko Foru Aldundiak kontratuaz arduratzeko izendatutako erakundeak edo pertsonak jarraipena egingo du enpresa edo erakunde adjudikaziodunak bereganatutako kontratu-betebeharrak betetzen ari direla egiaztatzeko; betebeharrak bete ezean, kontratuaren aurrekontuaren % 10era arteko zehapenak jar daitezke, ez-betetzearen larritasunaren arabera, are gehiago, kontratua suntsiaraztea ekarriko du funtsezko betebeharrak badira, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 223 f) artikuluaren arabera.

Agintaldi honetako konpromisoa

Bizkaiko Foru Aldundiaren lizitazioetan sartuko diren klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuei dagozkienak onestea agintaldi honetako konpromiso bat da. Aldundiak duela hilabete batzuetatik lan egin du gai horretan, 2013ko urrian onartu eta Estatuaren Administrazioak errekurritu zuen instrukzioa behin betiko baliogabetu ondoren. Instrukzio horren bidez, lan-baldintzak eta neurri sozialak mantentzeari buruzko irizpideak ezarri ziren, kontratazio publikoko prozeduretan aplikatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi zuen Estatuaren Administrazioaren errekurtsoa, eta 2014ko uztailean baliogabetu zuen instrukzioa. Bizkaiko Foru Aldundiak, kontratazio hurbilagoa eta eraginkorragoa egiteko asmoari helduz, kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean; hala ere, 2016ko otsailean, Auzitegi Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi eta irmo bihurtu zuen.

Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ildo horretan lan egiten jarraitu du, Aldundiak konpromisoa duelako kontratazio publikoa erabiliz kontratazio arduratsuaren estrategia ezartzeko. "Klausulok lana hobetzen laguntzea nahi dugu, lan horren kalitatea. Eta gerta daitezkeen lan tratu txarrak erabat ekiditea, baita langileek soldata hobeagoak izatea ere", amaitu du Ahaldun Nagusiak.

ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia