Prentsa Aretoa
2016/10/05
EAJ-PNVren ebazpen proposamenek enplegua, suspertze ekonomikoa eta gizarte zerbitzuen hobekuntza lehenesten dute
Bizkaiko Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak bost proposamen propio atera ditu eta zuzenketak aurkeztu dizkien beste horrenbeste proposamen babestu ditu
Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldeak bost ebazpen proposamen propio atera ditu eta gainerako talde politikoek aurkeztutako beste horrenbeste proposamen babestu ditu Gernikako Batzar Etxean gaurko bilkuran testuak adostu ondoren. Bere gobernu egitasmoarekin bat eginik, talde jeltzaleak enplegua, suspertze ekonomikoa eta gizarte zerbitzuak lehenetsi ditu. Horrela, hain zuzen, talde politiko ezberdinek ahaldun nagusiaren hitzen ondoren aurkeztu dituzten ebazpen proposamenen eztabaidarekin, iragan asteazkenean lehen bilkurarekin hasitako Politika Orokorrari buruzko osoko bilkura amaitu da. Lehen saio hartan, Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundian ahaldun nagusi gisa eman duen lehen urtearen balantzea egin zuen eta hurrengo ekitaldietarako aurreikusten duen gobernu egitasmoa aurkeztu zuen.
Ganberako ordezkarien gehiengo zabal batekin onetsi diren EAbren ebazpen proposamenen gai nagusiak izan dira enplegua, suspertze ekonomikoa eta gizarte zerbitzuak, baina horiek ez dira proposamen horietan jorratu diren gai bakarrak izan. Jeltzaleek beren proposamenetan landu dituzten beste gaiak izan dira garraioa, kultura eta familia, Foru Aldundiari Batzar Nagusietan onetsi diren ebazpenak betetzea eskatzeko xedearekin.
Suspertze ekonomikoari dagokionez, EAbk lehenetsi beharrekotzat jo du Bizkaian ‘zilarrezko ekonomia’ izenez deitu dutena garatzeko estrategia garatzea, berrikuntza eta garapen ekonomiko alorreko aukeratzat hartuta,eta gure nagusien bizitza kalitatea eta ongizatea hobetzeko egiten den apustu gisa ulertuta.
Enpleguari dagokionez, kontratazio publikoaren esparruan, oinarrizko lan eskubideak bermatzeko neurriak lehenestea eskatu da (politika publikoetan irizpide sozialak, etikoak eta ingurumen alorrekoak barnean hartuz eta sustatuz) eta, aldi berean, kontratazio horretan Bizkaiko ETE-ek parte hartzea bultzatuz. Ildo beretik, EAJ-PNVk langabezi egoeran dauden langileen prestakuntza eta berkualifikazioa aldeztea eta sustatzea defendatu du, produkzio sektoreetan ematen diren eskariei eta etorkizunera begira enpleguak izango dituen beharrizanei erantzutea xede.
Gizarte zerbitzuei dagokienez, talde jeltzaleak Bizkaiko ganberan aurkeztu duen proposamenaren bidez, foru erakundeari eskatu dio, herrialdeko udalekin lankidetzan,gizarte zerbitzuen kartera abian jartzeko urratsak ematen hastea, gaur egungo errealitatea ulertuz eta norbanakoen eskubide subjektiboak bermatuz.
Garraioa ere izan da EAJ-PNVren hausnarketen hizpideetako bat. Hala, Aldundiari eskatu diote Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren lanak bultza ditzala; bereziki, tarifak integratzeko sistema eratzera eta garraio publikoaren eskaintza koordinatzera begira.
Adostasuna Bizkaiaren onerako
Ganberak onartu dituen bost ebazpen proposamenekin batera, EAJ-PNVk beste talde batzuek aurkeztutako beste horrenbeste proposamen babestu ditu, dagokion taldearekin testua behin adostu ondoren. Horrela, horietako batean foru aldundiari eskatu zaio Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren lehen atalean jasotako jarduerak garatzea eta ebaluatzea (suspertze ekonomikoa eta enplegua) gaurko langabeziari aurre egiteko xedez. Horietako beste batean, baina enpleguaren alorrean ere bai, Aldundiari eskatu zaio langile autonomoei eta ETEei babesa emateko zerbitzua abian jartzea, entitate horiei beren negozioak finkatzen laguntzeko; ahalegin berezia jarriko da lanean hainbat urte daramatzaten enpresen kasuan, ekintzailetza programa publikotik datozenen eta jarraitzeko babesa behar duten enpresen kasuetan.
Kulturak ere bere tokia izan du EAbk planteatutako proposamenetan. Hala, Foru Aldundiari eskatuko zaio Bilboko Itsas Museoaren programazioa eta museoko edukiak eguneratzeko neurriak bultzatzea, eta exekutiboari eskatuko zaio Arte Ederren Museoko bildumen balioa ezagutarazteko beharko diren besteko azterlanak eta akordioak sustatzea.
Talde jeltzaleak era berean babestu du Aldundiari Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzea eskatzeko adostu den testua, bere eskumenen barruan, familia eta lana uztartzen laguntzeko eta Bizkaiko errealitate demografikoaren egoera hobetzera begira.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09