Prentsa Aretoa
2024/04/18
“Ibarretxe eta Urkullu Lehendakarien ondoan Imanol Pradales agertzen den argazkiak erakusten du igandean Euskadin irekiko den zikloa”
Ilusioa izan da nagusi gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizko Probintzia Plazan EAJ-PNVk egin duen ekitaldian: “Alternatiba bi baino ez daude eta nik Euskadiri proposatzen diot ongizatean eta Herri gisa haztea”, esan du Pradalesek; “Mercedes lantegian egingo den inbertsioa eta kalitatezko enplegua dira EAJ-PNV ereduaren ondorio”, ziurtatu du Urkulluk; “ez dut inor ikusten kargurako Imanol baino ardura eta duintasun handiagoz: prestatua, gaitasunarekin, fidagarria, bere burua landu duena, eleanitza eta indarrez, ilusioz eta Euskadirenganako pasio handiz datorrena”, esan du Ortuzarrek
Andoni Ortuzar, Vitoria-Gasteiz (2024-04-18)
MINTZALDIA - 2024/04/18Imanol Pradales, Vitoria-Gasteiz (2024-04-18)
MINTZALDIA - 2024/04/18Iñigo Urkullu, Vitoria-Gasteiz (2024-04-18)
MINTZALDIA - 2024/04/18Joseba Diez Antxustegi, Vitoria-Gasteiz (2024-04-18)
MINTZALDIA - 2024/04/18Nerea Melgosa, Vitoria-Gasteiz (2024-04-18)
MINTZALDIA - 2024/04/18
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Gaur bertan, Gasteizen, Ibarretxe eta Urkullu Lehendakariek hurrengo Lehendakari izango denarekin, Pradalesekin, egin duten topaketak beste ezerk baino hobeto sinbolizatzen du igandean Euskadin irekiko den ziklo berria. Hauteskundeetan Legebiltzarra aukeratuko da, bai, baina elementurik sinbolikoena izango da Lehendakaria aukeratzen denean. Lehendakaria zein izango den erabakitzea gauzarik garrantzitsuena da benetan. Herri barrura ordezkatuko gaituen pertsona izango da, baina baita kanpora begira ere, Estatuan eta nazioartean. Ezin da edozein izan. Herri handi honek eskatzen duen mailan egon behar du. Zintzotasun osoz, eta pertsona guztiei eta hautagai guztiei zor diegun errespetutik, pertsona bakar bat ikusten dut zeregin hori betetzeko gai dena, ez dut inor ikusten kargurako Imanol baino ardura eta duintasun handiagoz: prestatua, gaitasunarekin, fidagarria, bere burua landu duena, eleanitza eta indarrez ilusioz eta Euskadirenganako pasio handiz datorrena: Imanol Pradales, Euskadik behar duen Lehendakaria”. Horixe izan da Andoni Ortuzar EBBren presidenteak EAJ-PNVk Gasteizko Probintzia Plazan egin duen ekitaldira hurbildu diren ehunka lagunei helarazi dien mezua. Bertan, Imanol Pradales lehendakarigai jeltzaleak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Joseba Diez Antxustegi eta Nerea Melgosa Arabako hautagaiek ere hartu dute hitza. Mitina baino lehen, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu lehendakariak Imanol Pradalesekin elkartu dira Eusko Legebiltzarraren aurrean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan, hautagaiari bere babes osoa adierazteko.
Imanol Pradales EAJ-PNVren lehendakarigaiak adierazi duenez, "igande honetan Euskadik zeinek gobernatuko duen aukeratu behar da": "Bi aukera baino ez daude. Nik ongizatean eta Herri gisa haztea proposatzen diot Euskadiri. Ondo egoteko, ondo bizitzeko eta ondo sentitzeko. Nik proposatzen diot Euskadiri guztiontzako etorkizun hobea eraikitzea. Promesa faltsurik gabe. Akordioetan oinarrituta. Amesten dugunari mugarik jarri gabe egitea proposatzen dut. Anbizioarekin eta autoexijentziarekin etengabe. Erronka horiei aurre egiteko, talderik onena osatuko dut. Gaitasun egiaztatua duten emakumeak eta gizonak. Euskadirekin konprometitutako pertsonak, zerbitzu publikorako bokazioa dutenak eta Euskadik ongizatean eta askatasunean aurrera egin dezan erabaki ausartak hartzeko prest daudenak". Halaber, Pradalesek nabarmendu duenez, "Euskadiri planteatuko zaizkion erronkek EAJren gehiengo politiko sendoa eskatzen dute hurrengo Eusko Legebiltzarrean. Gehiengo sendoa Euskadiko gobernu indartsu batentzat. Ilusioz! Herri harrotasunarekin!".
Zentzu berean hautagai jeltzaleak balioetsi nahi izan du “Euskadiko hiritar izatearen harrotasuna”, bai eta “Europako herrialde erreferenteetako zerbitzuen mailan dauden zerbitzu publikoak izatearen harrotasuna”. Horretarako, Jonas Vingegaard ekarri nahi izan du gogora, birritan Frantziako Tourraren irabazle izan dena. Itzulian istripu larria izan zuen eta 12 egun eman ditu Txagorritxuko ospitalean. Pradalesek esan duenez “alta eman ziotenean Vingegaardek bere esker ona adierazi nahi izan zuen bertan jaso zuen zerbitzu eta tratuagatik. Harrotasuna sentiarazten dit Euskadiko ospitale publiko batean artatua izan delako. Eta inolako derrigorrik gabe, Osakidetzari eta artatu duten profesionalei eskerrak ematera atera delako”.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaurko ekitaldiaz baliatu da enpleguari buruz hitz egiteko, hain zuzen ere, Gasteizko Mercedes enpresari buruz aritzeko: "Euskadiko enpresarik handiena da. Martxoaren 26an, 1.000 milioi euroko inbertsioa aurkeztu zen lantegia handitzeko. Mercedesek Gasteizen egingo ditu furgoneta elektriko berriak. Urte askotako lana eta berri bikaina, 5 mila lanpostu zuzen eta zeharkako beste 30 mila lanpostu sortzea ekarriko duelako". Inbertsio garrantzitsu horren aurrean, Urkulluk ironiaz galdetu du inbertsio hau zein ereduk bultzatu duen eta zein ereduk arriskuan jartzen duen", "argi hitz egin dezagun, greben dinamikak arriskuan jarri ditu Mercedesen inbertsioa eta Euskadirentzat estrategikoak diren beste inbertsio batzuk. Gogora ekar ditzagun Michelin eta Tubacex. Estatuan biztanleriaren % 5 gara eta greben % 50 jasan ditugu. Nora garamatza eredu horrek? Aukerak galtzera. Daukaguna arriskuan jartzera. Etorkizunean Euskadin inbertitzeko mehatxuak proiektatzera". Azkenik, Urkulluk azaldu duenez, "Mercedesen inbertsioa, kalitatezko enplegua eta Euskadiren oparotasuna egonkortasunaren, lankidetza publiko-pribatuaren eta ziurtasunaren emaitza dira". "Euskal erakunde guztien artean eta enpresarekin batera lan eginez atera dugu aurrera", amaitu du.
Harrotasuna. Horixe da Joseba Díez Antxustegi Arabako zerrendaburuak gaur arratsaldean gehien errepikatu duen hitza. Datorren astean San Prudentzio eguneko erretreta hartuko duen plazatik egin ditu adierazpen hauek. “Harrotasuna arabar izateagatik, harrotasuna gure iraganaz, harrotasuna gure Herriaz eta, batez ere, ilusioa, ilusioa euskal gizartearen ongizatea, zure eta zure ingurukoen ongizatea, bermatzera begira ditugun erronkei heltzeko orduan", esan du Joseba Díez Antxustegik bere aldartea deskribatzeko kanpainaren azken zatiari heltzeko une honetan.
Antxustegiren hitzak entzun aurretik hitza hartu du Arabako hautagaitza jeltzalean bigarren tokian doan hautagaiak. Nerea Melgosak ziurtatu duenez “EAJ-PNVk esan dezake eta erakutsi dezake jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman dela azken 15 urteotako gizarte ongizate politiketan. Erreferente gara”. “Egotzi egin digute gizarte zerbitzuen euskal sistema pribatizatu dugula, baina inbertsioa bikoiztu egin da. Mila eta berrehun milioi. Zerbitzu hauen gehiengoa %100ean administrazioak finantzatuta. Pertsonen ongizateak ardura digulako. Herri erantzukizuna dugulako. Inor atzean uzten ez dugulako”, aldarrikatu du.
Azkenik, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak boto baliagarriaz hitz egin du: "Zein da boto baliagarria hemen? Zein da Gasteizko hiriburutzaren aldeko botoa? Zein da Arabako industriak, Arabako landa-eremuak eta Arabako Errioxako ardoak defendatzen dituen botoa? Zein da lurralde hau birika berde eta jasangarri bihurtu nahi duen botoa? Zein da Gasteiz eta Araba Euskadiko eragile nagusi izatea eragin dezakeen botoa? Etorkizuneko erronketarako boto baliagarri bakarra dago: Arabako boto baliagarria, euskal boto baliagarria, Eusko Alderdi Jeltzaleari emandako botoa da". "Daukazuna baloratzen baduzu, lortutakoa bermatu nahi baduzu, aurrera egiten jarraitu nahi baduzu eta Euskadin beti egin dugun bezala hobetzen jarraitu nahi baduzu, pausoz pauso; daukagun guztia arriskuan jarri nahi ez baduzu, boto baliagarria, zure botoa Eusko Alderdi Jeltzalea da", amaitu du Ortuzarrek.
Bideo erlazionatuak...
EBB
2024/04/18
EBB
2024/04/18
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09