Prentsa Aretoa

2015/03/08

Unai Rementeriak Batzar Nagusietarako EAJ-PNVren hautagaitza aurkeztu du Bizkaia hazi araziko duen ilusio eta aldaketa olatu gisa

Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak “Olatua dator” goiburua aurkezteaz batera, Mundakan esan du EAJ-PNV dela lanpostu galduak berreskuratzeko, jarduera ekonomikoa suspertzeko eta zerbitzu publikoak bermatzeko olatu ona. Bere jarreraren bidez aldendu da beste batzuek praktikatzen duten joko zikinetik.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Itxaso Atutxa: “Besteak beren betiko jardunean ari diren bitartean, guk egiazko arazoak konpontzen ditugu”
    2015/03/08

    ARTXIBOA JAITSI

  • Unai Rementeriak Batzar Nagusietarako EAJ-PNVren hautagaitza aurkeztu du Bizkaia hazi araziko duen ilusio eta aldaketa olatu gisa
    2015/03/08

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

“Bizkaia hazi arazteko ilusio eta aldaketa olatua”. Horrela definitu du gaur Unai Rementeriak Mundakan, mundu osoko ezkerreko olatu onenetakoaren sorlekuan, EAJ-PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietarako aurkeztuko duen hautagaitza. Jeltzaleen zerrenda burua abokatu ekonomilaria da eta 41 urte ditu. Bere hitzetan, olatu on horrek dakartza berarekin politika berria, enplegu eta ekonomiaren aldeko apustu argia eta EAJk ordezkatzen dituen bermea eta segurtasuna. Halaber, politika egiteko beste modua aldarrikatu du, irainetatik, gezurretatik eta joko zikinetik aldendua, eta ustelkeriaren marra zeharkatuko duenarekin zorrotza izango dela iragarri du: “Berandu helduko gara batzuetan, nekatuta eta haserre ere… baina burua tente eramango dugu. Gure seme eta alabak harro egongo dira beti beren gurasoekin. Hori ez da negoziagarria” ezarri du.

Ekonomia eta enplegua izan dira bere hitzaldiaren gai nagusiak, Emakumearen Nazioarteko eguna delako, emakume guztiei txalo zaparrada beroa eskaini ondoren. “Aurrera egiteko eginak gara, herri hau berriro ere suspertzeko eginak. Olatu ona hartu behar dugu jarduera ekonomikoa sortarazteko eta berriro ere hazteko eta zerbitzu publikoak bermatzeko” azpimarratu du Rementeriak, “Olatua dator” goiburua aurkeztean. Oraingo Lehendakaritza diputatuak ondoan izan ditu zerrendakide dituen hautagaiak,Itxaso Atutxa eta Andoni Ortuzar, hurrenez hurren Bizkai Buru Batzarraren eta Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak; hainbat alderdikide eta alderdizaleak; Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagaia eta Jose Luis Bilbao, Bizkaiko foru ahaldun nagusia,zeinengandik besarkada beroa jaso duen.

“EAJ-PNV alderdian jende serioa gara, oso serioa. Kudeaketa lan onaren eta egonkortasunaren bermea gara. Bizkaiak behar duena gara ziklo hau behin betiko aldatzeko. Gure ibilbideak abalatzen gaitu: Bizkaia modernoa eraiki dugu, Europako erregio aurreratuenen pare gaude eta etorkizun ikusgarria dugu” aldarrikatu du hautagai jeltzaleak.

Zerrendan lau langabe eta bataz beste 42 urteko adina

Rementeriak esan du EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten 28 gizon eta 25 emakumeak (bataz beste, 42 urteko adina) “ondo prestatuta daude, pertsona konpromisodunak eta arruntak dira. Kalean dagoenaren isla gara”. Hautagaiak iragarri du 40 goi tituludun izango dituela lankide: “Hamaika abokatu,sei ekonomilari, bost Zientzia Politikotan titulatuak, bost kazetari, bi ingeniari eta osagile bat… eta lau langabe. Bai, lau langabe: Sara, Irene, Gorka eta Maria. Zuen arazoa gure arazoa da. Eta hitza ematen dizuet gure lehentasuna izango dela. Ekonomia izango dugu helburu eta, batez ere, enplegua. Beharrean dauden familiak ondo egon arte, Bizkaia ezin izango da ondo egon”.

Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak azaldu du ekonomia suspertzeko apusturako beharrezko dugula herrialdea mundura irekitzea: “It’s the time for Biscay. Mundua da gure aukera. Bizkaiak hartu behar du astelehenero hainbat gizon eta emakumek Loiun hartzen duten hegazkina. Europa, Amerika edo Asiara doazen pertsonak produktuak saltzera eta aberastasuna sortzera. Bizkaiak gauza bera egin behar du: maleta hartu eta aukerak bilatzera joan”.

Unai Rementeria oso serio jarri da ustelkeria politikoaren gaia jorratzean: “ Etxera berandu helduko gara batzuetan, nekatuta eta inoiz haserre ere bai… Baina burua tente eramango dugu beti. Gure semeak eta alabak harro egon behar dute beren gurasoekin. Hori ez dugu negoziatuko. Ziur nago ez dela gertatuko, baina benetan zorrotza izango naiz baten bat ustelkeriaren marra zeharkatzen badu. Guztion ahalegina kudeatzen dugu eta horrek zintzotasun osoa eskatzen du. Eta seriotasuna ere bai, seriotasun handia”.

Politikan aurkitu ez duen seriotasuna: “Ez dut bat ere gustuko ikusten dudana: irainak, joko zikina, probokazioak, gezurrak…. Politikak aldaketa behar du. Ideiak, egitasmoak eta ilusioa duen jendea behar du. Ez dugu behar mina egitea, iraintzea eta gezurretan aritzea besterik egiten ez duen jendea. Politika egunez egun lantzen da, ideia eta konponbideen bidez. Ez da besteak iraintzen egiten, politika ez da egiten erromatarren zirkoaren itxura duten telebistako mahai inguruetan”.

Itxaso Atutxa: “Besteak beren betiko jardunean ari diren bitartean, guk egiazko arazoak konpontzen ditugu”

Itxaso Atutxak azpimarratu du gaurkoa oso egun garrantzitsua izan dela EAJ-PNVrentzat, “Bizkaiarentzako egitasmo berria” aurkeztu delako. Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak Joxean Arzeren esaldia ekarri du gogora tradizioaren eta aldaketaren arteko harmonia azaltzeko: “Iturri zaharretik edaten dugu ur berria”. Burukideak gogora ekarri ditu EAJ-PNVren 120 urteko historia, baina argi eta garbi utzi nahi izan duenez “ Etorkizuna ere bada guri dagokiguna. Etorkizun erakargarria eta itxaropen eta ilusioz betea”. Esperientzia, gaitasuna eta lana dira Itxaso Atutxak ahaldun nagusirako hautagaia deskribatzeko erabili dituen hitz batzuk. “Egin behar dena egingo duten emakume eta gizonen lan taldea zuzenduko du. Beste batzuk betikora dauden bitartean, eta atzo ikusi genuen hori, gu jendearen benetako arazoak konpontzera etorri gara: enplegua, ekonomia, hondakinak, garraioa, pertsonak. Euskal Aberria horrela eraikiko dugulako. Egintzen bidez, eta ez hitz hutsez” azpimarratu du.

Atutxak Jose Luis Bilbao goraipatu du “Agintean 12 urte egon ondoren, Jose Luisek Gorenean utziko du Aldundia. Gorenean utziko du Bizkaia. Eredugarria ere bada bere tokia uzteko modua”. Jeltzaleen buruak azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVren baitan bizitzen ari den trantsizio prozesu eredugarria. “Trantsizio eredugarria egiten ari gara: horretan ere bagara eredugarri. Alderdi indartsu eta elkartua gara. Hori bai dela harro egoteko zerbait. Argi eta garbi dago zein den egoera honetara ekarri gaituena. Bi pertsona handi dira: Jose Luis Bilbao eta Unai Rementeria, eta helburu nagusia: alderdia eta herria” azaldu du.

Rementeriak bezala, Bizkaiko EAJ-PNVren presidente andreak hitzaldia hasi du Emakumeen Nazioarteko Eguna gogora ekarriz, emakume guztiak omenduz eta EAJ-PNVk berdintasunaren alde hartu duen konpromiso irmoa gogora ekarriz. “ Oraindik ere bide luzea geratzen zaigun arren, gero eta hurbilago gaude”.