Aberri Eguna 2019
Posta Bidezko Botoa

Prentsa Aretoa

2015/02/14

Unai Rementeria: “Ohore handia da ahaldun nagusirako hautagaia izatea”

Abokatu ekonomilaria da, Deustuko Unibertsitatean ikasia, Zuzenbide Administratiboan eta Hirigintzan diplomatua, Mundakako alkate ohia, legebiltzarkide ohia, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza diputatua da gaur egun -bozeramailea ere bada-, txistularia, Athletik-eko bazkidea, ezkondua eta bi semeren aita, Unai Rementeriak izen-abizenak jarri dizkio Bizkai Buru Batzarrak Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren tokian utziko duen lekua betetzeko aurkeztu duen proposamenari.

rss Ezagutzera eman
Unai Rementeria: “Ohore handia da ahaldun nagusirako hautagaia izatea”

ARGAZKIA JAITSI

“Pertsona arrunta, erabat arrunta", erantzun ohi du Unai Rementeria Maizek (Mundaka, 1973-8-10) nor den galdetzen diotenean. Abokatu ekonomilaria da, Deustuko Unibertsitatean ikasia, Zuzenbide Administratiboan eta Hirigintzan diplomatua, Mundakako alkate ohia, legebiltzarkide ohia, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza diputatua da egun -bozeramailea ere bada-, txistularia, Athletik-eko bazkidea, ezkondua eta bi semeren aita, Unai Rementeriak izen-abizenak jarri dizkio Bizkai Buru Batzarrak Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren tokian utziko duen lekua betetzeko aurkeztu duen proposamenari.

Lanean zein politikagintzan ibilbide luze eta oparoa egin duen arren, Rementeria Mundakan ezaguna da Mari Tereren semea delako, baina batez ere Sabinaren loba delako, Kale Nagusiko Goikoa tabernakoa, non egunkariak eta aldizkariak ere saltzen ohi ziren. Udan arduratzen zen egunkariak saltzeaz eta kafeak zerbitzatzeaz. Hura izan zen Lehendakaritza diputatu denaren lehen lanpostua: "Gurean udako oporrik ez; lan egin beharra zegoen", gogoratzen du. Hunkitu egiten du oraindik Sabina izekoa gogoratzean, "nire bigarren ama, lanean hil zen". "Zenbat eta zenbat dira horren gazte hil zirenak, sekula oporrik izan gabe; herrietan dirua lan gogorra eginez lortu da".

Marilo Gaubekaren ikastolan hasi zen (gaur egun haurreskola izango litzatekeena), baina sei urterekin Bermeoko ikastolan eskolaratu zen, Mundakako eskola publikoan gaztelaniaz baino ez zelako irakasten. Ikasle ona izan dela aitortu du, eta umetan gustuko zuen telebistan ekonomiari buruzko albisteak ikustea. "Izeko izan zen abokatu izateko esan zidana. Eta abokatu lana berez oso gustuko ez banuen ere, abokatu ekonomilariaren lanak bai erakarri ninduela. Hirigintza eta arkitektura ere ez nituen bazterrean uzten". 18 urterekin Bilbora joan zen Deustuko Unibertsitatean ikastera. Karrerako lehen ikasturtea gelak alokatzen zituen emakumearen pisuan bizi zen, Deustuko Luzarra kalean; bigarrena, etxebizitza alokatuan, beste ikaskideekin: "Han ikasi nuen garbitzen, jatekoa egiten eta, batez ere, hurkoa errespetatzen. Elkarbizitza gogorra da. Garai hartatik datorkit entsaladak eta tortillak egiteko dudan trebezia. Hori bai, ostiralero ziztu bizian joaten nintzen etxera, Mundakara. Unibertsitatea eta etxea amak eta izekok ordaintzen zidaten tabernan ateratzen zutenarekin; Pedro osabak ere, ezkongabe zegoen eta Bermeoko gasolindegia ustiatzen zuen, eta Josu anaiak ere (bi urte nagusiagoa)". Gasolina saltzen ere ibili zen Rementeria bere gazte denboran.

Arzalluz, Lidón, Erkoreka eta Zuluetaren ikaslea

Deustuko Unibertsitatean irakasle izan zituen Xabier Arzalluz, José María Lidón (irailera bota zuen Zigor Zuzenbidean eznahiko jarrita), Josu Erkoreka (Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea), Juan Churruca (Ardanza Lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailburua), Antonio Basagoitiren izeba eta César González de Heredia, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundian Funtzio Publiko Departamentuko zuzendaria dena. Zuzenbide eskoletan ezagutu zuen Saioa emaztea, bera ere abokatua. Unibertsitatea amaitutakoan eta bere lehen lana aurkitu bitartean ingelesa eta frantsesa ikasi zituen (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du). Zuzenbide Administrazio Masterra egin zuen HAEEn eta praktikak Amorebieta-Etxanoko Udalan egin zituen. Praktika Juridiko Masterra egin zuen Bizkaiko Abokatuen Elkargoan (Arantza Zulueta, gaur egun preso dena, bere irakasleetako bat izan zen) eta praktikak egin zituen Bermeoko kontsumo bulegoan. Praktikak aldia amaitzeko zorian, Nabarnizeko Udalean idazkari-kontu-hartzaile plaza lortzeko azterketa egin zuen (EH Bildu dago gobernuan eta harreman ona du oraindik alkatearekin eta hainbat zinegotzirekin) eta 1999ko maiatzean bitarteko funtzionario plaza atera zuen 4. hizkuntz eskakizunarekin.

Bere curriculum vitaeak agerian uzten du sektore pribatuan 8 urtez lan egin izanak eman dion eskarmentua. Rementeriak Zuzenbide Administratiboko lana egin zuen Sanz&Saiz Bulegoan (1999-2002) eta gero Ibarrondo&Lamikiz Bulegoan aritu zen Zuzenbide Administratiboko abokatu gisa (2002-2007). “Etorkizun oparoa izango zuen abokatu gisa, baina bokazio politikoak lanbideak baino indar handiagoa zuen berarengan", esan du Fernando Lamikiz azken bulego honetako bazkide eta urte haietan Rementeriaren nagusi zenak. 1999 eta 2007 urte bitartean hainbat udalentzat aholkularitza lana egin zuen Hirigintza, Ingurumen eta Zuzenbide Administratibo alorretan. 2007tik 2008ra bitartean Euskal Trenbide Sarea enpresa publikoko departamentu juridikoko abokatu izan zen, eta 2008an Bizkailur sozietate publikoko (gaur egun Azpiegiturak) abokatu.

Politika zainetan darama mundakar biren eraginari esker: Kepa Ormaetxea, Kepa Baba, eta Martintxu abadea, gaur egun Ekuadorreko misioan lanean dabilena. Lehena, alkate zelarik, EGI taldearen inguruan zebiltzan gazte batzuk hartu eta herrian hainbat lan egiten jarri zituen, besteak beste mendiak garbitzea, antzerkia, musika... "Nire bi erreferenteak izan dira, herriaren alde egiten zutelako ordainean ezer eskatu gabe. Politika lanak herriagatik erakartzen nau, herria hobetzeko modua delako. Euskadiko hiru parlamentuetan izan naiz (udala, Eusko Legebiltzarra eta Aldundia) eta ezin dut gehiago eskatu. Inor arazoren batekin bulegora etortzen zaidan guztietan gauza bera esaten dut: ez dizut baietza edo ezetza emango, baina bai aginduko dizut saiatu egingo naizela". 2009ko urrian piratek Somaliako kostaldean 47 egunez bahituta izan zuten Alakrana atunontziko arrantzaleen familiekiko erakutsi zuen hurbiltasuna oso ondo baloratua izan zen orduko garai latzetan. 

Independente gisa hasi zen politikan

Bere lehen esperientzia politikoa 1999 urtean iritsi zitzaion. Urte hartan Mundakako EAJ-PNVren hautagai zerrendan aurkeztu zen independente gisa (talde jeltzalean 2001 urtean alderdikidetu zen). Hirigintza zinegotzi eta Mundakako alkateorde izan zen 1999 eta 2007 urte bitartean. Alkate izan zen 2007 urtetik 2013 urtera bitartean. EUDEL erakundeko herrialde batzordeko kide ere izan zen (2007-2010). 2009ko apirilean Eusko Legebiltzarkide egin zen (2011 urtera arte) eta ordutik aurrera politika izan du lanbide. 2011ko udal eta foru hauteskundeetan batzarkide eta EAJ-PNVren bozeramaile izan zen Bizkaiko Batzar Nagusietan. 2013ko urtarriletik aurrera Lehendakaritzako diputatua da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea. EAJ-PNVren barruan Aberri Batzarreko kide izan da eta Andoni Ortuzar, "politikagintzan dudan erreferenterik handienetakoaren", presidentea zelarik Bizkai Buru Batzarreko burukide izan da 2008 eta 2012 bitartean. 

Bizkaiko larrialdi sistemaren eta suhiltzaileen arduradun nagusi denez geroztik, Bermeoko parte zaharraren zati handi bat hartu zuen sutean izan da lehen lerroan lanean, eta herrialde osoan izan diren azken uholdeetan ere izan da. Esku artean izan dituen lan handien artean daude Bizkaiko udalak eguneratzea eta administrazio elektronikora egokitzea, Udal Legea, Aldundian gardentasun politikak bultzatzea eta Bizkaiko udaletako finantzak bide onean jartzea. 

Musika eta surfa, txanpon baten alde biak

Rementeriak korrika egiten duen bitartean ikusi ohi du eguzkia irteten, ezkerreko olatu entzutetsua duen Mundaka herrian. Baina errementariaren etxean gertatu ohi denez... "Ez dut surfik egiten, eta hori izan daiteke nire frustraziorik handienetakoa; hamar urte beranduago jaio izan banintz eta izekoren tabernan ibili beharrean denbora gehiago izan banu, agian... Ez dakit, baina bai nahiko nukeela nire semeek ikastea", aitortu du itsasozale amorratu honek. Biziki maite du itsasora lagunen itsasontzietan irtetea, eta Mundaka Arraun Taldeko eta Mundakako Atorrak elkarteko bazkidea da. Whatsapp eta Facebooken jarri duen argazkian erakusten du Mundakako ezkerraldeko olatu on bat (Twitter ere erabili ohi du, @urementeria). Musika da bere zaletasunik handienetakoa. Txistua (maite du Pili Ruiz, Pili Txistu -"txistua jotzen irakasteaz gain, printzipioak eta baloreak irakatsi zizkiguna"-, eta orain semeei irakasten die) eta klarinetea jotzen ditu eta kalejiretako ohiko kidea da, nahi lukeen bestetan entseguetara joaterik ez duen arren. Orain dela gutxi ukelelea erosi du Aratusteetan irteteko. “Musikak kezkak uxatzen laguntzen du eta gogo onez jartzen zaitu", azaldu du. Spotify zerrendan era guztietako taldeak ditu: AC-DC, U2, Bruce Springsteen, Coldplay, TheUski’s edo Ken Zazpi eta Benito Lertxundi. Dena dela, autoan, hirugarren eskuko "todoterrenoan", jaun eta jabe dira Txirri, Mirri eta Tixiribiton eta Pirritx eta Porrotx. “Ez dago zereginik, agintea txikiena da", aitortu du erdi etsita erdi barrezka. Irakurzale amorratua, bereziki eleberri historikoak ditu gustuko. Une honetan esku artean du Robert Fisher idazle estatubatuarraren Armadura herdoildua zuen Zalduna. Jatekorik gogokoena legatza begihandiekin, "Mundakan ezin hobeto egiten da", eta gaztak zoratu egiten du. Plan ezin hobea da beretzat familiarekin egotea, herrian, lagunartean, garagardoren bat hartzea, "alkoholik gabe", edo esku pilota partida ikustea. "Pertsona arrunta naiz, erabat arrunta", azpimarratu du.

Aberri Eguna 2019
Next Euskadi
Alderdi Eguna 2018