Prentsa Aretoa

2024/03/16

Imanol Pradales: “Etorkizun hobea eraikitzera etorri ziren pertsona guztiek Euskadiren garapenaren alde egin duten ekarpena aitortzen eta eskertzen dugu”

EAJ-PNVren Lehendakarigaiak Sestaon berretsi du inklusioarekiko eta Euskadiko aniztasunarekiko konpromisoa “gure ereduaren oinarria delako euskal gizartea denon artean eta denontzat eraikitzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Imanol Pradalesek, EAJ-PNVk Lehendakaritzarako proposatuko duen  hautagaiak, aitortza eta esker ona adierazteko mezua helarazi die gaur “beren esfortzu eta lanarekin Euskadi oparo eta anitza eraikitzeko lanetan lagundu dutenei”. Hautagai jeltzalea gaur goizean izan da Andaluziako egunaren ospakizunean, Sestaon, eta, aurretik, Bilbon izan da Alfonso Castelao idazle, marrazkilari eta galiziar nazionalismoaren sortzailearen omenez Euskadiko Galiziar Zentroen Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak urtero antolatzen duten omenaldian.

Pradalesek gogora ekarri du bere aitite-amama eta birraitite-birramama Burgosetik iritsi zirela XX. mende hasieran “eta, haiek bezala, milaka pertsona etorri ziren Euskadira Galiziatik, Andaluziatik, Gaztelatik edo Extremaduratik, etorkizun hobe baten bila. Herri honen alde esfortzua egin duten pertsonak dira, beren eskuekin Euskadi eraikitzen lagundu dutenak; gure gizartea aberastu duten pertsonak. Gaur, beste behin ere, gure esker ona eta gure aintzatespen osoa, egin duten ekarpenagatik”, ziurtatu du.

Lehendakarigai jeltzaleak ildo beretik defendatu du EAJ-PNVk aniztasunaren eta akordioaren alde egingo duen herri eredua defendatu duela  lehen, eta berdin egingo duela etorkizunean, ezinbesteko gako baitira euskal gizartea bezalako gizarte inklusibo eta demokratikoa eraikitzeko orduan. Euskal gizarte bat, non ezberdintasunak baloratu eta errespetatuko diren eta denok ditugun erronketarako konponbide adostuak bilatuko diren. “EAJ-PNVk beti defendatu du Euskadiko aniztasuna, eta alde batekoekin zein bestekoekin akordioetara iristeko gaitasuna du; horretan datza politika”, azaldu du. Zentzu berean gogoratu du EAJ-PNVren eredua dela “euskal gizartea eraikitzea denon artean eta denontzat. EAJk ez du inor baztertzen edo alboratzen, hala egingo bagenu ez baikenuke gure gizartea errespetatuko. Eta gu, gure gizartearen esanetara gaude”, amaitu du.

Pradalesekin batera Andaluziako Egunaren ospakizunean izan  dira Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailea; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuaren bozeramailea; Ainhoa Basabe, Amaia del Campo eta Karmele Tubilla, Sestao, Barakaldo eta Santurtziko  alkateak, hurrenez hurren, eta EAJ-PNVk apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrenda  doazen Gorka Álvarez eta Beatriz Berlanga.