Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2024/04/17

“Une latzetan ezagutzen dira pertsonak eta atzo handia izan zinen, Imanol: Lehendakari izan zinen sei hautagairen aurrean”

EAJ-PNVk bere babes osoa adierazi dio Donostian Pradalesi, atzo bertan ETB-2ko debatearen garaile argia izan zenari, erasoa jasan eta hiru ordutara izan baitzen bertan: “Euskadik denon Lehendakaria merezi du, gauzak diren moduan esango dituena eta arazoetatik ezkutatuko ez dena, eta Lehendakari hori Imanol Pradales da”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Pertsonak unerik latzenetan ezagutzen badira, atzo handia izan zinen, Imanol. Egun ikaragarria izan zenuen: sendotasuna erakutsi zenuen erasoan eta hasierako sustoarekin; lasai egon zinen ospitalera iritsi arte, minez egon arren; indarra erakutsi zenuen gertatutako guztia gainditzeko eta erdi itsututa debate konplikatu hartan sartzeko; eta gaitasuna, debatean bikain aritzeko eta seiren kontra neurria emateko. Sendotasuna, lasaitasuna, indarra eta gaitasuna: Lehendakari batek behar dituen ezaugarriak. Eta horixe agertu zen atzoko debatean: Lehendakari fidagarri bat eta beste sei hautagai. Lehendakaria, bat eta bakarra!”. Hitz horiekin sortu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur arratsaldean Donostiako Bulebarrean entzun den txalo zaparradarik beroenetako bat, apirilaren 21eko Euskal hauteskundeetarako EAJ-PNVk egin duen ekitaldian. Ortuzarrekin batera, hitza hartu dute bertan Imanol Pradales Lehendakarigai jeltzaleak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendaburuak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Pello Otxandianok egin zituen zoritxarreko adierazpenak oraindik gogoan eta atzo Barakaldoko mitina bukatutakoan jasan zuen erasoaren ondoren, Pradalesek adierazi duenez “EAJk argi izan du beti historiaren zein alderditan egon behar zuen: demokraziaren, elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen alderdian. Beti izan dugu giza eskubideen urraketen biktima guztiei elkartasuna, aitortza eta erraparazioa emateko konpromisoa, inolako salbuespenik gabe. Eta indarkeria guztiak kondenatu eta gaitzesten ditugu, salbuespenik gabe. Balio horien gainean baino ez dugu etorkizuna eraikiko. Izan ere, memoriaren transmisioa gure belaunaldiari ere dagokion ezinbesteko gaia da”, esan du. Gipuzkoako gizarteari zuzendu nahi izan dion mezu batean, Pradalesek gogorarazi du euskal herritarrek bi ereduren artean erabaki behar dutela igande honetan: EAJ-PNVrena edo EH Bildurena. “Ondo baino hobeto dakizue hori, Gipuzkoan hori jasan duzuelako inposaketaren bidez zaborrak biltzeko sistema bat ezartzea erabaki zenean. Herriari ez zioten iritzia eskatu, ez zioten galdetu ados edo kontra zegoen: gobernura iritsi eta ezarri egin zuten, haiek baitakite ondoen zer behar dugun, zer den ona eta zer txarra. Ezin dugu onartu berriro gertatzerik, erabakia gure esku dagoelako eta erabakia igandean adierazi behar dugu hautestontzietan. Gero, berandu izango delako”, ziurtatu du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak berriro eskatu du euskal gizartearen “konfiantza” Imanol Pradales Ajuria Enera irits dadin: “Konfiantza dut eta konfiantza eskatzen dut. Boto gogoetatsua, kritikoa eta jokoan dagoena baloratzeko gai izango dena espero dut. Boto ezaren aurrean, botoa eskatzen dut EAJrentzat”. “Botoa ematea populismoei, estremismoei eta ezinezkoa dena hitzematen dutenei indarra kentzea da”, azpimarratu du. Azkenik adierazi duenez, “funtzionatzen duen Herri bat dugu gure Gobernu eredua den etengabeko hobekuntza aplikatuz”, eta “aurrez aurre dugu etengabeko ezinegona, protesta eta konfrontazioa astintzen duena; errealitate katastrofista bat aurkezteko mota guztietako agenteak erabiltzen dituena”.

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak “gaur egun zalantzak dituzten pertsonei” hitz egin die. Beraiekin hitz egitea gustatuko litzaiokeela adierazi ondoren, bere hitzaldia erabili du, lehenik eta behin, gurasoen belaunaldiko pertsonengana jotzeko eta “herri hau altxatzea zenbat kostatu den” gogoratzeko.” Asko aurreratu dugu eta lortutakoa ezin da galtzeko arriskuan jarri; ezin dugu hamarkadetan, aurrerapena oztopatzen aritu direnen esku utzi gure geroa”, ohartarazi du. Bere belaunaldiko pertsonei “gure seme-alabentzat nahi dugun etorkizunaz” mintzatu die. “Nik, nirei Euskadi oparoa utzi nahi diet, Euskadi solidarioa, eskubide guztiak defendatuko dituena; Euskadi aske bat, gizon eta emakume librez osatua, eta etorkizunaren eta bere buruaren jabe izango den Herria; eta, benetan diot, Euskadi hau bermatu dezakeen alderdi bakarra Eusko Alderdi Jeltzalea da”, azpimarratu du. Eta gazteei eskatu die “kontuz” ibiltzeko “aitzakiekin eta hitz politekin, benetako asmoak ezkutatu nahi dituzten horiekin”, “batzuen eta besteek aurkezten ditugun proposamenak alderatzeko eta batzuk saltzen duten “ziklo-aldaketa” delako hori zertan gauza daitekeen pentsatzeko” eskatu die. Guztiei “exijenteak” izan daitezela, “inkonformistak” izan daitezela, baina EAJrengan konfiantza izan dezatela eskatu die. “Ez baitizuegu hutsik egingo”.

Ortuzarrek ziurtatu duenez, “azken 48 ikusi eta entzun duguna ikusita, hautagai bakar bat dago Lehendakaritza merezi duena. Eta Euskadik merezi du horien artean Lehendakaria bakar bat izatea. Denon Lehendakaria, gauzak diren moduan azalduko dituena, arazoetatik ezkutatuko ez dena, hiritarrei zuzenean begiratuko diena. Eta pertsona hori, hautagai hori, Imanol Pradales da”. EBBren buruak zalantzan jarraitzen duten pertsonei hitz egin nahi izan die “Otxandianoren adierazpen onartezinak, Imanolen sendotasuna bizi behar izan zuen egoera gogorraren aurrean eta atzoko debatean ikusi eta entzun genituenak nahikoa elementu dira zalantzatiak gure alderdira hurbiltzea eragin dezaketenak, gugana hurbilarazi behar dituztenak. Hauteskunde hauetan asko dago jokoan, bai: nork irabazten duen, gobernua nork eratuko duen… Baina, batez ere, sinbolo bat dago, hurrengo Lehendakaria zein izango den. Inkesten arabera bi aukera daude: Imanol Pradales edo Pello Otxandiano. Eta, ikusitakoa eta entzundakoa ikusita eta entzunda, Imanol da Herri honi ibilbide ona bermatuko diona, bakean, memoriarekin eta elkarbizitzan aurrera egin nahi duen euskal gizartea gorpuzten duena, Euskadirentzat etorkizunerako eta ongizaterako proiekturik onena duena”, amaitu du.

Next Euskadi