Prentsa Aretoa
2015/04/27
Unai Rementeriak Bizkaiko ekonomia eta enpleguaren inguruan albiste onak izango direla aurreratu du bere hauteskunde egitasmoa aurkezteko ekitaldian
Hautagai jeltzaleak bere egitasmoa aurkezteko ekitaldian adierazi duenez "gelditasunaren kontrako antidotoa" izango da eta bost konpromiso, hamar egitasmo estrategiko eta 350 jarduera jasotzen dituela aurreratu du. “Gure helburu nagusia da ekonomia suspertzea eta enplegua sortzen segitzea, pertsonengan inbertitzen segitzeko" laburtu du Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak.
Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaiak, albiste onak iragarri ditu Bizkaiko ekonomia eta enpleguarentzat, gaur goizean, Bilboko portuan, herrialde osoan jarduera ekonomiko zentrorik nagusienean, bere hauteskunde egitasmoa aurkezteko egin den ekitaldian. “Hauteskunde egitasmo hau geldotasunaren kontrako antidotoa da. Bizkaia bultzatzeko ekimen berria da jarduera ekonomikoa eta enplegua areagotzea helburu. Duela urte batzuk albistea zen enpresek hemendik alde egiten zutela; gaurko albiste ona da enpresa indartsuek Bizkaia aukeratu dutela, Bizkaira etorriko direla. Azken asteotan oso albiste onak jaso ditugu: Bizkaian Gestamp-en linea berria irekitzea lortu dugu, TyssenKrupp multinazionalak I+G zentroa eraikiko du Zamudion, Alstom multinazionala lantegi berria hasi da eraikitzen Ortuellan. Bizkaian hazten diren enpresa handiak, Bizkaia hazi arazten duten enpresak. Eta, aurreratu nahi dizuet epe laburrean oso albiste onak hel daitezkeela, oso oso onak . Asko, gainera. Gogor ari gara eta baikorra naiz. Hori da gure lan ildoa: Bizkaia mundura lotzea eta gure herrialdearentzako aukerak bilatzea. It’s the time for Biscay”, esan du Rementeriak.
Zentzu horretan azpimarratu du “Doing Business in Biscay” egitasmoa, atzerriko inbertsioa erakartzeko eta bertako inbertsioa sustatzeko (lurzoru industrial eskaintza erakargarria, zerga sistema bereziak ematen dituen abantailekin, finantzaketa bereziarekin eta laguntasun publikoekin enpleguaren sorkuntzan, berrikuntzan eta nazioartekotze esparruan" eta Bizkaia mundu mailako aukera zentroekin lortzeko sarea bilbatzeko asmoarekin: AEB, Pazifikoko Aliantza, Europako Iparraldea eta Asiako Hego Mendebaldea. "Bizkaia lotu behar dugu mundu mailako aukera zentroekin. Mundua da gure aukera".
Rementeriaren ondoan izan dira Ibone Bengoetxea, Ana Otadui eta Imanol Pradales, hurrenez hurran, Bilbo, Durangalde eta Ezkerraldeko zerrenda-buruak. Rementeriak adierazi duenez, berak espero du jarduera hauen bidez, apurka-apurka, ekonomia eta enplegua suspertzea. "Dena dela, gizarte talde batzuk daude berehalako jarduerak behar dituztenak. Horregatik, hitza ematen dugu hurrengo lau urteotan 10.000 enplegu sortzea bultzatuko dugula epe luzean langabezian egon direnentzat, 45 urtetik gorakoentzat eta gazteentzat. Ez dira hitz hutsak. Konpromiso formala da, eta legegintzaldi honetan sortzen lagundu ditugun 6000 lanpostuek abalatzen gaituzte. Esan eta egin. Hitza betetzen dugu, baina batez ere, egin egiten dugu; gure ahalegina, ekinez egina".
Gizarte gaietan lankidetza Europako Iparraldeko herrialdeekin
Egitasmo ekonomikoaz eta enpleguaz gain, bere egitasmoaren gai nagusiak izango direlarik, hautagaiak beste arlo batzuetan ditugun beste konpromisoak azaldu ditu. Gogoratu egin du iragan astean esparru kulturalerako dituen proposamenak aurreratu zituela, eta asteazken honetan gauza bera egingo duela eskualde alorrean, azpiegituretan eta ingurumenean. Gizarte Ekintzari dagokionez, bi helburu ditu " Inor atzean ez uztea eta Bizkaia Europako Iparraldeko herrialdeekin lortzea, elkarrekin eta abangoardia sozialarekin lan egiteko". Rementeriak "Iparra Argi" egitasmoa iragarri du, lankidetza egonkorra bilatuko duena Suedia, Finlandia eta Danimarkarekin, elkarren artean esperientziak trukatzeko eta elkarrekin zahartzearekin eta urritasunarekin zerikusia izango duten industria teknologikoak garatzeko.
Era berean esan du adinekoak direla bere erreferenterik nagusienetakoa eta esan du zahartze aktiboa sustatuko duela mendekotasuna prebenitzeko modurik onena delakoan. Zaintzaileen Estatutua ere iragarri du, mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten senideei bermeak, prestakuntza eta babesa emateko. "Zaintzaileak zaindu behar ditugu" defendatu du. Eta dena, lan kontzeptu berri baten oinarrian: "Ez dugu adinekoentzako edo gazteentzako politikarik egingo; politikak nagusiekin eta gazteekin egingo ditugu. Bizkaiaren eraikuntzan parte hartzeko unea da Bizkaia denon artean eraikitzen dugulako ”.
Gainerako hautagaientzako erronka
Ahaldun Nagusirako EAJ-PNV-ren haugagaiak baieztatu du aldaketa eta ilusio olatua dakarrela eta gauzak bestela egin nahi dituela. "Gizarteak exijitu egin digu politika beste parametro batzuekin egitea: hurbiltasunarekin, gardentasunarekin, herritarren parte hartzearekin eta burokrazia gutxiagorekin. Guk ere sinesten dugu gizarteak politika egiteko orduan nahi duen era berri horretan. Horregatik, hitza ematen dugu hiritarren parte hartze plana bultzatuko dugula, Bizkaia Zeugaz, eta gardentasun plana ere egingo dugu, Bizkaia Zabaltzen. Hortik ere dator 0,0 politikarekin hartu dugun konpromisoa: zero irain, zero joko zikin . Hitza ematen dut ez dudala inor irainduko eta ez diodala inori joko zikinik egingo. Ez hauteskunde kanpainan,ezta legegintzaldiko lau urteotan ere. Gauza bera egitea proposatu nahi diet gainerako hautagaiei".
Unai Rementeriak bere azken hitzetan esan du EAJ-PNVk jakingo duela krisiaren amaiera ekarriko duen aukera baliatzen. "Aldi berria irekitzen ari da eta politika berria dugu beharrezko. Aukera handia daukagu Bizkaiarentzat. Jokoan dugu suspertzea, geldotasun egoeratik irtetea. Hau ez da esperimentutan aritzeko momentua. Suspertzeak bermea, egonkortasuna, esperientzia eta proiektuak behar ditu, eta EAJ da hori dena eskaintzeko moduan dagoen alderdia. Balore segurua gara Bizkaiarentzat. Nire kezka nagusia da Bizkaiko gizarteari azken hilabeteotan adierazi didan ilusioa nola itzuli ahal diodan. Erronka bikaina daukagu, hori badakit; baina ilusioarekin, lantalde honekin, ideia hauekin eta elkarrekin lan eginez, Bizkaia izango da krisitik irteteko eta herrialdea berreskuratzeko eredua”.
Jose Luis Bilbaoren lekukoa hartzeko aurkeztuko den hautagai jeltzaleak esan du Bizkaiko hauteskunde egitasmoa ez duela paperean inprimatuko ingurumena gogoan eta gastuak kontrolatzeko,eta esan du Bizkaiko gizon eta emakumeek bere web gunean (olatuadator.eus) eta EAJ-PNVren web gunean (eaj-pnv.eus) eskuragarri izango dutela hauteskunde egitasmoa hasi eta minutu bat geroago.
BOST KONPROMISOAK
1-PERTSONEN DUINTASUNA . Pertsonak dira herrialde baten bihotza.Bizkaiaren garapenean inor ezin dugu atzean utzi; hori dela eta, burutuko ditugun jarduera guztien helburu nagusia izango da biztanleria osoaren ongizatea hobetzea.
2-BALOREAK. EAJ-PNV-ren foru gobernuak hitza ematen du gardentasunik gorenarekin, zintzotasunez, garbitasunez eta ahaleginik handiena eginda jardungo duela, eta balore horiek foru erakunde osoan eta Bizkaiko gizarte osoan zabalduko dituela.
3- IREKIAK ETA HURBILAK IZATEA ETA BUROKRAZIA MURRIZTEA. Foru Jauregia herritar guztion etxea da eta ahaldun nagusiak eta bere lantaldeak, herritar guztion gobernua osatzen dute. Erabakiak ere denon artean hartuko dira. Entzuten jakin behar dugu, hitz egiten, negoziatzen eta adosten.
4- ZORROZTASUNA ETA ERAGINKORTASUNA. Diru publikoa herritarren poltsikoetatik irteten da eta ahal den zorroztasun eta eraginkortasunik handienarekin administratu behar da.
5-ESPARRU PUBLIKO ETA PRIBATUAREN ARTEKO LANKIDETZA. Pertsonen garapena, herrialdearen eta Bizkaiko enpresen garapena ezin da lortu bakoitza bere aldetik lan eginez . Ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarik gorenena behar dugu. Denon mesederako. Bizkaia denon artean egiten dugu.
GAURKO EKITALDIAN IRAGARRI DIREN EGITASMO ESTRATEGIKOAK (Beste seiak kanpainan iragarriko dira)
1-Bizkaian nazioarte mailako enpresak ezartzea bultzatzeko egitasmoa: “Doing Business in Biscay”.
2-10.000 lanpostu sortzeko pizgarriak emateko egitasmoa.
3-Gardentasunerako Foru Plana: Bizkaia Zabaltzen. Hiritarren Parte Hartzerako Plana: Bizkaia Zeugaz.
4-Euskararen sustapena, ingurumenaren jasangarritasuna eta berdintasuna Bizkaiko Foru Aldundiaren sail eta barne erakunde guztietan.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09