Prentsa Aretoa

2015/05/12

Rementeria: “Bizkaitarrek jakingo dute nora doan euren zergen azken zentimoa ere”

Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai jeltzaleak martxan jarriko ditu ‘Bizkaia zabaltzen‘ eta ‘Bizkaia zeugaz‘ gardentasuna eta parte-hartze programak.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Unai Rementeria Barakaldon
    2015/05/12

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Bizkaiko Ahaldun Nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaiak, Unai Rementeriak, Barakaldon egindako ekitaldi batean hartu du parte gaur. Bertan aurkeztu ditu kudeaketan gardentasun arloan eta herritarren parte-hartzean hartu dituen konpromisoen oinarriak. “Bizkaitarrek jakingo dute nora doan euren zergen azken zentimoa ere. Demagogiarik gabe. Horretan sinesten dugulako egiten dugu. Herritarrek jakiteko eskubidea dutelako eta guk kontuak emateko beharra dugulako”, adierazi du.

“Ilusioa dakarren belaunaldi berri bat gara, EAJko gizon-emakumeak bereizi izan dituen kudeatzeko gaitasunarekin. Beste politika bat egingo dugu. Kudeaketa bikaina eta kudeaketa irekia. Horixe da gure formula. Bizkaiko gizarteak kontuak ematea eskatzen digu. Parte hartu nahi du. Aldundi eraginkorragoa eskatzen du, gardenagoa eta gertuagoa. Eta eman egingo diogu”, gaineratu du EAJko hautagaiak.

Unai Rementeriak gogorarazi du jeltzaleek dagoeneko parte-hartze prozesua egin dutela -BizkaiaGO!- eta horren baitan, urte batean zehar ideologia guztietako eta gizarteko arlo guztietako 1.152 pertsona entzun dituztela. Horien guztien ekarpenak hauteskunde-programan sartu izan dira. Eta parte-hartze hori ‘Bizkaia zeugaz’ programaren bidez Bizkaiko Foru Aldundira eramateko konpromisoa hartu du.

Programa horrek parte-hartze eredu egituratua jarriko du martxan, erantzukizun partekatuan oinarrituta, sistematizatuta eta foru sail guztietarako bakarra. Gizarte-eragileekin harremana eta udaletxeena bere baitan hartuko dituen eredua da eta parte-hartzearen lege-oinarri bezala balio izango duen arauen garapena ekarriko du. Gainera, herritar guztientzako zabalik dagoen parte-hartze ataria sendotuko du.

Hautagai jeltzaleak esan duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko egungo gardentasun kotak altuak badira ere, (97,5 puntu 100etik, ‘Transparencia Internacional’ erakundeak egindako azken txostenaren arabera), adierazle hori etangabe igotzeko lanean jarraituko du ‘Bizkaia zabaltzen’ programaren bitartez. Programa horrek gobernu ekintzaren eta administrazio jardunaren inguruko informazioa hurbilduko die herritarrei.

Hautagai jeltzaleak garatzeko konpromisoa hartu duen bikaintasun kudeaketaren oinarrian sei ardatz nagusi izango dira. Lehendabizikoak, eraginkortasunarena eta arrazionalizazioarena, Aldundiko eta bere menpeko erakundeetako eguneroko gastuaren murrizketa dakar, baita

foru erakundeak erositako hornikuntzetan kostuak murriztea ahalbideratu duen erosketa-zentral bat sortzea ere, nahi duten Bizkaiko udalerri guztiek parte-hartzeko aukera izango dutelarik.

Bigarren ardatza planifikazio, ebaluazio eta kalitatearena da. Horren baitan Aldundiak herritarrekin dituen konpromisoak azaltzeko legegintzaldi-plan bat egingo du. Plan horren betetze-maila urtero eta legegintzaldiaren amaieran neurtuko da. Era berean, kudeaketaren lehendabiziko hilabetetan, garatu nahi diren plan sektorialen egutegi bat zehaztuko da. Planak egiteko, arlo bakoitzean garrantzitsuak diren eragileekin parte-hartze estrategia bat hartuko da oinarritzat. Plan sektorialak ere urtero eta bukaeran neurtuko dira eta hartzaileen asebetetze balorazioa ere egingo da.

Herritarrei arreta eta informazioaren ardatzaren baitan, Aldundiaren arreta-leihatilak sortuko dira Bizkaiko eskualdetako udalerri-buruetan. On-line bideen erabileran aurrerapausoak emango dira ere herritarrak informatzeko, besteak beste.

E-administrazioa laugarren ardatza da. Bere baitan garatu beharreko lanaren barruan, interoperabilitatean lanean jarraituko da, beste erakunde batzuekin elkarlanean, herritarrei tramiteak errazteko jada beste erakunde batzuen esku dagoen dokumentazioa ematea eskatu gabe.

Bosgarren ardatza zergen kudeaketari dagokio eta horren barnean zerga-iruzurraren aurkako urteroko planak indartuko dira. Erakundeen arteko elkarlana eta harreman estrategikoak azken ardatza dira. Horretan, udalerriekin eta eskualdeekin, Eusko Jaurlaritzarekin, unibertsitateekin eta aireportuarekin eta Bilboko Portuarekin harremanetan eta elkarlanean sakontzea du helburu. Baita elkarteekin harreman estrategikoa sortu elkarlan publiko-pribatua bultzatzeko.