Prentsa Aretoa

2023/04/01

EAJ-PNVk “erantzukizunean oinarritutako estilo propioa” eskaintzen duela aldarrikatu du Elixabete Etxanobek

Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak Gatikan ziurtatu du hiritargoak alderdi jeltzalea aurkituko duela “arreta guztia “garrantzizkoenean” jartzen, “gure gizartearen beharrei erantzuten”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Hurrengo hauteskundeetan erabakiko dugu hurrengo urteotan zer nolako erakundeak izango ditugun; gure udalak eta gure Aldundia. Zarataren eta agintzen dena bete gabe uztearen ereduaren aurrean guk eredu propioa eskaintzen dugu; erantzukizunezko eredua”. Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusigaia eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Gatikan izan da gaur goizean, EAJ-PNVk maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaiekin Mungialdeko Alderdikide Egunaren kariaz antolatu den ekitaldian.

“Politika ona da seriotasunez kudeatzea, gure gizartearen beharrei erantzunez”, ziurtatu du Etxanobek “alderdi honek betidanik egin izan duen moduan”, aldarrikatu du. “Ez gaituzue zalapartaren politikan aurkituko; hori ez da gure estiloa. Guk garrantzizko den horretan jarraituko dugu arreta, eta Bizkaiko eskualde guztietan egingo dugu, udalekin elkarlanean, zuekin guztiokin”, aurreratu du.

Gaurko ekitaldi jendetsuan batu dira Gatikako pilotalekuan EAJren 250 alderdikide eta alderdizale. Bertan izan dira Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Jane Eyre Urkieta, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua (eskualde horretako udalerriak barne hartzen ditu), Jesus Lekerikabeaskoa, Leixuri Arrizabalaga, Ana San Nicolás eta Aitor Landa, BBBren burukideak; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, eta Iñigo Iturrate, Ainara Zelaia eta Jon Aiarza legebiltzarkideak.

Halaber, bertan izan direnen artean aipamen berezia izan dute Mungialdeko eskualdean EAJ-PNVk aurkeztuko dituen zerrendaburuek. Hauek dira Aitor Agirre (Arrieta), Gorka Uriarte (Bakio), Ane Legarretaetxebarria (Fruiz), Ana Rubio (Gamiz-Fika), Gorka Elgezabal (Laukiz), Erlantz Urresti (Maruri-Jatabe), Alaitz Erkoreka (Mungia), Mikel Baraiazarra (Meñaka) eta Onintze Amezaga, Gatikako egungo alkatea eta berraukeratzera aurkezten dena. Onintze Amezagari, hain zuzen, anfitrioi lana egokitu zaio gaurko ekitaldian. “Lantalderik onena gara, familiarik onena”, nabarmendu du Amezagak. “Familia aipatu dut eta, termino zabal horretan, burura etortzen zaizkit erantzukizuna, zintzotasuna, zuzentasuna, egia eta ama, aita, amama eta aitaitek irakatsi dizkiguten balore horiek guztiak, txiki-txikitatik ikasi ditugunak. Horixe gara gu, EAJ-PNV osatzen dugunok; aberrigintza- eta herrigintza-lanetan buru belarri murgilduta gaudenok, egunez egun ilusioz beteta eta kemen guztiarekin lan egiten dugunok gure herrikideentzat ahalik eta etorkizunik onena lortzeko”, azaldu du.

Gaurkoa izan da Bizkai Buru Batzarrak eskualdeka egin dituen halako azken ekitaldia. Lehena Balmasedan egin zuen joan den otsailean. “Udalerri asko, hautagai asko, eta, ilusioa baino, pasioa da hautagai guzti hauek transmititzen dutena”, laburbildu du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak ekitaldiaren amaierako hitzak esatean. “Egon zirenei, daudenei eta egon direnei” dedikatu dizkie Atutxak esker onik zintzoena emateko hitzak eta azpimarratu du EAJ-PNVk hiritargoari eskaintzen dizkiola berriz “hautagaitzarik onenak, pertsonarik onenak; guk konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna eskaintzen dugu”, baieztatu du. Era berean nabarmendu nahi izan du Mungialdeko udalerri bakoitzak “bere agenda propioa” duela, herri bakoitzerako programa bat, herriz herri egin den partaidetzazko prozesuetan, lanean eta analisian, baina marko komun baten barruan. Gatikari ondo badoakio, Mungialde osoari ondo joango zaio, bai eta Bizkaia eta Euskadi osoari ere”. Hori bai, “zuena da erantzukizuna, erakundeetatik bermatu behar duzue zuen herrikideen ongizatea”. Baina “jakin ezazue ibilbide luze horretan ez zaretela bakarrik egongo. Alderdi gisa lan erraldoia daukazue eta daukagu. Zain ditugu momentu onak eta momentu txarrak. Baina Alderdia izango duzue ondoan. EAJ gara. Geurean taldean lan egiten dugu, taldean bizi gara eta taldean sentitzen dugu. Denok”, hitzeman du.