Prentsa Aretoa
2015/07/19
EAJ-PNV “apaltasun osoz” agertu da euskal gizartearen zerbitzura, eta bere sorreraren 120. urteurrenean Euskadi “adostasunaren oinarri gainean” eraikitzeko konpromisoa berretsi du
EBB-ren presidente Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkullu Lehendakariak, jatorriari sexuari, ideologiari edo erlijioari begiratu gabe, euskal herritar guzti-guztiekin hartutako konpromisoa berretsi dute gaur Gernikan, erakundeetako ordezkaritza zabalaren aurrean eta beren lekukotasuna eskaini duten 2.500 alderdikide eta alderdizaleren aurrean egin den ekitaldian.
EAJ: 120 urte Euskadi Hazi Arazten
ZINA - 2015/07/19Andoni Ortuzarren hitzaldia EAJ-PNVren sorreraren 120. urteurrenean
MINTZALDIA - 2015/07/19Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzaldia EAJ-PNVren sorreraren 120. urteurrenean, Gernikan
MINTZALDIA - 2015/07/19
“Ezerk ere ezin izan du zaharra baina gero eta gazteagoa den Alderdi hau menderatu. Harrotasun osoz esaten dugu, baina harrokeria izpirik gabe. Guztiz alderantziz, apaltasun osoz esaten dugu. Apalak gara, gure Alderdiaren meritua, burukideengan baino, Herriarengan dagoela dakigulako, EAJ Euskadi aske, oparo eta bidezkoa eraikitzeko tresna dela uste dugu. Apaltasunez jokatzen dugu jakin badakigulako ordezkaritza handi hau euskal hiritargoak une historiko honetan gugan jarri duen konfiantzatik datorrela. Baina konfiantza hori, boto horiek ez dute txeke zuririk ekartzen. Boto horiek ez dira alderdiarenak. Botoak herritarrenak dira eta konfiantza hori egunez egun irabazten da. Behar den momentuan ordaindu behar den mailegua bezalakoa da. Hartu diren konpromisoei erantzunez. Zorroztasunez. Egiaren bidez. Zalaparta eta itxurakeriarik gabe. Une bakoitzean jendearen ardura eta kezkei erantzunez. Herritarrei entzunez. Hurkoaren egoera eta sentipenak ulertuz. Zalapartarik eta harrokeriarik gabe. Gardenak izanez. Kritika onartuz eta huts egiteak zuzenduz. Behar denean barkamena eskatuz. Apalak izango gara gauden tokira herritargoak eraman gaituela ulertzeko, gauzak ondo egiten jakiteko. Interes publikoa edonolako berekoikeriaren gainetik jartzeko, herriaren interesa Alderdiaren apeta eta nahien gainetik jartzeko. Apalak izango gara, inoiz konfiantza horri kale egiten badiogu, gure nortasuna eta izateko arrazoia galduta izango ditugula jakiteko. Gu , beste alderdiak ez bezala, ez gaude soilik eredu sozial edo ideologiko bat defendatzeko. Hori ere oso garrantzitsua bada ere, guk ere ataza garrantzitsuagoa daukagu: Herri eredu bat defendatzea, Nazio eredu bat eta gizarte eredu bat. Alderdi gisa huts egiten badugu, herritarren konfiantza galdu egingo da, eta ez bakarrik Alderdiarentzat, baizik eta baita euskal nazio proiektuarentzat ere. Beraz, begira diezaiogun apaltasun eta begirune osoz, gugandik horrenbeste espero duen gizarteari”.
Hitz horiekin, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak euskal hiritargo osoari adierazi nahi izan dio EAJ-PNV-k bere sorreraren 120. urteurrena ospatzeko ekitaldian eskaini izan dion mezua: EAJ euskal gizon eta emakumeen zerbitzura egon da, dago eta egongo da; oparotasunaren, ongizatearen eta bere eskubideen zerbitzura; bere askatasunaren zerbitzura eta nazio bateko kide gisa aitortuak izateko duten eskubidearen zerbitzura. Eta, halaxe izango da, apaltasun osoz, zazpi euskal herrialdeetan ospatu diren azken hauteskunde hauetan lortu duen ordezkaritza zabalak suposatzen duen erantzukizunaz jabetuta eta, beraz, oinak lurrean sendo eta ondo jakinik hiritargoaren konfiantza ez dela betirako pribilegio bat, baizik eta aldi baterako ematen den agindua, etengabe berrikusia eta neurtua dena.
EAJ-PNV-k gaur bere 120. urteurrena ospatzeko Gernikan egin duen ekitaldia bi agertokitan garatu da. Goizeko 11:00etan, eta EAJ-PNV-k Eusko Jaurlaritzan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Aldundietan; Eusko Legebiltzarrean eta Europar Parlamentuan, Diputatuen Kongresuan eta Senatuan dituen ordezkarien aurrean; Ortuzarrek adierazpen bat irakurri du talde jeltzaleak ‘Euskadi nazio Europan’ egitasmoaren helburuarekin duen konpromisoa berresteko eta giza eskubideekiko begiruneari eusteko zin egite gisa. Dekalogo honek, aldi berean, Sabino Aranak berak oinarrizko gaietan ezarri zuen jarrera indartzeko balio du, hau da, zerbitzu publikoa emateko orduan zaindu beharreko zintzotasuna, euskara, berdintasuna, gizarte babesa eta ingurumena zaintzea.
11:30ean, Ortuzarrek eta Iñigo Urkullu lehendakariak Seber Altube anfiteatroan, foru hiribilduko eskola zaharren ondoan egin den ekitaldi politikoan hitz egin dute. Toki horretan, EAJ-PNV-ren 2.500 alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Ortuzarrek argi utzi nahi izan du berak zuzentzen duen taldeak ez diola uko egiten zazpi herrialdek osatutako euskal nazioa eraikitzeko eta bere aitortza lortzeko ‘zazpiak bat’ goiburuari, eta helburu hori lortzeko lana egingo duela bide horretan erritmo eta prozesu ezberdinak burutu behar badira ere. “Sabino Arana pozarren egongo litzateke gaur gure artean. Berak bere Herriarengan piztu nahi zuen abertzaletasuna inoiz baino sendoagoa da gaur egun. Eta, hori lortzeko sortu zuen tresna, EAJ-PNV alderdia, gaur egun da erakunde indartsu eta herrikoia, bere historian hainbat zailtasun eta egoera latz gainditu behar izan dituena: debekua, jazarpena, erbestea, espetxe zigorra, zatiketak...”. Testuinguru horretan, jeltzaleen buruak oso argi utzi nahi izan du EAJ-ren jarrera eta eskakizunak, Espainiar Estatuaren barruan Konstituzioa aldarazteko haz daitekeen balizko prozesuaren aurreran. “ EAJ eta euskal hiritarrok presente egon behar dugu (balizko aldarazpen horretan), gertatuko dena gertatzen dela, Euskadirentzat ona izan dadin; 78an ezin izan zena, orain egingarri izan dadila; gure nazio eskubideak aitortuak izan daitezela; Estatuarekin dugun harremana aldatzeko; Europa mailan dugun egoera hobetzeko. Baina guk ez dugu inor engainatu nahi: gure nazio nortasuna aitortuta izan beharko du, burujabetzarekin, elkarrekiko korrespondentziarekin, berdinen arteko itunaren bidez baino ezin izango da lortu EAJ-PNVrekin akordio bat adostea”. Une horretan, Ortuzarrek mezu argia igorri nahi izan die EAJ-PNVren alderdikide guztiei. “Alderdiak egoera honek eskatzen digun mailan egon behar du . Eta Alderdia zuek zarete, gu guztiok gara. Guri dagokigu prozesu historiko hau bizitzeko ohorea eta erantzukizuna. Gudariek eta Agirre Lehendakariaren oinordetzak, erbestean urte luzeak eman zituztenek, isilpean ere Alderdiaren su garra bizirik gorde zutenek, horiek guztiek merezi dute guk orain gure ahaleginik onena egitea. Egoerak eskatzen digun mailan egon behar dugu. Baina, batez ere, euskal gizarte hau da ahalegina merezi eta eskatzen duena, bere geroaren jabe izan nahi duen euskal gizartea, alegia”.
Urkullu lehendakariak, bere aldetik, Agirre Lehendakariak lehen Euskal Estatutuaren proposamen hura onetsi zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako alkateen mugimenduko aintzindari gisa esan zituen hitzak ekarri ditu gogora :‘Inoiz ez nuen pentsatuko halako gertakizun handiaren buru izateko ohorea izango nuela. Lizarra, Europa osoko herririk zaharrena, euskal erregioen artean eman den anaitasunezko besarkadaren eszenatokia da. Ekitaldi honetan, Estatutuaren bidez aldarrikatuko duzue zuen borondatez nahi duzuen sistemaren bidez gobernatzeko duzuen eskubidea’, esan zuen orduan Agirrek. “Gaur anaitasunezko besarkada ematen diogu elkarri Zazpi Herrialdeetako euskal emakume eta gizonok. Gure herriaren zerbitzura eta haren defentsan hartu dugun konpromisoa berretsiko dugu. Elkarrekin lan egiten segituko dugu Euskadiren nazio nortasun honek aitortza eta egokiera izan dezan mundu osoko Herri eta Nazioen artean”, esan du Urkulluk. Hori bai, Lehendakariak gogora ekarri du EAJ-PNV-k baduela “ ideario demokratiko bat, ibilbide garbia, bortxakeria orotik aldendua”. “Sekula ere ez dugu onartu kausa politikoa printzipio etikoen eta giza eskubideen gainetik jartzea. Gure eredua da Euskadi ideietan, errespetuan, aniztasunean, akordioan eta hitzarmenetan oinarritzea eta sustrai horietan eraikitzea. Edonolako koakzio eta inposaketa arbuiatzen dugu. Ez dugu inola ere onartuko gure ahalmen eta gaitasunak murriztea, birzentralizatea inposatzea edo euskal hiritargoaren borondate aske eta demokratikoa mugatzea. Europari begiratzen diogu, Euskadiren geroari begiratzen diogu, atxikimendu askearen bidez aitortua izango den nazio gisa merezi dugun tokia lortzeko lana egiten dugu”.
Ekitaldi politikoa ezusteko eder eta ikusgarri batez amaitu da. Ortuzarrek bere hitzaldiaren azken hitzak esan dituenean, Quim Moya artistak amaitu egin du zuzenean mitinaren agertokian bertan egin duen ‘live painting’ artelana. ‘Glitter art’ (purpurina bidezko artea) izeneko teknika baliatuz, Moyak marrazki batzuk egin ditu, azken momentura arte ulertu ezin izan direnak. Lana amaitutakoan bertaratu guztiek txalo zaparrada bero eta hunkitua eskaini diote artelana bere osotasunean ikustean: Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeen silueta, EAJ-PNVren eta Euskadiren historiaz eta orainaz hitz egiten diguten elementuak, ideia bakar batean laburbiltzen direnak: ‘EAJ-PNV: 120 urte Euskadi Hazi Arazten’.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09