Prentsa Aretoa

2023/05/23

Ezkerraldea da “EAJ-PNVk guztion bizi-kalitatea hobetzeko duen gaitasunaren benetako erakuslea”, esan du Ortuzarrek Barakaldon

Foruen Plazan egin den ekitaldi politikoan, ia mila bat alderdikide eta alderdizale bertan elkartu direla, Urkullu Lehendakariak aldarrikatu duenez, “EAJren eredua eraikitzailea da, positiboa, eta aurrera begiratzen duena”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ezkerraldea da guztion bizi kalitatea hobetzeko EAJk duen egiazko gaitasunaren erakuslerik argiena. Alderdi batek aldaketa erradikala behar zuen eta hondoratze bidean zegoen eskualde oso bati eman ahal dion aldaketaren adibide perfektua. ‘EAJ ereduak’ nola funtzionatzen duen erakusten duen benetako adibideetako bat, EAJk herrien eta pertsonen bizimodua hobetzen duelako”. Hitz hauekin hasi du Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVk gaur arratsaldean Barakaldoko Foruen Plazan egin duen ekitaldi politikoa. Mila bat alderdikide eta alderdizale izan dira bertan, Ortuzarri Amaia Del Campo alkate andre eta alkategaiari, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNVren hautagai Elixabete Etxanoberi eta Iñigo Urkullu lehendakariari entzuteko. Lehendakariak hitza hartzean esan duenez EAJ-PNVren “eredua eraikitzailea da, positiboa, eta aurrera begiratzen duena. Guk, Amaiak, Elixabetek eta gure hautagai guztiek ondo dakite hori, ez dugu aitzakiarik jartzen; guk entzuten dugu, programa bat aurkezten dugu eta hitza betetzen dugu”.

Urteetako ikastetxe izan zuenetik metro batzuetara, Sanfuentes jaioterriko hamar kilometrotik, Ortuzarrek esan du “harro” dagoela, hiritar gisa eta EBBren presidente gisa, Ezkerraldeak, Meatzaldeak eta Enkarterrik EAJ-PNVren eskutik bizi izan duten hobekuntzarekin. “EAJk Ezkerraldea aldatu du. Gure emakume eta gizonak izan dira, gure alkateak, gure alderdikideak. Eta, batez ere, EAJrengan beren konfiantza jarri duten milaka herritarrek. Horietako askok ez zuten EAJren alde bozkatzen, baina probatu egin zuten eta harrezkero EAJren alde bozkatzen dute. Eta, ba al dakizue zergatik? Ez dielako hutsik egin. Hitza bete dugulako”, esan du. “Serantes menditik Metroa ikusten da, Bizkaibusak ikusten dira, BEC ikusten da, Portuko giro bizia ikusten da,errepideak ikusten dira, Ugaldebieta eta Kadagua ikusten dira, enpresak eta fabrikak ikusten dira, nagusien egoitzak, eskola kiroleko zelaiak.... Eta etorkizunera begira ere EAJren konpromiso gehiago ikusten dira: itsasadarraren azpiko zubia, Ezkerraldeko teknologia parkea,

Barakaldo eta Erandio arteko oinezko eta bizikletentzako zubia, Ezkerraldea eta Bilbon bizikleta elektrikoa partekatzeko sistema... Tourra ere ikusten da, Euskaditik egingo den irteera nagusirako kuartel nagusia BECen izango baita, Barakaldon,Ezkerraldean”, zehaztu du buru abertzaleak.

Ortuzarrek erantzun nahi izan die EH Bilduk ahaldun nagusirako aurkezten duen hautagai Iker Casanovak atzo bertan Lehendakariaren kontra egin zituen kritika gogorrei. “Egiten ari diren kanpainarekin ematen du Bizkaia beren zain dagoela, bera aukeratua izateko zain. Bada, jakin ezazue hemen ez dagoela ezer, ez garraio publikorik, ez metrorik, ez egoitzarik, ez saihesbiderik, ezta etxebizitza publiko edo babesturik ere... Ez dago ezer bera ez delako oraindik Batzar Nagusietara iritsi. Proposatu duen azkena izan da teknologia parke bat Zorrotzaurre, Punta Zorrotza eta Burtzeñan. Bada, hori egiten ari dira dagoeneko!”, salatu du burukideak. “Jakin dezala Casanovak, Euskadin, Bizkaian, Ezkerraldean, den-dena asko lehenago hasi zela, eurek nahi ez arren, gainera. Hau dena hasi zen beraiek harrika ari zirenean, bien bitartean guk egunero gure erakundeen pertsianak altxatzen ari ginela, gure tailer eta enpresetako ateak zabaltzen ari ginela. Beraz, leziorik ez dugu onartuko, eta Ezkerraldea ez dago beren zain, ez ditu salbatzailetzat hartzen”, ohartarazi du. Ortuzarrek era berean nabarmendu nahi izan ditu EH Bilduren inkoherentzia argi eta garbi azaltzen dituen bi gertakari. Lehenak eragiten dio “Erriberagoitiako gure hautagaiari, Javi Gallegori, eta asmorik zikinenarekin kritikatu dute, zergatik eta bere denbora librean transformista izateagatik. Orain esan dute ez dela Bildu izan, Bilduko pertsona bat izan dela, eta beraiek kritika matxista eta atzerakoi hori kondenatzen dutela. Baina, orain, bi zalantza geratzen zaizkigu guri: pertsona bat bazen, bere kabuz egin bazuen... bideo txarri hori zergatik egon zen ordu luzetan Bilduren Telegram ofizial batean? Zer egingo dute pertsona horrekin? Edo, pertsona horrek zer egingo du orain? Ez diote eskatuko zerrendetatik ateratzeko edo Bilduko kide izateari uzteko?. Ez al du barkamenik eskatu behar? Ez al du kaltea aitortu behar?”, galdetu du. Eta bigarren gaia: bideo batean agerian geratu da EH Bilduko ordezkari ezagun batek, nomina handia jaso arren, bikotekidearen Babes ofizialeko etxebizitza batean bizi dela,bere jabetzako etxea alokatuta daukan bitartean, diru-sarrera gehiago izateko. “Hori dena egia bada, azalpenen bat eman beharko du, bereziki estatuko Etxebizitza lege berriaren horren defendatzaile sutsu direnean”, salatu du Ortuzarrek.

Gaur arratsaldean Barakaldon egin den ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du EAJ-PNV-ren eredua “eraikitzailea, positiboa eta aurrera begiratzen duena” dela. “Guk entzuten dugu, programa bat aurkezten dugu, hitza betetzen saiatzen gara. Guk ez dugu gure eredua egonkortzeko urte gehiago eskatzen. EAJ-ren ordezkariak ez ditut kaleetan aitzakiarik jartzen ikusten. Kontrakoa egiten dugu. Duela lau edo zortzi urte hasitakoa gehiago garatzen jarraitu nahi dugu. Barakaldo, Ezkerraldea-Meatzaldea, Bizkaia... Euskadi hobetzen jarraitu nahi dugu”, gehitu du. Urkulluk bi eredu kontrajarri ditu: “gure ereduaren aurrean zer dugu? Pankartaren eredua? Ez, eskerrik asko! Liskarraren eredua? Ez, eskerrik asko! Hazkundea, industria, gizarte kohesioa, lana eta aurrera begiratzen duen eredua garatzen jarraitu nahi dugu”, aldarrikatu du.

Elixabete Etxanobek, Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiaren burutzan utziko duen lekukoa hartzeko aurkezten den hautagaiak, gaur aldarrikatu du igandean jokoan egongo dela “bizi kalitatea hobetzen duten eta Bizkaian enplegua sortzen duten proiektu ilusio sortzaile horiek guztiak burutuko diren ala ez”, eta nabarmendu du EAJ-PNVren aldeko botoa baino ez dela proiektu horiei guztiei ‘baietza’ ematea. Gainerako guztia ‘ezetza’ esatea delako. Metroari ‘ez’ esan ziotenei bozkatzea, BECari ‘ez’ esan ziotenei. Guggenheim museoari ‘ez’ esan ziotenei. Aurrera egitea den guztiari ‘ez’ esaten diotenei”. Eta, oraindik ere “‘ez’ esaten jarraitzen dutenei”; “‘ez’ esaten diote Rontegiko ataskoekin amaituko duen tunelari, ‘ez’ Teknologia Parkeari, 2000tik gora enplegu sortuko diren arren; ‘ez’ Bizkaiaren etorkizuna bermatzen duten proiektuei”, azaldu du. Eta betiereko ezetzaren aurrean “hautestontziak bete egin behar ditugu eraikitzen duten botoekin, bizi-kalitatea hobetzeko botoekin, enpleguaren botoekin eta pertsonak hobeto zaintzeko botoekin”. “Horixe da igandean erabakiko dena; erakundeek jarrai dezaten garrantzitsuena den horretan lanean, edo, ‘denari ez’ horretan eror daitezen”, laburbildu du EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu baino lehen.

Amaia del Campok Barakaldoko alkate andre eta berriz aukeratua izateko aurkezten den hautagaiak, tokiko gaiei heldu nahi izan die Barakaldoko Foruen Plazan egin den ekitaldian, eta Etxanoberekin bat egin du “batzuei edo besteei bozkatzea” gauza bera ez dela esatean. “Igandean asko daukagu jokoan. Proiektu honen funtsa (EAJ-PNV Barakaldori eskaintzen dion egitasmoarena) ez da EAJko kidea izatea edo ez izatea, siglek ez dute horrenbesteko garrantzirik, pertsona guztiak sartzen baitira, gure herrikideak defendatzeko prest dauden guztiak, Barakaldoko izateaz harro sentitzen direnak”. “Igandean, jarraitu du, erabakiko dugu iraganera itzuliko ote garen edo etorkizunerantz aurrera egiten jarraituko dugun, orain arte bezala, elkarren eskutik, batera. Horregatik, garrantzitsuena da hilaren 28an den-denok botoa ematera joan gaitezela gure herriaren alde egiteko. Boto bakoitza behar da, boto bakoitza da garrantzitsua”, aldarrikatu du.