Prentsa Aretoa

2015/10/29

Bizkaiko Foru Aldundiak egunean 1,4 milioi euro inbertituko ditu 2016an pertsonak artatu eta zaintzeko

Bizkaiaren 2016ko aurrekontuei esker, egunean 1,4 milioi euro inbertitu ahal izango dira pertsonak artatu eta zaintzeko.

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko Foru Aldundiak egunean 1,4 milioi euro inbertituko ditu 2016an pertsonak artatu eta zaintzeko

ARGAZKIA JAITSI

Hala azaldu du Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Aldundiaren datorren ekitaldirako kontuak aurkezterakoan. Eta esan du aurrekontuok diseinatu direla, hain zuzen ere, legegintzaldiko helburu handiak lortzeko bidean aurrerapausoak emateko: ekonomia-jarduera eta enplegua, modernizazioa eta eraginkortasunaren eta gardentasunaren aldeko apustua, Bizkaia eta munduaren arteko konexioa, eta lurralde-kohesioa.

Aurrekontuok, guztira, 7.437,7 milioi euro dira, aurten baino % 2,6 gehiago, eta sailek erabilgarri izango duenak ere gora egingo du; izan ere, erabilgarria % 2,4 gehituko da, 1.178.210.000 euro izateraino. Ahaldun Nagusiak, bere agerraldian, Ogasun eta Finantzen diputatu José María Iruarrizagak izan du lagun, eta adierazi du aurrerapausoak ematen jarraitzen dugula krisia eta haren ondorioak atzean uzteko. Izan ere, gaineratu du aurkeztu duten aurrekontua aliaturik onena dela Bizkaiak legegintzaldi honetarako dituen helburu nagusiak gauzatzeko, hala nola Bizkaian ekonomia-jarduera eta enplegua areagotzeko, Bizkaia modernoagoa, eraginkorragoa eta gardenagoa lortzeko, munduarekin hobeto konektatuta dagoena eta, aldi berean, barruko kohesio handiagoa duena.

Proiektu nagusiak

Rementeriak Aldundiaren 2016rako aurrekontuaren atzean dauden proiektu nagusietako batzuk zerrendatu ditu, eta esan du haien bidez aurrerapauso handiak eman ahal izango direla datozen lau urteetarako helburuetan. Jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko jardueretarako, adibidez, 60 milioi euro erabiliko dira: haietako 12 milioi ekintzailetzarako dira; 13 milioi berrikuntzarako; 4 milioi inbertsioa sustatzeko; beste 2,6 milioi talenturako, eta, azkenik 17,8 milioi euro enplegu-planetarako. Funts horien onuradunak, besteak beste, Doing Business in Biscay edo Energy Intelligence Center programa estrategikoak izango dira.

Administrazio modernoago, eraginkorrago eta gardenagoa lortzeko inbertsioak 12 milioi euro hartuko ditu, Gertu programan eta Behatokian, bereziki. Eta pauso txikiak ematen hasiak gara Bizkaia munduarekin konektatzeko, esaterako, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusia hasi da lanean. Eta Bizkaiak nazioartean duen enbaxadore nagusia, Guggenheim museoa, sendotzeko, berriz, 6,5 milioi euro erabiliko ditu Aldundiak. Eta beste ekimen ugari ere egingo da, gainera.

Legegintzaldi honetarako lehentasunezko ardatzetako laugarrenak, azkenik, 240 milioi euro hartuko ditu datorren ekitaldian, honela banatuta: Bizkaibus zerbitzuaren (81,4 milioi euro) eta Metroaren 3. linearen (29,4 milioi euro) finantzaketa, Bizkaiko errepideak mantentzeko Interbiaki egiten zaion ekarpena (80 milioi euro) edo ura eta hondakinak kudeatzeko aurrekontua (50 milloi euro).

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia