Prentsa Aretoa

2023/07/27

Ortuzar: “Kontua ez da eskuina geldiaraztea: eskuina EAJk geldiarazi du dagoeneko”

EBBren presidenteak Pedro Sánchezi ohartarazi dionez jeltzaleen bost botoak bere alde izateko “planteamendu global bat egin beharko digu hurrengo lau urte hauek esparru bakoitzean zertarako nahi izango dituen esanez, bereziki Estatuaren lurralde ereduaz eta Euskadik eta Katalunia nazio gisa nola geratuko diren”

rss Ezagutzera eman
Ortuzar: “Kontua ez da eskuina geldiaraztea: eskuina EAJk geldiarazi du dagoeneko”

ARGAZKIA JAITSI

“Une honetan kontua ez da eskuina geldiaraztea. Eskuina geldiarazita dago, EAJk geldiarazi du dagoeneko. Orain gakoa da gure botoek Pedro Sánchezen inbestiduran zertarako balioko duten”. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur aldarrikatu du EAJ-PNVk igandeko Hauteskunde Orokorretan jaso zituen botoen baliagarritasuna. Hauteskundeetan talde jeltzaleak Parlamentuko Taldea eratu ahal izatea lortu zuen baina ez zituen emaitza onak izan. Radio Euskadiri emaniko elkarrizketan Ortuzarrek aitortu du EBBko burukideek “autokritika egin dutela eta egiten jarraituko dutela” maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskundeetako emaitzak ikusita, eta ziurtatu duenez “orain dagokigu estrategia politiko berri bat abian jartzea, euskal hautesleria berriro erakartzeko eta ilusioa berriz ere sortarazteko”.

Ortuzarrek mezu bat bidali izan nahi die iragan igandean “boto baliagarria” emateko helburuarekin bozkatu zutenei. “Ulertzen dut batzuek esatea Hauteskunde Orokorrak ikuspegi espainiarretik aztertu behar direla, baina esango nieke Feijoóri Moncloarako aukera geldiarazi diona EAJ izan dela. EAJk astelehenean Feijoóri esan balio negoziatzeko prest dagoela, gauzak bestela egongo ziren. Horrek erakusten du Espainiako Hauteskundeetan ere EAJri bozkatzea boto baliagarria dela. Balioan jar dezagun gurea moduko alderdiek estatu mailan duten garrantzia”, argudiatu du buru abertzaleak. Ortuzarrek nabarmendu duenez Feijoóri eman zaion ezetzak erakusten duela udalen eta aldundien eraketaz geroztik elikatzen eta kutsatzen saiatu izan diren arren, EAJ-PNVk ez daukala inolako akordiorik Partido Popularrarekin. Iragan astelehenean alderdi biek izan zuten elkarrizketaz, buru abertzaleak ziurtatu du “oso argia” izan zela. “Adeitsua, baina argia, zalantzarik gera ez zedin. Ulertarazi nion, parlamentuko aritmetika ikusita, PPren aukera bakarra dela Vox-ekin bat egitea, eta EAJ eta Vox guztiz bateraezinak gara. Era berean esan nion bere gobernu programaren inguruan eginiko adierazpenak eta atera diren zantzuak EAJk defendatzen duenaren kontrakoak direla, eta horrek ezinezko bihurtzen du gu inbestidura bat negoziatzen esertzea”.

Pedro Sánchezek inbestidura berri baterako eskatzen baditu EAJ-PNV bere bost botoei jarriko dien prezioaz galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin nahi izan du. Lehenengo eta behin buru sozialistari proposatu dio “botoa eman beharko diogunoi arreta jartzeko eta hobeto tratatzeko”. Eta jarraian azaldu du jeltzaleen planteamendua. “Jakin dakigu Sánchezekin inbestidura akordio bat izenpetzea zer den eta bete gabe geratzea zer den ere, beraz, orain Sánchezek berak esan beharko digu gure botoak zertarako nahi dituen. Planteamendu globala egin beharko digu datozen lau urteak esparru bakoitzean zertarako nahi dituen esanez, bereziki Estatuko lurralde ereduaz eta Euskadik eta Kataluniak, bai eta Galiziak ere nazio gisa duten tokiaz, azken honek etorkizunera begira zentzu honetan hurreratu nahi izatekotan. Ikusi baitugu akordio bat izenpetzea, besterik gabe, ez dela nahikoa. Beraz, oraingoan Sánchez izan beharko da, solemnitatez eta formaltasun osoz, gure botoak eskatzeko orduan planteamendu bat egin beharko diguna. Sánchezek ulertu behar du, bigarren aldiz, salbatzaileak euskal eta kataluniar abertzale eta soberanistak izango garela, gauzak toki onera iristen badira. Eta horrela bada, ulertu beharko du errealitate bat dagoela eta erantzun bat eman behar zaiola”.

Azken hauteskundeetako emaitzez galdetuta, Ortuzarrek esan du “kezka handiagoa” eragin ziotela maiatzaren 28koek iragan igandekoek baino. “U23an jakin bagenekien hau gerta zitekeela, eta izan ere Kanpaina osoa eman genuen boto baliagarriarena azaltzen, jakin genekielako zer zetorren. Euskadin indar handi bat dago Espainiako eskuinaren kontrakoa, oso sendoa, eta hautesleriaren parte batek ikusten duenean eskuineko gogorra Gobernura iritsi ahal dela, tropelean ateratzen da kontrakoari botoa ematera. 2008an gertatu zen, 2015ean eta 2016an gertatu zen Podemosekin eta 2023an gertatu da. Maiatzaren 28koak, ordea, zuzenago eragiten zigun, gure gestioa neurtzen eta baloratzen zelako, gure hautagaitzak, eta abstentzio hark kezkatu egin gintuen. Eta, jakina autokritika egin genuela, eta egiten jarraitzen dugu. Oraingoan tokatzen zaigu neurriak hartzea eta estrategia politiko berri bat abiaraztea herritarrak berriro erakartzeko, berriz ere ilusioa sortarazteko eta maiatzean etxean geratu ziren botoak jasotzeko. Baina, berriro esango dut, igandekoa ez da berria eta urak beren bidera itzuliko dira. Konbentzituta nago igandean Euskadin askok eta askok bozkatu zutela Espainian eskuina geldiarazteko, eta hurrengo hauteskundeetan berriro ere euskal esparruan pentsatuko dutela eta, ondorioz, EAJrengan pentsatuko dutela”, amaitu du.